lunes, 28 de febrero de 2011

2011/03/06 - Urteko 9. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko martxoaren 6a

Urteko 9. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bedeinkazioa eta madarikazioa.

Deuteronomioa 11, 18. 26-28. 32

Moisesk herriei hitz egin zuen esaten: «Ezarri nire hitz hauek zeuen buru-bihotzetan; lot itzazue seinale bezala eskumuturrean eta oroigarri bezala bekokian.
«Hara, aukeran jartzen dizkizuet gaur bedeinkazioa eta madarikazioa; bedeinkazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen badituzue, gaur nik esan bezala; madarikazioa, baldin eta Jaunaren zeuen Jainkoaren aginduak onartzen ez badituzue eta, ezezagunak dituzuen jainko arrotzei jarraituz, gaur nik erakutsitako bidetik saihesten bazarete.
Arretaz saiatuko zarete gaur ematen dizkizuedan lege eta erabaki guztiak betetzen.

Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 30, 2-3a. 3bc-4. 17 y 25(R.: 3b)

R.
Zu zara, Jauna, nire haitz eta gotorleku.

Jauna, zuregan dut babesa:
ez dakidala inoiz neure ustea huts gerta!
Zuzena baitzara, atera nazazu onik.
Entzun, arren, niri! Libra nazazu, ez luza! R.

Izan zakizkit harkaitz babesle, gaztelu salbatzaile.
Zu zara, izan ere, nire haitz eta gotorleku.
Eraman nazazu eta gidatu, zarena zarelako. R.

Erakutsi aurpegi argia zerbitzari honi,
salba nazazu zeure maitasunaz.
Eutsi sendo, izan bihotz, Jaunarengan itxaron duzuenok! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Sinesmenaren bidez onartzen dituela Jainkoak gizon-emakumeak, eta ez legea betetzeagatik.

Erromatarrei 3, 21-25a. 28

Senideok: orain, legea alde batera utziz agertu du Jainkoak bere salbamen-indarra, legeak eta profetek adierazia.
Jainkoaren salbamen-indar hau Jesu Kristoganako sinesmenaren bidez heltzen da, fededun guztiengana heldu ere. Jainkoak ez du bereizkeriarik egiten, denek egin baitzuten bekatu eta denak aurkitzen dira geroztik Jainkoaren aintzarik gabe.
Baina Jainkoak bere onginahiaz eta dohain hutsez onartu ditu, Jesu Kristoren bitartez burutu duen askapenari esker.
Jesu Kristok bere odola isuri zuen, eta Jainkoak barkamen-bide egin du Kristo beronengan sinesten dutenentzat. Horrela, garbi erakusten du Jainkoak zuzen jokatu zuela bere eroapenaz lehengo bekatuak zigortu gabe utzi zituenean, eta zuzen jokatzen duela orain ere, bera salbatzaile azaldu eta Jesusengan sinesten dutenak onartzen dituenean . Ziur baitakigu sinesmenaren bidez onartzen dituela Jainkoak gizon-emakumeak, eta ez legea betetzeagatik.

Jaunak esana

Aleluia Jn 15, 5

Aleluya. Aleluya.
Ni naiz mahatsondoa eta zuek aihenak.
-Jaunak esaten du-
Norbait niri itsatsia badago, ni berari bezala,
horrek fruitu asko emango du. Aleluya.

EBANJELIOA

Harkaitz gainean eraikiko etxea eta hondar gainean eraikiko etxea.

+ Mateo 7, 21-27

Egun haietan, Jesusek bere ikasleei esan zien: «Ez da aski niri “Jauna, Jauna!” esatea, Jainkoaren erreinuan sartzeko; zeruko nire Aitaren nahia behar da egin.
Epai-egunean askok esango didate: “Jauna, Jauna! Ez ote genuen zure izenean hitz egin eta zure izenean deabruak bota eta zure izenean mirari asko egin?”
Baina nik erantzungo diet: “Ez zaituztet inoiz ezagutu; alde niregandik, gaizkileok!”
«Beraz, nire hitz hauek entzun eta betetzen dituena, etxea harkaitz gainean eraiki zuen gizon zuhurraren antzekoa da. Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; baina ez zen erori, oinarriak harkaitzean zituelako. Nire hitz hauek entzun bai, baina betetzen ez dituena, ordea, etxea hondar gainean eraiki zuen gizon zentzugabearen antzekoa da.
Euri-jasak izan ziren, uholdeak etorri, mendebalak jo, eta etxeari eraso zioten; eta erori egin zen eta dena hondatua gelditu».

Jaunak esana

lunes, 21 de febrero de 2011

2011/02/27 - Urteko 8. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko otsailaren 27a

Urteko 8. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nik ez zaitut ahaztuko.

Isaias 49, 14-15

«Sionek esaten zuen:
“Jaunak utzia nauka,
ene Jaunak ahaztua”.
Ahaztu ote dezake amak
bere haurtxoa
edo bere sabeleko umeari
errukia ukatu?
Ba, amak haurra ahaztuko balu ere,
nik ez zaitut ahaztuko.

Jaunak esana

SALMOA

Salmoa 61, 2-3. 6-7. 8-9ab(R.: 6a)

R.
Ene barrena, Jainkoarengan bakarrik izan atseden.

Jainkoarengan bakarrik atseden nire barruak,
harengandik nire salbamena.
Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen,
nire gotorleku: inola ere ez naiz eroriko. R.

Ene barrena, Jainkoarengan bakarrik izan atseden,
harengandik baitator nire esperantza.
Bera bakarrik nire harkaitz eta salbamen,
nire gotorleku: ez naiz eroriko. R.

Jainkoarengan nire salbamena eta ohorea,
Jainkoa nire harkaitz sendo eta babesleku.
Izan beti harengan konfiantza, haren herri zaretenok!
Zabaldu hari zeuen bihotza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jaunak agertuko bihotzeko asmo gordeak.

1 Korintoarrei 4, 1-5

Senideok, har gaitzatela denek Kristoren zerbitzaritzat eta Jainkoaren asmo ezkutuen administratzailetzat. Eta administratzaileari eskatzen zaiona leiala izatea da. Niri dagokidanez, gutxi axola zait zuek edo giza auzitegik epaitua izatea. Neuk ere ez dut epaitzen neure burua. Egia da neure kontzientziak ez nauela ezertan salatzen; baina horrek ez du esan nahi neure burua errugabetzat dudanik, Jaunak bainau epaitzen. Ez dezazuela, beraz, epea baino lehen epai. Itxaron Jauna etorri arte. Berak argituko du ilunpean ezkutatua dagoena, berak agertuko bihotzeko asmo gordeak. Eta orduan, nork bere merezia jasoko du Jainkoarengandik.

Jaunak esana

Aleluia Hb 4, 12

Aleluia, aleluia.
Bizia da Jainkoaren hitza, bizia eta eragin handikoa,
barneko pentsamendu eta asmo guztiak miatzen ditu. Aleluia

EBANJELIOA

Ez arduratu, biharko egunaz.

+ Mateo 6, 24-34

Egun haietan, Jesusek bere jarratzailei esan zien: «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
«Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago? Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek? Asko arduratu arren, zuetako nork luza lezake bizitza apurtxo bat ere?
«Eta jantziaz, zertan kezkatu? Begira nola hazten diren loreak zelaietan: ez dira lanean penatzen, ez dute iruten; baina, egia esan, Salomon bera ere, bere ospe guztian, ez zen janzten horietako baten pare. Beraz, gaur belardian dagoen eta bihar sutan erreko den belarra Jainkoak horrela janzten badu, ez ote askoz gehiago zuek, sinesmen gutxikook? Ez kezkatu, bada, zer jango, zer edango, zer jantziko duzuen pentsatuz. Fedegabeak arduratu ohi dira horiez guztiez; baina zeruko zuen Aitak badaki horren guztiaren beharra duzuena. Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak. Ez arduratu, bada, biharko egunaz, biharkoak ere ekarriko baitu bere ardura. Aski ditu egun bakoitzak bere buruhausteak.

Jaunak esana


Locations of visitors to this page

lunes, 14 de febrero de 2011

2011/02/20 - Urteko 7. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko otsailaren 20a

Urteko 7. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala.

Lebitarrena 19, 1-2.17-18

Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi: «Esan israeldarren elkarte osoari: Izan santu, ni, Jauna, zuen Jainkoa, santua naiz eta.
«Ez eman biderik zeuen barrenean anaiarenganako gorrotoari; baina ez izan herritarra zentzarazteko beldur ere, harengatik bekaturik egin ez dezazuen. Ez hartu mendekurik, ez izan erresuminik herritarrekin. Maitatu lagun hurkoa zeuen burua bezala. Neu naiz Jauna.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 102, 1-2.3-4.8 y 10. 12-13 (R.: 8a)

R.
Bihozbera eta errukiorra da Jauna.

Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ene barren osoak haren izen santua!
Bedeinka beza ene arimak Jauna,
ez bitza ahaztu haren mesedeak! R.

Erru guztiak barkatzen dizkit,
gaitz guztiak sendatzen;
bizia Herio Leizetik ateratzen dit,
maitasun eta errukiz inguratzen nau. R.

Bihozbera eta errukiorra da Jauna,
haserregaitza eta onginahiz betea.
Ez gaitu erabiltzen gure bekatuek merezi bezala,
ez digu ordaintzen geure erruen arabera. R.

Nola ekialdea mendebaldetik urruti,
hala ditu hark gure hobenak beregandik urruntzen.
Nola aita seme-alabentzat errukior,
hala Jauna begirune diotenentzat errukior. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Dena zuena da. Zuek, ordea, Kristorenak zarete, eta Kristo Jainkoarena.

1 Korintoarrei 3, 16-23

Senideok: Ez al dakizue Jainkoaren tenplu zaretela eta Jainkoaren Espiritua zuengan bizi dela? Jainkoaren tenplua hondatzen duena, hondatu egingo du Jainkoak, Jainkoaren tenplua santua baita: tenplu hori zuek zarete.
Ez beza inork bere burua engaina! Zuetako norbaitek mundu honen arabera jakintsu dela uste badu, egin bedi zoro, egiaz jakintsu izateko. Mundu honetako jakinduria, izan ere, zorakeria da Jainkoaren begietan, Liburu Santuak dioen bezala:
«Jakintsuak beren maltzurkerian
harrapatzen ditu.»
Eta beste hau ere badio:
«Badaki Jaunak jakintsuen asmoak
hutsalak direla.»
Beraz, ez bedi inor harro gizakiez, dena zuena baita: Paulo, Apolo, Pedro, mundua, bizitza, heriotza, oraingoa eta gerokoa; dena zuena da. Zuek, ordea, Kristorenak zarete, eta Kristo Jainkoarena.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 2, 5

Aleluia, aleluia.
Haren mezua onartzen duenarengan,
berriz, Jainkoaren maitasuna
bere betera iritsi da. Aleluia.


EBANJELIOA

Maitatu etsaiak.

+ Mateo 5, 38-48

Egun hauetan, Jesusek esan zieten bere irakasleei: «Badakizue legean agindua: Begia begiaren ordain, hortza hortzaren ordain. Nik, berriz, hau diotsuet: Gaizkileari ez gaizki erantzun; bestela baizik, eskuineko masailean jotzen zaituenari eskaini beste masaila ere; soinekoa kentzeko auzitara eraman nahi zaituenari eman soingainekoa ere; norbaitek kilometro bat egitera behartzen bazaitu egin bi berarekin. Eskatzen dizunari eman, eta dirua uzteko eskatzen dizunari ez ukatu.
«Badakizue legean agindua: Maitatu lagun hurkoa eta gorrotatu etsaia. Nik, berriz, hau diotsuet: Maitatu etsaiak eta egin otoitz pertsegitzen zaituztetenen alde; horrela, zeruko zeuen Aitaren egiazko seme-alaba izango zarete, hark zintzoentzat eta gaiztoentzat ateratzen baitu eguzkia, eta zuzenentzat eta zuzengabeentzat isurtzen euria. Izan ere, maite zaituztetenak bakarrik maite badituzue, zer sari zor zaizue? Zergalariek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Eta zeuen senideak bakarrik agurtzen badituzue, zer egiten duzue berezirik? Jentilek ere ez al dute beste horrenbeste egiten? Izan zaitezte, bada, guztiz onak, zeruko zuen Aita guztiz ona den bezala.

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page

lunes, 7 de febrero de 2011

2011/02/13 - Urteko 6. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko otsailaren 13a

Urteko 6. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ez dio inori eman bekatu egiteko baimenik.

Ben Sirak 15, 16-21 (15, 15-20)

Nahi baduzu, gorde ditzakezu aginduak,
Jaunaren borondatea zintzo betetzeko.
Hark sua eta ura jarri dizkizu aurrean,
nora nahi, hara eraman dezakezu eskua.
Bizitza eta heriotza daude gizakien aurrean jarriak:
aukeratzen duena emango bakoitzari.
Handia da, bai, Jaunaren jakinduria,
guztiz ahaltsua da eta dena ikusten du,
gizakiak egindako guztia ezagutzen.
Begirune diotenengan ditu jarrita begiak;
ez dio inori agindu fedegabe izateko,
ezta inori eman ere bekatu egiteko baimenik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 118, 1-2. 4-5. 17-18. 33-34 (R.: lb)

R.
Zorionekoak Jaunaren legean dabiltzanak!

Zorionekoak erabat zintzo jokatzen dutenak,
Jaunaren legean dabiltzanak!
Zorionekoak, haren xedapenak betez,
bihotz-bihotzez harengana jotzen dutenak! R.

Jauna, zeure legeak ezarri dituzu, arretaz bete ditzagun.
Eman ditzadala urratsak tinko, zure arauak gordetzeko. R.

Egiozu on zeure zerbitzari honi: biziko naiz
eta zure hitza gordeko dut.
Ireki nire begiak, ikus ahal ditzadan
zure legearen dohain harrigarriak. R.

Erakutsi niri, Jauna, zeure arauen bidea,
horri jarraitzea izango dut sari.
Ulertarazi zeure legea, eta gordeko dut,
bihotz-bihotzez beteko. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak jakinduria betidanik gure aintzarako erabaki zeukan

1 Korintoarrei 2, 6-10

Senideok, hala ere, sinesmen helduko kristauei jakinduria irakasten diegu guk ere; baina jakinduria hori ez da mundu honetakoa, ezta laster galduko diren mundu honetako agintariena ere. Guk Jainkoaren jakinduria misteriotsua irakasten dugu, hark ezkutuan eduki eta betidanik gure aintzarako erabakia zeukana. Mundu honetako agintarietatik batek ere ez du jakinduria hori ezagutu, zeren, ezagutu izan balute, ez baitzuketen gurutziltzatuko Jainkoaren aintza berekin zuen Jauna.
Baina, Liburu Santuak dioen bezala, inork ikusi eta entzun ez duena, gizakiari inoiz bururatu ez zaiona, Jainkoak bera maite dutenentzat prestaturik zeukana, horixe agertu digu Jainkoak Espirituaren bidez. Espirituak, izan ere, guztia aztertzen du, baita Jainkoaren barne-sakona ere.

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mt 11, 25

Goresten zaitut, Aita, zeru-lurren Jauna,
erreinuaren gauzak jende xumeari
agertu dizkiezulako.


EBANJELIOA

Aurrekoei agindu zitzaien Nik, berriz, hau diotsuet.

+ Mateo 5, 17-37

Egun haietan, «Ez uste izan Moisesen legea edo profeten esanak huts bihurtzera etorria naizenik; ez naiz huts bihurtzera etorri, beren betera eramatera baizik.
Zeren eta benetan diotsuet: Zeru-lurrek dirauten bitartean legearen hitz batek edo zeinurik txikienak ere ez du baliorik galduko, dena bete arte.
Beraz, agindurik txikienetako bat hausten edota hausten irakasten duena, txikien bezala hartuko du Jainkoak bere erreinuan; betetzen edota betetzen irakasten duena, ordea, handitzat hartuko du Jainkoak bere erreinuan.
Hara zer diotsuedan: Jainkoaren nahia lege-maisuek eta fariseuek baino hobeki betetzen ez baduzue, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaiena: Ez hil inor; eta hiltzailea kondenatua izango da.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere senidearekin haserretzen dena kondenatua izango da; bere anaia iraintzen duena biltzar nagusian kondenatua izango da, eta hitzez mintzen duena, infernuko sutara kondenatua izango da.
«Beraz, aldarean zeure oparia eskaintzerakoan, zure senideak zure kontra zerbait baduela gogoratzen bazaizu, utzi oparia han, aldare aurrean, eta zoaz lehenbizi senidearekin bakeak egitera; itzuli gero zeure oparia eskaintzera.
«Konpon zaitez lehenbailehen zeure etsaiarekin, berarekin auzitegira zoazen bitartean; bestela, epailearen eskuetan jarriko zaitu eta epaileak ertzainaren eskuetan, eta kartzelara botako zaituzte.
Benetan diotsut: Ez zara handik aterako azken txanpona ordaindu arte.
«Badakizue legean agindua: Ez egin adulteriorik.
Nik, berriz, hau diotsuet: Emakume ezkondu bati irrikaz begiratzen dionak, egin du jadanik adulterioa bere bihotzean.
«Eskuineko begia galbide bazaizu, atera eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura jaurtia izan baino. Eskuineko eskua galbide bazaizu, moztu eta bota zeuregandik urruti: hobe duzu gorputz-atal bat galdu, oso-osorik infernura joan baino.
«Legeak agindua du beste hau ere: Bere emaztea uzten duenak eman diezaiola dibortzio-agiria.
Nik, berriz, hau diotsuet: Bere emaztea uzten duenak –legearen contra elkartuak ez badira behintzat – adulteriora bultzatzen du emaztea; eta utzitako emakume horrekin ezkontzen denak adulterio egiten du.
«Badakizue legean aurrekoei agindu zitzaien beste hau ere: Ez egin gezurrezko zinik, eta bete Jaunari egindako zinak.
Nik, berriz, hau diotsuet: Ez egin inolako zinik, ez zeruarengatik, Jainkoaren tronua baita; ez lurrarengatik, haren oin-aulkia baita; ezta Jerusalemengatik ere, Errege handiaren hiria baita. Ez egin zinik zeure buruarengatik ere, ez baitezakezu zeure ile bakar bat ere zuri edo beltz bihur. Esan ezazue “bai”, bai denean, eta “ez”, ez denean; gainerakoa gaiztoarengandik dator.

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page