lunes, 25 de abril de 2011

2011/05/01 - 2. Pazko Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko maiatxaren 1a

2. Pazko Igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten

Eginak 2, 42-47

Denak apostoluen irakaspenak entzuteari eta elkarte-bizitzari emanak bizi ziren, ogi-zatitzea eta otoitza elkarrekin egiten zituztelarik.
Mundu guztia izuturik zegoen, apostoluek egiten zuten hainbat egintza harrigarri eta mirarirengatik. Fededun guztiak elkarturik bizi ziren, eta dena denentzat zeukaten: beren lur eta ondasunak saldurik, guztien artean banatzen zuten dirua, nork zer behar zuen.
Egunero bildu ohi ziren tenpluan, baina ogia etxeetan zatitzen zuten, otorduak elkarrekin pozik eta bihotz xaloz eginez.
Jainkoa goresten zuten, eta herri osoaren estimazioa zuten. Eta Jaunak egunetik egunera gehitzen zizkion elkarteari salbatzen zirenak.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 2-4. 13-15. 22-24(R.: 1)

R.
Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.


Esan bezate israeldarrek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate aarondar apaizek:
«Haren maitasuna betikoa».
Esan bezate Jaunari begirune diotenek:
«Haren maitasuna betikoa». R.

Gogor bultzatu ninduten botatzeko,
baina Jaunak lagun egin zidan.
Jauna dut indar eta babes, bera salbatzaile.
Poz- eta garaipen-oihuak dira zintzoen etxoletan:
«Jaunaren eskua garaile». R.

Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain.

1 Pedro 1, 3-9

Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita! Bere erruki handiak eraginda, bizi berrira birsortu gaitu, Jesu Kristo hildakoen artetik piztuz. Horrela, itxaropen bizia daukagu orain, Jainkoak guretzat zeruan prestaturik duen ondarea jasotzeko itxaropena. Ondare hori ez daiteke hondatu, ez zikindu, ez zimeldu. Zuentzat ere prestatua du Jainkoak. Honek bere ahalmenaz zaintzen zaituzte, azken garaian agertuko den salbamena irits dezazuen fedeari esker.
Horregatik, pozik zaudete, nahiz eta oraindik alditxo batez zenbait probaldi sufritu behar izan. Horrela, zuen fedeak bere jatortasuna erakutsiko du, galkorra izan arren sutan garbitzen den urreak bezala; eta urrea baino askoz baliotsuago den zuen fedeak gorespena, ospea eta ohorea iritsiko ditu Jesu Kristo agertuko denean.
Maite duzue Jesu Kristo, gaurdaino ikusi ez duzuen arren. Eta, ikusi gabe berarengan sinetsiz, esanezin ahalako pozez, poz distiratsuz, beteak zaudete jadanik, zeuen fedearen helburua, zeuen salbamena, iristen duzuelako.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 20, 29

Aleluia, aleluia.
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu?
Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak. Aleluia.

EBANJELIOA

Zortzi egunen buruan, sartu zen Jesus.

Joan 20, 19-31

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean.
Jesusek berriro esan zien: «Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien: «Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».
Tomas, Hamabietako bat, Bikia zeritzana, ez zegoen haiekin Jesus etorri zenean.
Elkartu zirenean, beste ikasleek esan zioten:
–Jauna ikusi dugu.
Tomasek erantzun zien:
–Haren eskuetan iltzeen seinalea ikusten ez badut, eta nire atzamarra iltze-zuloetan eta nire eskua haren saihets-zuloan sartzen ez badut, ez dut inola ere sinetsiko.
Zortzi egunen buruan, etxean zeuden berriro ikasleak, eta Tomas ere bertan zen. Ateak itxirik zeuden arren, sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez: «Bakea zuei».
Gero, esan zion Tomasi:
–Ekarri atzamarra eta aztertu nire eskuak; ekarri eskua eta sartu nire saihets-zuloan. Eta ez izan sinesgogor, sinestedun baizik.
Tomasek erantzun zion:
–Ene Jauna eta ene Jainkoa!
Jesusek esan zion:
–Ikusi nauzulako sinetsi al duzu? Zorionekoak ikusi gabe sinesten dutenak.
Mirarizko beste seinale asko egin zituen Jesusek bere ikasleen aurrean, liburu honetan idatzirik ez daudenak.
Hemen kontatuak Jesus Mesias eta Jainkoaren Semea dela sinets dezazuen idatzi dira eta, sinetsiz, betiko bizia izan dezazuen hari esker.

Jaunak esana.

lunes, 18 de abril de 2011

2011/04/24 - Pasko Igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko apirilaren 24a

Pazko Igandea (A)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.

Eginak 10, 34a. 37-43

Orduan, honela mintzatu zen Pedro:
Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena,
Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.
Eta gu gara hark juduen lurralde osoan eta Jerusalemen egindako guztien lekuko. Jesus hau egur batetik zintzilik hil zuten; baina Jainkoak piztu egin zuen hirugarren egunean eta agertzeko ahalmena eman zion, ez herriko guztiei, Jainkoak aurrez testigutzat aukeratutakoei baizik, guri alegia, hura hildakoen artetik piztu ondoren berarekin jan eta edan dugunoi.
Jesusek berak agindu zigun herriari predikatzeko, bera dela Jainkoak bizien eta hildakoen epaile ezarri duena aitortuz. 43 Profeta guztiek testigantza hau egiten dute hartaz: harengan sinets dezaten guztiek bekatuen barkamena hartuko dutela beraren bitartez».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 117, 1-2. 16ab-17. 22-23(R.: 24)

R.
Hauxe da Jaunaren ekintza-eguna:
alai gaitezen eta poztu berarengan!


Goretsazue Jauna, ona baita,
haren maitasuna betikoa baita.
Esan bezate israeldarrek: «Haren maitasuna betikoa». R.

Jaunaren eskua bikain, Jaunaren eskua garaile».
Ez, ez naiz hilko, biziko baino,
Jaunaren egintzak kontatzeko. R.

Etxegileek bazterturiko harria giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori, gure begien harrigarri. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo.

Kolosarrei 3, 1-4

Gisakiok, Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria.
Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan, hilik baitzaudete, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordea. Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan harekin aintzatsu agertuko zarete zuek ere.

Jaunak esana.

Aleluia 1 Ko 5, 7b-8a

Aleluia, aleluia.
Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia
izan denez gero.
Ospa dezagun, beraz, Pazko-jaia. Aleluia.

EBANJELIOA

Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela.

+ Joan 20, 1-9

Asteko lehen egunean Magdalako Maria hilobira joan zen goizean goiz, artean ilun zegoela, eta harria hilobitik kendua ikusi zuen.
Orduan, Simon Pedrorengana eta Jesusek maite zuen beste ikasleagana itzuli zen lasterka, eta esan zien: «Eraman egin dute Jauna hilobitik, eta ez dakigu non ipini duten».
Irten ziren, orduan, Pedro eta beste ikaslea eta hilobirantz jo zuten. Biak batera zihoazen korrika, baina beste ikaslea Pedro baino arinago zihoan, eta lehenago iritsi zen hilobira. Barrura begiratzeko makurturik, oihal-zerrendak lurrean zeudela ikusi zuen, baina ez zen sartu. Iritsi zen haren atzetik Simon Pedro eta sartu zen hilobira. Oihal-zerrendak lurrean ikusi zituen, baita Jesusen burua biltzen egoniko zapia ere; baina hau ez zegoen oihal-zerrendekin batera jarria, beste toki batean aparte bildua baizik. Orduan, sartu zen beste ikaslea ere, hilobira lehenengo iritsi zena. Ikusi eta sinetsi egin zuen. Izan ere, ordu arte ez zuten ikasleek ulertu Liburu Santuak dioena, Jesusek hildakoen artetik piztu behar zuela, alegia.

Jaunak esana.

lunes, 11 de abril de 2011

2011/04/17 - Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko apirilaren 17a

Erramu Igandea Jaungoikoaren Pasioan (A)


ERRAMU PROZESIOA.

EBANJELIOA

Bedeinkatua
Jaunaren izenean datorrena!


+ Mateo 21, 1-11

Jerusalemera hurbildu zirenean, Oliamendi inguruko Betfage herrixkara iritsirik, bi ikasle bidali zituen Jesusek, esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; berehala, asteme bat aurkituko duzue lotuta, eta astakume bat harekin; askatu eta ekarri niri. Eta inork ezer esaten badizue, erantzun: “Jaunak behar ditu, baina berehala itzuliko ditu”».
Hori Jainkoak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen:

Esan Sion hiri ederrari:
Hara, badatorkizu zeure erregea,
apal eta astotxo baten gainean,
astakume baten gainean.

Joan ziren, bada, ikasleak eta Jesusek agindu bezala egin zuten. Astemea eta astakumea ekarri eta beren jantziak bizkarrean ezarri zizkieten, eta Jesus gainean eseri zen. Askok eta askok jantziak zabaldu zituzten bidean; beste batzuek, berriz, zuhaitzei adaxkak moztu eta bidean hedatu zituzten. 9 Aurretik eta atzetik zihoan jendeak honela zioen oihuka:

«Hosanna Daviden Semeari!
Bedeinkatua
Jaunaren izenean datorrena!
Gora Jainko gorena!»

Jesus Jerusalemen sartu zenean, hiri osoak, asaldaturik, galdetzen zuen:
–Nor dugu hau?
Jendeak erantzuten zuen:
–Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.

Jaunak esana.

PASIOAREN MESA.

LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez nien aurpegia saihestu
Iraintzen
bai baitakit ez didala
usteak huts egingo.


Isaias 50, 4-7

Jainko Jaunak
hitz egiteko trebatu nau,
bihotz-eroriak adore-hitzez
bizkor ditzadan.
Goizero dit belarria ernearazten,
ikasle onak bezala
entzun diezaiodan.
Jainko Jaunak belarria zabaldu dit,
eta nik ez diot aurka egin,
ez atzera jo.
Bizkarra eskaini nien
zigorkatzen nindutenei,
eta masailak,
bizarretik tiraka ari zitzaizkidanei.
Ez nien aurpegia saihestu
Iraintzen
eta listua botatzen zidatenei.
Baina Jauna dut laguntzaile:
horregatik ez didate
irainek etsiarazten;
horregatik gogortu dut aurpegia
harkaitza bezala,
bai baitakit ez didala
usteak huts egingo.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 21, 8-9. 17-18a. 19-20. 23-24(R.:2a)

R.
Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?

Ikusten nautenek burla egiten didate,
keinuka eta zeinuka.
«Jaunarengana jo du; libra dezala, bada!
Salba dezala, hainbeste maite badu!» R.

Gaizkile-taldeak inguratu nau,
zakur-tropelak erdian hartu,
esku-oinak zulatu dizkidate.
Hezur eta azal gelditu naiz! R.

Nire jantziak banatzen dituzte,
nire soinekoa zotz egiten.
Baina zu, Jauna, ez egon urrun!
Ene indar, lagundu! Ez luzatu! R.

Hitz egingo diet zutaz neure senideei,
goretsiko zaitut batzarraren erdian.
Goretsazue Jauna, begirune diozuenok!
Emaiozue ohore, Jakoben ondorengo guztiok!
Adora ezazue, israeldarrok! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Apaldu egin zuen, horregatik, denen gainetik goratu zuen Jainkoak.

Filipoarrei 2, 6-11

Kristo Jesusek,
jainkozko izaerako izanik,
ez zion gogor eutsi nahi izan
jainkozko bere mailari;
bestela baizik,
hustu egin zen
bere handi-izateaz
eta esklabo-izaera hartu zuen,
gizakien antzeko eginez.
Gizaki huts bezala agertuz,
apaldu egin zuen bere burua,
heriotzaraino menpeko eginez,
gurutzean hiltzeraino.
Horregatik, denen gainetik
goratu zuen Jainkoak
eta izen guztietan bikainena
eman zion,
Jesusen izenaren omenez,
zeruan, lurrean eta lur azpian,
guztien belaunak makur daitezen,
eta mihi orok aitor dezan
Jesu Kristo dela Jauna,
Jainko Aitaren aintzarako.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Jesukristo Jaunaren Pasioa.

Mateo 26, 14-27, 66

Zenbat agintzen didazue Jesus zuen eskuetara emateagatik?

C. Orduan, Hamabietako batek, Judas Iskariote deituak, apaizburuengana Joan eta esan zien:
D. «Zenbat agintzen didazue Jesus zuen eskuetara emateagatik?»
C. Zilarrezko hogeita hamar txanpon agindu zizkioten. Ordutik, Jesus haien eskuetara emateko egokiera bila hasi zen Judas.

Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?

C. Legamia gabeko Ogien Jaiko lehen egunean, ikasleak hurbildu ziren Jesusengana, galdetuz:
D. –Non egin behar ditugu Pazko-afarirako prestaketak?
C. Hark esan zien:
+. –Zoazte hirira, halakoaren etxera, eta esaiozue: «Maisuak dio hurbil dela bere ordua, eta zuenean ospatu nahi duela Pazkoa bere ikasleekin».
C. Jesusek agindu bezala egin zuten ikasleek, eta Pazko-afaria prestatu zuten.

Zuetako batek saldu egingo nau.

C. Ilunabarrean, mahaian zegoen Jesus hamabi ikasleekin. Afaltzen ari zirela, Jesusek esan zuen:
+. –Benetan diotsuet: Zuetako batek saldu egingo nau.
C. Haiek, oso goibeldurik, galdezka hasi zitzaizkion banaka:
D. –Nik ote, Jauna?
C. Hark erantzun zuen:
+. –Nirekin plater beretik jaten ari den batek salduko nau.
Gizonaren Semea badoa, bai, Liburu Santuek hartaz dioten bezala; baina dohakabea Gizonaren Semea salduko duena! Hobe zukeen jaio izan ez balitz!
C. Judasek, salduko zuenak, galdetu zion:
D. –Ni ote naiz hori, Maisu?
C. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk esan duzu.

Hau nire gorputza da. Hau nire gorputza da.

C. Afaltzen ari zirela, ogia hartu zuen Jesusek eta, bedeinkazioa esan ondoren, zatitu eta ikasleei eman zien, esanez:
+. «Hartzazue eta jan, hau nire gorputza da».
C. Gero, kopa hartu eta, esker oneko otoitza egin ondoren, eman egin zien, esanez:
+. «Edan guztiok honetatik, hau nire odola baita, Jainkoarekiko ituna berrituko duena, bekatuak barkatzeko guztien alde isuria.
Egia esan, hemendik aurrera ez dut gehiago ardorik edango, neure Aitaren erreinuan zuekin ardo berria edan arte».
C. Gorazarreak kantatu ondoren, Oliamendira abiatu ziren.

Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira.

C. Jesusek esan zien:
+. «Zuek guztiok niregan duzuen sinesmenak huts egingo du gaur gauean, honela baitago idatzia Liburu Santuetan: Joko dut artzaina eta ardiak sakabanatu egingo dira. Baina piztu ondoren, aurretik joango natzaizue Galileara».
C. Pedrok esan zion:
D. –Zureganako beste guztien sinesmenak huts egiten badu ere, nireak inola ere ez.
C. Jesusek erantzun:
+. –Benetan diotsut: Gaur gauean, oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.
C. Pedrok esan zion:
D. –Zurekin hil behar badut ere, ez zaitut inola ere ukatuko.
C. Eta gauza bera zioten ikasle guztiek.

Tristura eta larria sentitzen hasi zen.

C. Jesus bere ikasleekin Getsemani zeritzan landa batera iritsi zen, eta esan zien:
+. «Zaudete hemen, ni hara otoitz egitera noan bitartean».
C. Pedro eta Zebedeoren bi semeak eraman zituen berekin. Tristura eta larria sentitzen hasi zen, eta esan zien:
+. «Hiltzeko zorian nago tristuraz. Gelditu hemen eta zaudete erne nirekin batera».
C. Eta aurreraxeago joanik, ahuspez erori zen eta otoitz egin zuen, esanez:
+. «Ene Aita, ahal bada, urrun ezazu niregandik edari samin hau. Hala ere, egin bedi zuk nahi bezala, ez nik nahi bezala».
C. Ikasleengana joan eta lotan aurkitu zituen. Pedrori esan zion:
+. «Beraz, ordubete ere ezin izan zarete nirekin erne egon? Zaudete erne eta egizue otoitz, tentaldian ez erortzeko: gogoz kartsu izan arren, ahula baita gizakia».
C. Bigarren aldiz aldendu eta otoitz egin zuen, esanez:
+. «Ene Aita, edari samin hau derrigorrez edan behar badut, egin bedi zure nahia».
C. Eta berriro itzulirik, lo aurkitu zituen, begiak astun baitzituzten. Haiek utzirik, berriz ere aldendu eta hirugarren aldiz otoitz egin zuen, lehengo hitzak berriro esanez. Ondoren, ikasleengana joan eta esan zien:
+. «Egin lo eta hartu atseden! Hara, gainean da ordua, Gizonaren Semea bekatarien eskuetara emana izateko. Jaiki, goazen, hemen da salduko nauena!»

Jesusengana hurbildurik, heldu eta atxilotu egin zuten.

C. Jesus hizketan ari zela, han azaldu zen Judas, Hamabietako bat; gizon-multzo handi bat zetorren harekin, ezpata eta makilak eskuetan, apaizburu eta herriko zaharrek bidalirik. Saltzaileak seinale hau jarria zien:
D. «Nik musu emango diodana, horixe da, atxilot ezazue».
C. Berehala, Jesusengana hurbildu eta esan zion:
D. «Agur, Maisu!»
C. Eta musu eman zion.
Jesusek esan zion:
+. «Adiskide, egizu egitekoa!»
C. Orduan, besteek, Jesusengana hurbildurik, heldu eta atxilotu egin zuten. Jesusekin zeudenetako batek ezpata atera, morroia jo eta belarria moztu zion.
Jesusek esan zion:
+. «Itzuli ezpata hori bere tokira, zeren ezpataz ari dena ezpataz hilko baita.
Ala uste al duzu ezin diodala Aitari dei egin? Hamabi aingeru-talde eta gehiago jarriko lizkidake berehala ondoan. Baina nola beteko lirateke, orduan, Liburu Santuak, honela gertatu behar duela baitiote?»
C. Une hartan, Jesusek jendeari esan zion:
+. «Ezpataz eta makilaz etorri zarete, lapur baten bila bezala, ni harrapatzera! Egunero esertzen nintzen tenpluan irakasten, eta ez ninduzuen atxilotu.»
C. Baina hau guztia profetek idatzia bete dadin gertatu da.
Orduan, ikasle guztiek Jesus utzi eta ihes egin zuten.

Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita ikusiko duzue.

C. Jesus atxilotu zutenek Kaifas apaiz nagusiaren etxera eraman zuten, han bilduak baitziren lege-maisu eta herriko zaharrak.
Pedro, Jesusi urrutitik jarraituz, apaiz nagusiaren jauregiraino joan eta, barrura sarturik, morroiekin eseri zen, hura guztia zertan amaitzen zen ikusteko.
Apaizburuak eta Biltzar Nagusi osoa Jesusen kontra gezurrezko lekukotasun bila zebiltzan, heriotzara kondenatzeko; baina ez zuten aurkitu, gezurrezko lekuko asko azaldu arren. Azkenean, bi azaldu ziren, esanez:
O. «Honek esana du: Jainkoaren santutegia desegin dezaket eta hiru egunetan berreraiki».
C. Orduan, apaiz nagusiak zutitu eta galdetu zion:
O. –Ez al diezu deus erantzun behar zure kontra ateratzen dituztenei?
C. Baina Jesus isilik. Apaiz nagusiak esan zion:
O. –Jainko biziarengatik eskatzen dizut: Esaguzu zinez zu al zaren Mesias, Jainkoaren Semea.
C. Jesusek erantzun:
+. –Zeuk esan duzu. Eta gehiago diotsuet: Oraindanik Gizonaren Semea Ahalguztidunaren eskuinean eserita eta zeruko hodei gainean etortzen ikusiko duzue.
C. Orduan, apaiz nagusiak bere jantziak urratu zituen eta esan:
O. –Biraoa esan du. Ba ote dugu lekuko beharrik? Zeuek entzun duzue biraoa. Zer deritzozue?
C. Haiek erantzun:
M. –Heriotza merezi du.
C. Orduan, aurpegira listua bota eta ukabilkadak eman zizkioten; beste batzuek masailekoak ematen zizkioten, esanez:
M. «Asma ezak, Mesias, nork jo hau?»

Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu.

C. Pedro kanpoan eseria zegoen, patioan; neskame batek ondoratu eta esan zion:
O. –Hi ere Jesus galilearrarekin bizi hintzen.
C. Baina hark guztien aurrean ukatu zuen:
D. –Ez zekinat zertaz ari haizen.
C. Ate ondora irten zen, eta beste neskame batek ikusi eta han zeudenei esan zien:
O. –Jesus nazaretarrarekin ibilia da hau.
C. Pedrok berriro ukatu zuen, zin eginez:
D. –Ez dut ezagutzen gizon hori.
C. Geroxeago, han zeudenek, hurbildurik, Pedrori esan zioten:
O. –Bai, hi ere horietakoa haiz, noski; hizkeran ezagun duk.
C. Orduan, Pedro biraoka eta maldizioka hasi zen:
D. –Ez dut ezagutzen gizon hori.
C. Une hartan oilarrak jo zuen. Gogoratu zitzaion Pedrori Jesusek esana: «Oilarrak jo baino lehen, hiru aldiz ukatuko nauzu», eta, kanpora irtenik, negarrari eman zion saminki.

Jesus Pilato gobernariaren eskuetara eman zuten.

C. Eguna argitu zuenean, apaizburu eta herriko zahar guztiek bildu eta Jesusen kontrako erabakia hartu zuten, heriotzara kondenatzeko. Gero, lotuta eraman zuten eta Pilato gobernariaren eskuetara eman.

Ez da zilegi diru hau tenpluko dirutegira botatzea, odoletan zikindua baita.

C. Judas saltzaileak, Jesus kondenatua zutela ikustean, damu izan zuen eta zilarrezko hogeita hamar txanponak apaizburu eta herriko zaharrei itzuli zizkien, esanez:
D. –Oker egin dut errugabea heriotzara emanez.
C. Baina haiek erantzun zioten:
O. –Eta guri zer? Hor konpon!
C. Orduan, dirua tenpluan jaurtirik, alde egin eta bere burua urkatu zuen. Apaizburuek dirua jaso eta esan zuten:
O. «Ez da zilegi diru hau tenpluko dirutegira botatzea, odoletan zikindua baita».
C. Eta elkarren artean erabaki ondoren, «Eltzegilearen soroa» erosi zuten diru harekin, kanpotarren hilerri izan zedin. Horregatik, gaur egun ere «Odol-soro» deitzen zaio toki hari.
Honela bete zen Jeremias profetak esana: Eta hartu zituzten zilarrezko hogeita hamar txanponak; hori izan zen israeldarrek ezarri zioten salneurria. Eta eltzegilearen soroa erosteko erabili zituzten, Jaunak agindu zidan bezala.

Zu al zara juduen erregea?

C. Jesus gobernariaren aurrean aurkeztu zuten. Gobernariak galdetu zion:
O. –Zu al zara juduen erregea?
C. Jesusek erantzun zion:
+. –Zeuk diozu.
C. Apaizburuek eta zaharrek salaketa asko egiten zuten haren aurka, baina hark ez zuen ezer erantzuten.
Pilatok esan zion:
O. –Ez al duzu entzuten zenbat gauza ateratzen duten zure kontra?
C. Eta ez baitzion salakuntza bati ere erantzunik eman, erabat harriturik gelditu zen gobernaria.
Pazko-jaiero preso bat askatu ohi zuen gobernariak, herriak nahi zuena. Bazen orduan preso sonatu bat, Barrabas zeritzana. Beraz, jendea bildu zenean, Pilatok galdetu zien:
O. –Zein nahi duzue askatzea, Barrabas ala Jesus, Mesias delakoa?
C. Ongi baitzekien bekaizkeriaz emana ziotela Jesus.
Epaimahaian eseria zegoela, emazteak mandatu hau bidali zion:
O. «Ez zaitezela errugabe horrekin sar! Asko sufritu dut bart ametsetan hori dela eta».
C. Baina apaizburuek eta zaharrek jendea berotu zuten Barrabasen askatasuna eta Jesusen heriotza eska zitzan. Gobernariak berriro galdetu zien:
O. –Bietako zein nahi duzue askatzea?
M. –Barrabas – C. erantzun zuten.
C. Pilatok esan zien:
O. –Eta zer egin behar dut Jesusekin, Mesias delakoarekin?
C. Denek erantzun zuten:
M. –Gurutzean josi!
C. Eta hark:
O. –Zer oker egin du, bada?
C. Haiek, are eta oihu handiagoz:
M. –Gurutzean josi!
C. Guztia alferrik zela eta, gainera, iskanbila sortzera zihoala ikusirik, Pilatok ura hartu eta eskuak garbitu zituen jendearen aurrean, esanez:
O. –Ez naiz gizon honen heriotzaren erantzule! Zeuek ikusi!
C. Herri osoak erantzun zuen:
M. –Geu eta gure ondorengoak egiten gara horren heriotzaren erantzule!
C. Orduan, Barrabas askatu zien eta Jesus, zigorkarazi ondoren, haien eskuetara eman zuen, gurutziltza zezaten.

Agur, juduen erregea!

C. Gobernariaren soldaduek Jesus jauregira eraman zuten eta gudari-taldeko denak bildu zituzten haren inguruan. Soinekoak erantzi zizkioten eta purpurazko kapa batez jantzi zuten. Arantzaz egindako koroa ezarri zioten buruan eta kanabera eskuan, eta, aurrean belaunikaturik, iseka egin zioten esanez:
M. «Agur, juduen erregea!»
C. Listua botatzen zioten eta, kanabera kendurik, buruan jotzen zuten.
Nahiko iseka egin ondoren, kapa erantzi eta bere soinekoak jarri zizkioten. Gero, gurutzean josteko eraman zuten.

Bi lapur gurutziltzatu zituzten Jesusekin batera.

C. Ateratzean, Zireneko gizon bat aurkitu zuten, Simon zeritzana, eta Jesusen gurutzea eramatera behartu zuten.
Golgota izeneko tokira iritsi zirenean (Golgotak «Burezur» esan nahi du), behazunez nahasiriko ardoa eman zioten edatera. Jesusek dastatu bai, baina ez zuen edan nahi izan.
Gurutzean josi ondoren, soldaduek Jesusen jantziak banatu egin zituzten zotz eginez.
Eta han gelditu ziren, eserita, zaintzen. Buruaren gainaldean kondenaren arrazoia ipini zuten idatzita: «Hau Jesus da, juduen erregea». Bi lapur gurutziltzatu zituzten Jesusekin batera, bata eskuinean eta bestea ezkerrean.

Jainkoaren Semea baldin bahaiz Jaits hadi gurutzetik!

C. Handik igarotzen zirenek irain egiten zioten Jesusi, buruari eragin eta esanez: M. «Santutegia desegin eta hiru egunetan eraikitzen omen duan horrek, Jainkoaren Semea baldin bahaiz, salba ezak heure burua! Jaits hadi gurutzetik!»
C. Era berean, apaizburu, lege-maisu eta zaharrek ere irri egiten zioten, esanez:
O. «Besteak salbatu ditik, eta bere burua ezin. Israelgo errege omen duk hori; jaits dadila orain gurutzetik, eta sinetsiko diagu berarengan.
Jainkoarengan jarria dik uste ona; libra dezala orain, maite baldin badu; ez zuen, bada, esaten Jainkoaren Semea zela?»
C. Orobat, berarekin gurutzean josiak zeuden lapurrek ere irain egiten zioten.

Elí, Elí, lamá sabaktaní.

C. Eguerditik hirurak arte ilundu egin zuen lurbira osoan Hirurak inguruan, Jesusek oihu handiz esan zuen:
+. «Eli, Eli, lema sabaktani?» C. (Hau da: +. «Ene Jainko, ene Jainko, zergatik utzi nauzu?»).
C. Hau entzutean, bertan zeuden batzuek esan zuten:
M. «Eliasi deika ari da».
C. Eta berehala, haietako batek, lasterka belaki bat hartzera joan, ozpinetan busti eta, kanabera bati muturrean erantsiz, edatera eman zion.
Besteek, ordea, zioten:
M. «Egon, ea datorkion Elias salbatzera!»
C. Baina Jesusek, berriro deiadar handia eginez, azken arnasa eman zuen.

Denak belaunikatzen dira eta eten bat egiten da.

C. Eta horra, santutegiko oihala erdiz erdi urratu zen, goitik beheraino; lurrikara izan zen eta harkaitzak zartatu egin ziren; hilobiak zabaldu eta hilik zeuden santu asko piztu egin ziren: hilobietatik irten eta, Jesus piztu ondoren, hiri santuan sartu ziren eta jende askori agertu zitzaizkion.
Lurrikara eta gertakari guztiok ikustean, erromatar ehuntariak eta harekin Jesus zaintzen zeuden besteek, beldurrak jota, esan zuten:
O. «Zinez, Jainkoaren Semea zen hau!»
C. Baziren han emakume asko ere, urrutitik begira; Jesusi jarraituz Galileatik etorriak ziren, beraren zerbitzari; haien artean, Magdalako Maria, Santiago eta Joseren ama Maria, eta Zebedeoren semeen ama.

Josek, Jesusen gorpua harturik hilobi berri batean ezarri zuen.

C. Ilunabarrean, Jose zeritzan Arimateako gizon aberats bat etorri zen, Jesusen ikaslea. Pilatogana aurkeztu eta Jesusen gorpua eskatu zion. Pilatok emateko agindu zuen. Josek, gorpua harturik, izara garbi batean bildu zuen eta haitzean zulaturiko hilobi berri batean ezarri. Gero, harri handi bat irauliz, hilobiko sarrera itxi eta joan egin zen.
Magdalako Maria eta beste Maria hilobi aurrean eserita zeuden.

Badituzue zeuen guardiak. Zoazte, eta zaindu dakizuen modura.

C. Biharamuna larunbata zen. Apaizburuak eta fariseuak Pilatogana bildu ziren elkarrekin, eta esan zioten:
O. –Jauna, gogoratu dugu engainatzaile horrek, artean bizi zelarik, esan zuela: «Hiru egunen buruan piztu egingo naiz».
Agindu ezazu, bada, hirugarren eguna arte hilobia zaintzeko; ez dadila gerta, haren ikasleak gorpua eraman eta gero «Hildakoen artetik piztu da» herriari esanez etortzea. Azken engainu hau lehenengoa baino okerragoa izango litzateke.
C. Pilatok erantzun zien:
O. –Badituzue zeuen guardiak. Zoazte, eta zaindu dakizuen modura.
C. Joan ziren, bada, eta hilobia segurtatu zuten, harria zigilatuz eta guardia ipiniz.

Jaunak esana.

lunes, 4 de abril de 2011

2011/04/10 - Garizumako 5. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko apirilaren 10a

Garizumako 5. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Neure espiritua ezarriko dut zuengan, bizi zaitezten.

Ezekiel 37, 12-14

Horrela esan zidan Jaunak:
Nik irekiko ditut zuen hilobiak, nik irtenaraziko zaituztet hilobitik, oi ene herri, eta Israelgo lurraldera eramango.
Zuen hilobiak ireki eta berorietatik irtenaraziko zaituztedanean, oi ene herri, orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.
Neure espiritua ezarriko dut zuengan, bizi zaitezten. Zeuen lurraldera eramango zaituztet. Orduan jakingo duzue nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dudala.
Nik, Jainko Jaunak, esana».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 129, 1-2. 3-4ab. 4c-6. 7-8(R.: 7)

R.
Jaunarena baita maitasuna,
Jaunarena askapen betea.


Barru-barrutik egiten dizut dei, Jauna:
Entzun, Jauna, nire mintzoa!
Beude erne zure belarriak nire erregu-oihura. R.

Erruak kontuan badituzu, Jauna,
oi Jauna, nork iraun bizirik?
Baina zuri barkamena dagokizu
eta, barkatuz, zeureganako begirunea pizten diguzu. R.

Jaunaren zain nago, zain bihotz-bihotzez,
haren erantzuna dut itxaro.
Jaunaren esperoan nago,
gau osoan esna, goiza arte beilari. R.

Izan beza Israelek itxaropen Jaunarengan,
Jaunarena baita maitasuna, Jaunarena askapen betea.
Berak askatuko du Israel erru guztietatik. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada.

Erromatarrei 8, 8-11

Senideok: Giza grinen menpean bizi direnak ezin daitezke Jainkoaren gogoko izan. Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
Kristo zuengan baldin badago, berriz, gorputza bekatuagatik hil egingo den arren, Espirituak badu bizia, Jainkoaren salbamen-indarrari esker. Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Neu naiz piztuera eta bizia.

+ Joan 11, 1-45

Egun haietan, gizon bat, Lazaro zeritzana, gaixo zegoen. Betaniakoa zen, Maria eta honen ahizpa Martaren herrixkakoa. (Maria hau –gaixo zegoen Lazaroren arreba– Jauna ukenduz igurtzi eta oinak bere ile-adatsez xukatu zizkiona zen). Bi ahizpek Jesusi albistea bidali zioten: «Jauna! Zure adiskidea gaixo dago». Jesusek, hori jakitean, esan zuen: «Eritasun hau ez da heriotzara eramateko, Jainkoaren aintza azaltzeko baizik, beraren bidez Jainkoaren Semearen aintza azal dadin».
Marta, honen ahizpa eta Lazaro oso adiskide zituen arren, hau gaixo zegoela jakinda ere, Jesus beste bi egunez gelditu zen zegoen lekuan. Ondoren, esan zien ikasleei:
–Goazen berriro Judeara.
Ikasleek esan zioten:
–Maisu, oraintsu juduek harrika egin nahi zizuten, eta hara zoaz berriro?
Jesusek erantzun zien:
–Ez al ditu hamabi ordu egunak? Egunez dabilenak ez du estropezu egiten, eguzkiak argitzen baitio bidea; baina gauez dabilenak estropezu egiten du, ez baitu argirik.
Eta erantsi zuen:
–Lazaro gure adiskidea loak hartu du; baina banoa iratzartzera.
Esan zioten, orduan, ikasleek:
–Jauna, loak hartu badu, sendatuko da.
Jesusek Lazaroren heriotzaz esan zuen hori, baina ikasleek ohiko loaz ari zela uste zuten.
Azkenik, argi eta garbi esan zien Jesusek:
–Lazaro hil egin da, eta pozten naiz han ez izanaz, zeuen onerako izango baita, horrela sinets dezazuen. Goazen, bada, haren etxera.
Orduan, Tomasek, Bikia zeritzanak, bere ikaskideei esan zien: «Goazen gu ere, berarekin hiltzera».
Jesus iritsi zenean, jadanik lau egun zeramatzan Lazarok hilobian. Betania Jerusalemdik hurbil dago, hiru kilometrora edo; eta judu asko etorri zen Maria eta Martarengana, nebarengatik doluminak ematera. Marta, Jesus zetorrela entzun orduko, bidera irten zitzaion; Maria, berriz, etxean gelditu zen. Martak esan zion Jesusi:
–Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko. Baina, halere, badakit eska diezaiozun guztia emango dizula Jainkoak.
Jesusek erantzun zion:
–Piztuko da zure neba.
Eta Martak:
–Badakit, bai, piztuko dela azken egunean, hildakoen piztuerakoan.
Jesusek esan zion, orduan:
–Neu naiz piztuera eta bizia; niregan sinesten duena, hilda ere, biziko da.
Eta bizi dena, niregan sinesten badu, ez da betiko hilko. Sinesten al duzu hau?
Martak erantzun zion:
–Bai, Jauna, sinesten dut zeu zarela Mesias, Jainkoaren Semea, mundura etortzekoa zena.
Ondoren, Marta bere ahizpa Mariari dei egitera joan zen, eta esan zion isilka: «Maisua hemen dun eta hots egiten din».
Berehala jaiki eta Jesusengana joan zen. Jesus artean herrixkan sartu gabe zegoen, Martak topatu zuen lekuan bertan. Orduan, hari doluminak ematen etxean zeuden juduek, Maria arin jaiki eta irten egin zela ikusirik, jarraitu egin zioten, hilobian negar egitera zihoalakoan. Mariak, Jesusengana iritsi eta ikustean, oinetara ahuspeztu eta esan zion: «Jauna, hemen izan bazina, gure neba ez zen hilko».
Jesusi, orduan, Maria eta beronekin zetozen juduak negarrez ikusirik, barruak zirrara egin zion eta, zeharo hunkiturik, esan zuen:
–Non ipini duzue?
Erantzun zioten:
–Jauna, zatoz eta ikusi.
Jesusek negarrari eman zion.
Han zeuden juduek esan zuten:
–Bai maite zuela!
Baina batzuek esan zuten:
–Itsuaren begiak ireki zituen honek, ezin ote zuen hau hiltzea galarazi?
Jesus, ostera ere hunkiturik, hilobira hurbildu zen. Hartzulo bat zen, harri batez estalia.
Jesusek esan zuen:
–Kendu harria.
Martak, Lazaro zenaren arrebak, erantzun zion:
–Jauna, kiratsa botako du, lau egun daramatza eta.
Jesusek erantzun zion:
–Ez dizut, bada, esan, sinesten baduzu Jainkoaren aintza ikusiko duzula?
Kendu zuten, bada, harria. Jesusek, begiak zerurantz jasorik, esan zuen: «Eskerrak zuri, Aita, entzun didazulako.
Nik badakit beti entzuten didazuna; baina inguruan den jendearengatik diot, zuk bidali nauzula sinets dezaten».
Ondoren, ozenki egin zuen deiadar: «Lazaro, zatoz kanpora!»
Eta hildakoa hartzulotik irten zen. Esku-oinak oihal-zerrendaz loturik eta aurpegia zapi batez estalirik zituen. Jesusek esan zien: «Aska ezazue eta utzi joaten».
Jesusek egina ikusi zutenean, Maria ikustera joandako judu askok sinetsi zuten harengan.

Jaunak esana.