lunes, 27 de junio de 2011

2011/07/03 - Urteko 14. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko uztailaren 3a

Urteko 14. igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Hara, badatorkizu zeure erregea, apal dator.

Zakarias 9, 9-10

Honela dio Jaunak:
Poztu biziro, Sion hiri eder!
Egin irrintzi, Jerusalem hiriburu!
Hara, badatorkizu zeure erregea:
zuzen eta garaile dator,
apal eta asto baten gainean,
astakume baten gainean.
Berak hondatuko ditu
Efraimgo guda-gurdiak
eta Jerusalemgo zaldiak;
hautsiko ditu guda-uztaiak,
eta bakea iragarriko die nazioei;
itsasotik itsasora aginduko du,
Eufrates ibaitik
lurraren bazterreraino.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 144, 1-2. 8-9. 10-11. l3cd-14 (R.: cf. 1)

R.
Zure izena beti bedeinkatuko, ene errege.

Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
zure izena beti bedeinkatuko.
Egunero bedeinkatuko zaitut,
zure izena beti goretsiko. R.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R.

Gorets zaitzatela, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinka zeure fededunek.
Aipa bezate zure erregetza ospetsua,
mintza bitez zure ahalmenaz. R.

Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala bere egintza guztietan.
Erortzear direnei Jaunak die eusten,
lur joak ditu altxatzen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.

Erromatarrei 8, 9. 11-13

Senideok:
Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena. Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.
Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko. Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mt 11, 25

Aleluia, aleluia.
Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta
jende xumeari agertu. Aleluia.

EBANJELIOA

Gozoa eta bihotz-apala naiz.

+ Mateo 11, 25-30

Behin batean, Jesus honela mintzatu zen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu.
Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.
«Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak.
«Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni, eta aurkituko duzue bizitzarako atsedena; eramanerraza baita nire uztarria eta arina nire zama».

Jaunak esana.

domingo, 26 de junio de 2011

2011/07/01 - Jesus Bihotz Santua (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko uztailaren 1a

Jesus Bihotz Santua (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunak atsegin izan eta hautatu zaituzte.

Deuteronomioa 7,6-11

Egun haietan, Moisesek israeldar guztiak bildu eta esan zien:
«Jaunarentzat zeuen Jainkoarentzat sagaraturiko herri zarete: berak hautatu zaituzte munduko herri guztien artean bere herri, bere jabego berezi, izateko.
«Jaunak atsegin izan eta hautatu bazaituzte, ez da, ez, herririk handiena zaretelako – txikiena zarete eta, izan ere –, baizik eta maite zaituztelako eta zuen arbasoei eginiko zin-hitza bete nahi izan duelako; horregatik, hain zuzen, atera zaituzte ahalmen handiz esklabotzatik eta Egiptoko faraoiaren menpetik askatu.
«Aitor ezazue, beraz, Jauna zeuen Jainkoa dela egiazko Jainkoa: Jainko leiala, maite dutenei eta beraren aginduak betetzen dituztenei itun-hitza gorde eta onginahia mila belaunaldiz agertzen diena; gorroto diona, berriz, zuzen -zuzenean ordaina eman eta suntsitu egiten du, luzatu gabe ematen dio ordaina.
Bete, bada, gaur ematen dizkizuedan agindu, lege eta erabakiak».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 102, 1-2. 3-4. 6-7. 8. 10 (R : 17ab)

R.
Jaunaren maitasunak sekulako dirau
begirune diotenentzat.


Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ene barren osoak haren izen santua!
Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ez bitza ahaztu haren mesedeak! R.

Erru guztiak barkatzen dizkit,
gaitz guztiak sendatzen;
bizia Herio Leizetik ateratzen dit,
maitasun eta errukiz inguratzen nau. R.

Jaunak justizia egiten du,
zapalduen eskubideak defendatzen.
Bere egitasmoak adierazi zizkion Moisesi,
bere egintza handiak israeldarrei. R.

Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala,
ez digu ordaintzen geure erruen arabera. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak maite izan gaitu.

1 Joan 4,7-16

Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa.
Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita. Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun.
Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna.
Ene maiteok, Jainkoak horrela maite izan bagaitu, guk ere maitatu egin behar dugu elkar.
Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; elkar maitatzen badugu, Jainkoa gurekin bat eginik dago eta beraren maitasuna bere betera iritsi da guregan.
Jainkoa eta gu elkarrekin bat eginik gauden seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.
Eta guk ikusia dugu eta aitortzen Aitak Semea bidali zuela munduaren salbatzaile.
Jesus Jainkoaren Semea dela aitortzen duenarengan dago Jainkoa eta hura Jainkoarengan.
Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak digun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 11,29ab

Aleluia, aleluia.
Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik,
- Jaunak dio -,
gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni. Aleluia

EBANJELIOA

Gozoa eta bihotz-apala naiz ni.

+ Mateo 11,25-30

Behin batean, Jesus honela mintzatu zen: «Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna, gauza hauek jakintsu eta ikasiei ezkutatu dizkiezulako eta jende xumeari agertu.
Bai, Aita, goretsia zu, horixe izan baituzu gogoko.
«Nire Aitak nire esku utzi du dena. Eta inork ez du Semea ezagutzen, Aitak baizik; ezta Aita ere inork ezagutzen, Semeak baizik eta Semeak agertu nahi dionak.
«Zatozte niregana, nekatu eta zamatu guztiok, eta neuk emango dizuet atseden. Hartzazue nire uztarria eta ikasi niregandik, gozoa eta bihotz-apala bainaiz ni, eta aurkituko duzue bizitzarako atsedena; eramanerraza baita nire uztarria eta arina nire zama».

Jaunak esana.

2011/06/29 - San Pedro eta San Pablo, apostoluak (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko ekainaren 29a

San Pedro eta San Pablo, apostoluak (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Orain bai dakidala Jaunak, ni Herodesen eskuetatik askatu zuela.

Eginak 12,1-11

Aldi hartan, Herodes erregea eliz elkarteko batzuei gogor erasotzen hasi zen. Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen eta, hori juduei atsegin zitzaiela ikusirik, Pedro ere preso hartu zuen. Pazko-astea zen. Atxilotu eta kartzelan sarrarazi zuen, bada, eta launa gudariko lau talderen zainpean jarri, Pazko ondoren herriaren aurrean agerrarazteko asmotan. Pedro kartzelan zaindua zeukaten bitartean, eliz elkartea Jainkoari otoitzean ari zitzaion kartsuki haren alde.
Herodesek hura atera behar zuen aurreko gauean, Pedro lo zegoen bi soldaduren artean, bi katez loturik, eta guardiak atean kartzela zaintzen. Bat-batean, Jaunaren aingerua agertu eta gela guztia argiz bete zen. Aingeruak, saihetsean ukituz, Pedro esnarazi eta esan zion: «Jaiki, bizkor!» Bat-batean, kateak eskuetatik erori zitzaizkion. Gero, aingeruak esan zion: «Lotu gerrikoa eta jantzi oinetakoak». Hala egin zuen, eta aingeruak, berriro: «Jantzi soingainekoa eta jarraitu niri».
Pedro haren ondoren atera zen; ez zekien aingeruaren bitartez gertatzen ari zena egia zen ala ez; ametsa zirudion. Lehenengo eta bigarren zaintzaile-taldeen ondotik igarota, kalera zeraman burdinazko ateraino iritsi ziren. Atea berez zabaldu eta kanpora irten ziren. Kale bat igaro ondoren, aingeruak bakarrik utzi zuen Pedro.
Gertatuaz jabeturik, Pedrok esan zuen: «Orain bai dakidala Jaunak bere aingerua bidali duela, ni Herodesen eskuetatik eta judu-herriak niretzat zituen asmoetatik askatzera».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 4-5. 6-7. 8-9 (R : 5b) (33, 1-2. 3-4. 5-6. 7-8 (R : 4b))

R.
Jaunak beldur guztietatik libratu ninduen.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz;
entzun bezate apalek eta poztu. R.

Handietsi nirekin batera Jauna,
gora dezagun elkarrekin haren izena.
Jaunarengana jo nuen eta hark erantzun,
beldur guztietatik libratu ninduen. R.

Hari begiratzen diotenak argi-argi egongo dira,
ez zaie aurpegia lotsaz gorrituko.
Dohakabe honek dei egitean, Jaunak entzun
eta larrialdi guztietatik atera zuen. R.

Zaindari dago Jaunaren aingerua
begirune diotenen inguruan, arriskuetatik ateratzeko.
Dasta eta ikus zein ona den Jauna:
zorionekoa berarengan babesa duena! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa.

2 Timoteori 4,6-8.17-18

Anai maitea:
Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua. Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena.
Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, baita haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.
Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik.
Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan! Amen.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 16,18

Aleluia, aleluia.
Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza;
eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko. Aleluia.

EBANJELIOA

Pedro zara zu, Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut.

Mateo 16,13-19

Garai hartan, Feliperen Zesareara iritsi zenean, galdera hau egin zien Jesusek bere ikasleei:
–Gizonaren Semea nor dela dio jendeak?
Haiek erantzun:
–Batzuek Joan Bataiatzailea dela; beste batzuek Elias; besteek Jeremias edo profetaren bat.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Simon Pedrok erantzun:
–Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea.
Orduan, Jesusek esan zion:
–Zorionekoa zu, Simon, Jonasen semea, hori ez baitizu hezur-mamizko inork agertu, zeruko nire Aitak baizik. Eta nik hau diotsut: Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure eliza; eta herioaren indarrak ere ez du menderatuko.
Jainkoaren erreinuko giltzak emango dizkizut; zuk mundu honetan lotua zeruan ere loturik geldituko da, eta zuk mundu honetan askatua zeruan ere askaturik geldituko da.

Jaunak esana.

lunes, 20 de junio de 2011

2011/06/26 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko ekainaren 26a

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Zuen arbasoek ezagutu ez zuten mana jaten eman dizuena.

Deuteronomioa 8, 2-3. 14b-16a

Moisesek israeldar guztiak bildu eta esan zien:
Gogoratu Jaunak zeuen Jainkoak basamortuan berrogei urte hauetan eginarazi dizuen bidea: egoera latzean jarri zintuzten probatzeko, zuen barne-asmoak ezagutzeko eta bere aginduak beteko zenituzten ala ez jakiteko.
Behar gorrian jarri zintuzten, gosea pasarazi eta mana eman zizuen jaten, ez zuek, ez zuen arbasoek, ezagutzen ez zenuten janaria, zuei jakinarazteko, gizakia ez dela ogiz bakarrik bizi, baizik Jaunak esaten duenetik bizi dela.
Jauna zeuen Jainkoa ahazturik uztea. Bera da Egiptotik, esklabotza-lurraldetik, atera zaituztena; bera da suge pozoitsu eta eskorpioiz beteriko basamortu handi eta ikaragarritik, ur-tantarik gabeko eremu elkor horretatik, eraman zaituztena; bera, suharritik ura atera eta edaten eman dizuena; bera, zuen arbasoek ezagutu ez zuten mana jaten eman dizuena.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 147, 12-13. 14-15. 19-20 (R.: 12a)

R.
Ospatu Jauna, Jerusalem!

Ospatu Jauna, Jerusalem!
Goretsi zeure Jainkoa, Sion!
Zure ate-morroiloak sendotu baititu
eta seme-alabak zure baitan bedeinkatu. R.

Zeure lurraldera bakea ekarri dizu,
garirik onenaz asetzen zaitu.
Hark bere hitza lurrera bidali
eta arin lehiatzen da bere helburura. R.

Bere hitza iragartzen dio Jakoben herriari,
bere erabaki eta legeak Israeli.
Beste herriei ez die horrelakorik egin,
bere erabakirik ez die ezagutarazi. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ogia bat denez, denok gorputz bat gara.

1 Korintoarrei 10, 16-17

Senideok:
Jainkoa bedeinkatuz hartzen dugun esker oneko kopak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen odolean? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen gorputzean?
Ogia bat denez, denok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen baitugu denok.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 6, 51

Aleluia, aleluia.
Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia - Jaunak esanten du-;
ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Aleluia.

EBANJELIOA

Nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari.

+ Joan 6, 51-58

Egun haietan, Jesusek esan zien Judutarrei:
«Neu naiz zerutik jaitsia den ogi bizia; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du. Eta nik emanen dudan ogia nire gorputza da, mundua bizi dadin emana».
Hitz hauek eztabaida gogorra sortu zuten entzuleen artean. Honela zioten:
–Nola eman diezaguke honek bere gorputza jaten?
Jesusek esan zien:
–Bene-benetan diotsuet: Gizonaren Semearen gorputza jaten eta haren odola edaten ez baduzue, ez duzue bizirik izango zeuengan. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duenak betiko bizia du, eta neuk piztuko dut azken egunean.
Zeren nire gorputza benetako janari baita, eta nire odola benetako edari. Nire gorputza jaten eta nire odola edaten duena nirekin bat eginda dago, eta ni berarekin.
Bizia duen Aitak bidali ninduen eta hari esker dut nik bizia; halaxe, ni jaten nauenak ere niri esker izango du bizia. Hau da zerutik jaitsi den ogia; ez da zuen gurasoek jan zutena bezalakoa, haiek hil egin baitziren; ogi honetatik jaten duenak betiko bizia izango du.

Jaunak esana

domingo, 19 de junio de 2011

2011/06/24 - San Joan Batatzailaren Jaiotza (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko ekainaren 24a

San Joan Batatzailaren Jaiotza (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Nazioen argitzat ezarriko zaitut.

Isaías 49,1-6

Entzun, itsas herriok,
adi egon, urrutiko naziook.
Jaio aurretik izan ninduen
gogoan Jaunak,
amaren sabelean nengoela,
neure izenez deitu.
Ezpata zorrotz bihurtu zidan mihia,
bere eskupean babestu ninduen;
gezi zorrotz ninduen bihurtu
eta geziontzian gorde.
Esan zidan:
«Zu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dut
neure ospea».
Ni, berriz,
hau ari nintzen pentsatzen:
«Alferrik nekatu naiz,
hutsean eta zertarako gabe
akitu ditut indarrak».
Baina Jaunaren eskuetan zegoen
nire eskubidea,
nire Jainkoaren eskuetan
nire lansaria.
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa dut indar.
Amaren sabelean eratu ninduen
bere zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak berarengana
Bihurrarazteko
eta Israel herria biltzeko.
Orain, honela mintzo zait Jauna:
«Ez da aski zu nire zerbitzari izatea
Jakoben leinuak susperrarazi
eta berritzeko
eta Israelen bizirik geldituak
itzularazteko;
nazioen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbamena
lurraren bazterreraino
eraman dezazun».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 138, 1-3. 13-14. 15 (R : 14 ab)

R.
Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako,
zeure egintza miragarrietan nabarmena!


Jauna, zuk ikertzen nauzu eta ezagutzen:
badakizu noiz esertzen naizen eta noiz jaikitzen.
Urrutitik sumatzen dituzu nire burutapenak.
Ohartzen zara noiz nabilen eta noiz nagoen geldi.
Zehatz dakizu nire pauso guztien berri. R.

Zuk eratu didazu gorputza,
zuk zaindu nauzu amaren sabeletik.
Eskerrak zuri, hain izugarria zarelako,
zeure egintza miragarrietan nabarmena!
Barru-barruraino ezagutzen ninduzun. R.

Nire hezur-mamiak ez ziren zuretzat ezkutu,
isilpean eratzen ari nintzela,
lurraren barruan ehunduz nindoala. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo etorri aurretik, hots egin zion Joan Bataiatzaileak.

Eginak 13,22-26

Egun haietan Pablok esan dio:
Saul kendu eta David jarri zuen errege, eta aitorpen hau egin zuen honetaz: “David, Jeseren semea, aurkitu dut neure gogoko gizon; nik nahi guztia egingo du honek”. Hitzemana zuenez, honen ondorengotik sortu zion Jainkoak Israeli Salbatzailea, Jesus alegia. Hau etorri aurretik, bihozberritzeko eta bataiatzeko hots egin zion Joan Bataiatzaileak Israel herri osoari.
Eta bizitzaren azken aldera, honela zioen Joanek: “Ni ez naiz zuek uste duzuena; badator nire atzetik beste bat, eta ni ez naiz inor horri oinetakoak askatzeko ere”.
«Senideok, Abrahamen odoleko zaretenok eta zuek, Israelen Jainkoa gurtzen duzuenok, guri bidali zaigu salbamen-mezu hau.

Jaunak esana

Aleluia Lk 1,76

Aleluia, aleluia.
Eta zuri, haurtxo horri, Goi-goikoaren profeta deituko dizute,
Jaunaren aurretik joango baitzara
hari bidea prestatuz. Aleluia

EBANJELIOA

Joan Batatzailaren Jaiotza. Joan du izena.

+ Lukas 1,57-66. 80

Denbora bete zitzaionean, Elisabetek semea izan zuen. Jakin zuten auzokoek eta ahaideek zein erruki handia izan zion Jaunak, eta harekin batean poztu ziren. Jaio eta zortzi egunera, haurra erdaintzera joan ziren, eta aitaren izena ipini nahi zioten, Zakarias.
Baina amak esan zuen:
–Ez, Joan izango du izena.
Esan zioten:
–Ez duzu senitartean inor izen horretakorik.
Orduan, aitari galdetu zioten keinuka, ea zein izen nahi zion jarri.
Hark oholtxo bat eskatu zuen eta bertan idatzi: «Joan du izena». Denak harriturik gelditu ziren. Bat-batean, mihia askatu zitzaion Zakariasi, eta berriro hitz egiten eta Jainkoa goresten hasi zen.
Auzoko guztiak beldurrak hartu zituen, eta Judeako mendialde guztian zabaldu zen gertatuaren berri. Entzuten zuten guztiek beren baitarako esaten zuten: «Zer izango ote da ume hau?» Zeren Jauna lagun baitzuen.
Haurra gorputzez haziz eta espirituz sendotuz zihoan; basamortuan bizi izan zen, Israel herriaren aurrean agertu beharreko eguna arte.

Jaunak esana.

lunes, 13 de junio de 2011

2011/06/19 - Hirutasun Santua (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko ekainaren 19a

Hirutasun Santua (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra.

Irteera 34, 4b-6. 8-9

Egun haietan, Moises goizean goiz, harlauza biak harturik, Sinai mendira igo zen, Jaunak agindu bezala.
Orduan, Jainko Jauna laino batean jaitsi eta Moisesekin egon zen, eta bere izena hots egin zuen: «Jauna». Moisesen aurretik igaro zen, honela hots eginez: «Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!
Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zen Moises, eta esan zuen: «Jauna, gogoko banauzu, zatoz gurekin, arren! Herri hau burugogorra da, bai; baina zuk barkatu gure gaiztakeria eta bekatua, eta har gaitzazu zeure ondaretzat».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa Dn 3 (1), 52. 53. 54. 55. 56

R.
Goretsia eta goraipatua menderen mendetan!

Bedeinkatua zu, Jauna, gure arbasoen Jainkoa,
bedeinkatua zu, santu eta ospetsu zarena.
R. Goretsia eta goraipatua menderen mendetan!

Bedeinkatua zu, tenpluan zeure ospea agertzen duzuna.
R. Goretsia eta goraipatua menderen mendetan!

Bedeinkatua zu, errege-tronuan eseria zaudena.
R. Goretsia eta goraipatua menderen mendetan!

Bedeinkatua zu, kerubinen gainean eseririk, leizeak arakatzen dituzuna.
R. Goretsia eta goraipatua menderen mendetan!

Bedeinkatua zu, zeru-sabaian.
R. Goretsia eta goraipatua menderen mendetan!

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna

2 Korintoarrei 13, 11-13

Senideok, poz zaitezte, saiatu bete-beteak izaten eta izan adore. Bizi zaitezte elkar ongi hartuz eta bakean. Eta maitasunaren eta bakearen Jainkoa zuekin izango da.
Agur ezazue elkar besarkada santuaz. Fededun guztiek agurtzen zaituztete.
Jesu Kristo gure Jaunaren grazia, Jainkoaren maitasuna eta Espiritu Santuaren elkartasuna izan bitez zuekin guztiokin.

Jaunak esana.

Aleluia Ap 1, 8

Aleluia, aleluia.
Goretsia Aitari, Semeari, eta Espiritu Santuari,
Jainko delari, zelari eta etorriko delari. Aleluia

EBANJELIOA

Jainkoak bere Semea mundura bidali zuen, haren bitartez salbatzeko.

+ Joan 3, 16-18

Jainkoak hain maite izan zuen mundua, non bere Seme bakarra eman baitzion, harengan sinesten duenik inor gal ez dadin, baizik betiko bizia izan dezan.
Zeren Jainkoak ez baitzuen Semea mundura bidali mundua kondenatzeko, haren bitartez salbatzeko baizik.
Harengan sinesten duena ez da kondenatua; sinesten ez duena, ordea, kondenatua dago jadanik, ez baitu sinetsi Jainkoaren Seme bakarrarengan.

Jaunak esana.

lunes, 6 de junio de 2011

2011/06/12 - Mendekostearen igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko ekainaren 12a

Mendekostearen igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi.ziren

Eginak 2, 1-11

Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak. Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen. Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen. Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran.
Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak. Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien. Zur eta lur, honela zioten:
«Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak? Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea? Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean nahiz Kapadozian, Ponton nahiz Asian bizi direnak ere; badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, baita erromatarrak ere; eta denok, judu eta juduberri, kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 103, 1ab y 24ac. 29bc-30. 31 y 34 (R.: cf. 30)

R.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen.


Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!
Bai ugariak, Jauna, zuk eginak!
zure sorkariz betea da lurra. R.

Zuk arnasa kentzean,
hil egiten eta hauts bihurtzen.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen. R.

Betiko izan bedi Jaunaren ospea!
Poz bedi Jauna berak eginekin!
Atsegin bekio nire kanta:
Jaunarengan nik neure poza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko.

1 Korintoarrei 12, 3b-7. 12-13

Senideok:
Inork ezin duela esan «Jesus da Jauna» Espiritu Santuak eraginik ez bada.
Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra; era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra; era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.
Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako.
Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere. Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet.
Hartzazue Espiritu Santua.


+ Joan 20, 19-23

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

Jaunak esana.