lunes, 31 de enero de 2011

2011/02/06 - Urteko 5. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko otsailaren 6a

Urteko 5. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Goiz-argiak bezala
egingo duzu distira.


Isaias 58, 7-10

Jaunak esan zidan:
«Gose denari zeure ogitik eman
eta aterperik ez duen behartsua
etxean hartzea,
biluzik dagoena jantzi
eta zeure gizakideari
laguntzarik ez ukatzea?»
Orduan, goiz-argiak bezala
egingo duzu distira
eta zure gaitzak berehala
sendatuko dira.
Justizia izango duzu
aurretik gidari
eta Jaunaren presentzia
atzetik babesgarri.
Zuk dei egin
eta hark erantzun egingo dizu,
zuk laguntza eskatu
eta hark esango: «Hemen nauzu!»
Uztarri oro baztertzen
eta salaketak eta gaizki-esateak
uxatzen badituzu,
gose denari
zeure ogia ematen
eta behartsuaren premiari
erantzuten badiozu,
orduan, ilunpetan distira
egingo du zure argiak,
zure gau beltza
eguerdi bihurtuko da.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 111, 4-5. 6-7. 8a y 9 (R.: 4a)

R.
Ilunpetan argia ageri da zuzenentzat.

Ilunpetan argia ageri da zuzenentzat:
Jainko errukiorra, bihozbera eta zintzoa.
Zorionekoa errukitu eta laguntzen duena,
bere arazoak zuzen daramatzana. R.

Zintzoak ez du inoiz koloka egingo,
haren oroitzapenak beti bizirik iraungo.
Ez du izango berri txarren beldurrik,
adoretsu dago, Jaunarenganako konfiantzaz. R.

Seguru sentitzen da, ezeren beldurrik gabe;
Eskua betean ematen die behartsuei,
haren eskuzabaltasunak betiko dirau:
ohorez jasoko du kopeta. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo gurutziltzatuaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean

1 Korintoarrei 2, 1-5

Horregatik, senideok, nik ere, Jainkoaren salbamen-asmoa iragartzera joan nintzaizuenean, ez nizuen hitz egin giza jakinduriazko hizkera landua erabiliz.
Izan ere, zuen artean ez nuen ezer jakin nahi izan, Jesu Kristo, eta berau gurutziltzatua, izan ezik. Horregatik, ahul eta beldurrez dar-dar aurkeztu nintzen zuen aurrean.
Nire hitza eta predikua ez ziren giza jakinduriazko argudiotan oinarritu, Espirituaren indarrean baizik, horrela, zuen sinesmena Jainkoaren indarrean oinarri zedin eta ez giza jakindurian.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 8, 12b

Neu naiz munduarentzat argia- esanten du Jaunak-
niri jarraitzen didana bizia ematen duen argia izango du.


EBANJELIOA

Zuek zarete munduarentzat argia.

+ Mateo 5, 13-16

Orduan, Jesusek esan zioten bere ikasleei:
«Zuek zarete munduarentzat gatza. Baina gatza gezatzen bada, nola gazitu berriro? Ez du jadanik ezertarako balio, botatzeko baizik eta jendeak zapaltzeko.
«Zuek zarete munduarentzat argia. Ezin daiteke ezkuta mendi gainean dagoen hiria. Kriseilua ere ez da pizten ontzipean ipintzeko, argimutilaren gainean baizik, etxeko guztiei argi egiteko. Era berean, zuen argiak denen aurrean egin behar du argi, zuen egintza onak ikusiz, zeruko zuen Aita gorets dezaten.

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page

lunes, 24 de enero de 2011

2011/01/30 - Urteko 4. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko urtarrilaren 30a

Urteko 4. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Eta jende apal eta behartsua utziko dut zurean.

Sofonías 2, 3; 3, 12-13

Eta zuek denok, lurraldeko apalok,
Jaunaren aginduak
betetzen dituzuenok,
bila ezazue Jauna.
Bilatu zuzentasuna,
bilatu apaltasuna.
Eta babesa aurkituko duzue agian
Jaunaren haserre-egunean.
Eta jende apal eta behartsua
utziko dut zurean:
niregan izango dute babes.
Israelen bizirik geldituek
ez dute aurrerantzean
bidegaberik egingo,
ez gezurrik esango,
ez beren ahotan
engainu-hitzik izango.
Eta inoren beldurrik gabe
jango dute eta atseden hartuko».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 145, 7. 8-9a. 9bc-10 (R.: Mt 5, 3)

R.
Zorionekoak bihotzez behartsu direnak,
haiek baitute Jainkoa errege.


Jaunak beti eusten dio bere hitzari.
Zapalduen eskubideak defendatzen ditu,
gose direnei ogia ematen.
Jaunak askatzen ditu presoak. R.

Jaunak zabaltzen itsuen begiak,
Jaunak altxatzen lur jota daudenak.
Jaunak maitatzen zintzoak,
Jaunak ditu etorkinak zaintzen. R.

Umezurtz eta alargunei zutik eusten,
baina gaiztoen nagusigoa iraultzen.
Jauna errege da betiko,
errege zure Jainkoa, Sion, menderen mendetan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Munduak argaltzat duena aukeratu du Jainkoak.

1 Korintoarrei 1, 26-31

Begira bestela, senideok, zeintzuk zareten Jainkoak deitu zaituztenok: ez dira zuen artean munduak jakintsutzat hartzen dituenetatik asko, ezta ahaltsu nahiz aitoren semeetatik ere. Aitzitik, munduak zorotzat duena aukeratu du Jainkoak jakintsuak lotsarazteko, eta munduak argaltzat duena indartsuak lotsarazteko; munduak baliogabetzat eta mespretxagarritzat duena, munduaren begitan ezerez dena, aukeratu du Jainkoak, zerbait direla uste dutenak ezerezteko; horrela, ez du inork Jainkoaren aurrean harrotzerik. Berari zor diozue izatea, Jesu Kristori esker. Berau egin du Jainkoak guretzat jakinduria, berorren bidez askatu gaitu bekatutik, salbatu eta bere egin. Horrela betetzen da Liburu Santuak dioen hura: Harrotu nahi duena, harro bedi Jaunarengan.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 5, l2a

Poz zaitezte eta alaitu,
handia izango baita zuen saria zeruan.


EBANJELIOA

Dichosos los pobres en el espíritu

+ Mateo 5, 1-12a

Jendetza ikusirik, Jesus mendira igo zen. Eseri eta ikasleak hurbildu zitzaizkion. Orduan, honela hasi zitzaien irakasten:
«Zorionekoak bihotzez behartsu direnak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak negarrez daudenak, haiek baititu Jainkoak kontsolatuko.
«Zorionekoak bihotz gozokoak, haiek baitira jabetuko Jainkoak hitzemandako lurraz.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeko gose-egarri direnak, haiek baititu Jainkoak aseko.
«Zorionekoak errukitsu direnak, haiek baititu Jainkoak erruki izango.
«Zorionekoak bihotz-garbiak, haiek baitute ikusiko Jainkoa.
«Zorionekoak bakegileak, haiek baititu Jainkoak seme-alabatzat hartuko.
«Zorionekoak Jainkoaren nahia betetzeagatik erasotuak, haiek baitute Jainkoa errege.
«Zorionekoak zuek, niregatik madarikatuko zaituztetenean, erasoka eta gezurrez gaizki-esaka erabiliko zaituztetenean. Poz zaitezte eta alaitu, handia izango baita zuen saria zeruan.

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page

lunes, 17 de enero de 2011

2011/01/23 - Urteko 3. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko urtarrilaren 23a

Urteko 3. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Galilea, jentilen eskualdean herriak argi handia ikusi du.

Isaias 8, 23b-9, 3

Garai batean
lotsagarri utzi zituen Jaunak
Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea;
baina geroztik ospetsu egin du
itsaso ondoko bidea,
Jordanez haranzko lurraldea,
eta Galilea, jentilen eskualdea.
Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.
Poz bizia sortu diezu,
alaitasun handia eman.
Pozik daude zure aurrean,
uzta biltzean bezain pozik,
harrapakinak banatzean bezain alai.
Apurtua baituzu lepoan zeramaten
uztarri astuna,
zapaltzailearen aginte-makila,
Madiango gudarostea
apurtu zenuen bezalaxe.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 26, 1. 4. 13-14 (R.: 1a)

R.
Jauna dut argi eta salbamen.

Jauna dut argi eta salbamen:
nork ni beldurtu?
Jaunak dit bizia babesten:
nork ni ikaratu? R.

Gauza bakarra diot Jaunari eskatu,
horixe bakarrik dut irrika:
Jaunaren etxean bizi nadila bizitza guztian,
Jaunaren edertasunari
begira eta haren tenpluaren zaindari. R.

Ziur nago ni:
Jaunaren ontasuna gozatuko dut bizien lurraldean.
Itxaron Jaunarengan! Eutsi gogor, izan kemen!
Itxaron Jaunarengan! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik.

1 Korintoarrei 1, 10-13. 17

Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik; leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko.
Ene maiteok, ihes egiozue, beraz, idolatriari.
Pertsona zentzudunei bezala mintzo natzaizue; juzgatu zeuek diodana. Jainkoa bedeinkatuz hartzen dugun esker oneko kopak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen odolean? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen gorputzean?
Ogia bat denez, denok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen baitugu denok.

Jaunak esana.

EBANJELIOA

Kafarnaum herrian jarri zen bizitzen. Horrela, Jainkoak Isaiasen bidez esana bete zen

+ Mateo 4, 12-23

Joan Bataiatzailea kartzelan sartu zutela jakitean, Galileara joan zen Jesus.
Baina Nazaret utzirik, Zabulon eta Neftaliren lurraldean jarri zen bizitzen, aintzira-bazterrean dagoen Kafarnaum herrian. Horrela, Jainkoak Isaias profetaren bidez esana bete zen:

Zabulonen lurraldea
eta Neftaliren lurraldea,
itsas ondoko bidea,
Jordanez haranzko lurraldea,
jentilen Galilea!
Ilunpetan zegoen herriak
argi handia ikusi du.
Itzalpean bizi zirenei
argiak egin die distira.

Une hartatik hasi zen Jesus honela hots egiten: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».
Jesusek, Galileako aintzira-bazterrean zehar zebilela, bi anaia, Simon, Pedro deitua, eta Andres, ikusi zituen, sarea uretara botatzen, arrantzaleak baitziren. Jesusek esan zien: «Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet».
Haiek, besterik gabe, sareak utzi eta jarraitu egin zioten.
Aurrerago, beste bi anaia ikusi zituen, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin zien. Haiek, ontzia eta aita utzirik, jarraitu egin zioten.
Jesus Galilea guztian barrena ibili zen, hango sinagogetan irakasten. Jainkoaren erregetzaren berri ona hots egiten zuen eta herriko gaitz eta eritasun guztiak sendatzen.

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page

lunes, 10 de enero de 2011

2011/01/16 - Urteko 2. idandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko urtarrilaren 16a

Urteko 2. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Nazioen argitzat ezarriko zaitut, nire salbamena lurraren bazterreraino eraman dezazun.

Isaias 49, 3. 5-6

Jaunak esan zidan:
«Zu zara nire zerbitzaria, Israel,
zure bidez agertuko dut
neure ospea».
Ohorez jantzi nau Jaunak
eta neure Jainkoa dut indar.
Amaren sabelean eratu ninduen
bere zerbitzari izateko,
Jakoben leinuak berarengana
bihurrarazteko
eta Israel herria biltzeko.
Orain, honela mintzo zait Jauna:
«Ez da aski zu nire zerbitzari izatea
Jakoben leinuak susperrarazi
eta berritzeko
eta Israelen bizirik geldituak
itzularazteko;
nazioen argitzat ezarriko zaitut,
nire salbamena
lurraren bazterreraino
eraman dezazun».

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 39, 2 eta 4ab. 7-8a. 8b-9. 10 (R.: 8a eta 9a)

R.
Hemen nauzu, Jauna, zure nahia betetzeko.

Jaunarengan jarria nuen itxaropen guztia:
makurtu eta entzun du nire deiadarra.
Kantu berria ipini dit ezpainetan,
gure Jainkoarentzat gorespen-kanta. R.

Ez duzu nahi izan sakrifizio eta eskaintzarik,
ez erre-opari, ez bekatuen barkamen-oparirik;
baizik eta belarriak ireki dizkidazu, zuri entzuteko.
Horregatik diot: «Hemen nauzu». R.

Liburuan agintzen zait
zure nahia betetzeko.
Ene Jainko, atsegin dut zure legea neure barne-muinetan. R.

Batzar nagusian iragarri dut zure salbazioa,
ez ditut ezpainak itxi, ongi dakizu, Jauna! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea

1 Korintoarrei 1,1-3

Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik eta berak deiturik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Sostenes anaiak Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari idazten diogu. Jesu Kristok sagaratu zaituzte eta Jainkoak bere herri santu izateko deitu, edozein lekutan Jesu Kristo gure Jaunari dei egiten dioten guztiekin batera, hauek eta guk Jaun bat bera onartzen baitugu. Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.

Jaunak esana.

Aleluia Jn 1, 14. 12b

Eta Hitza gizon egin zen
eta gure artean jarri bizitzen.
Onartu zuten guztiei,
Jainkoaren seme-alaba izateko
ahalmena eman zien.


EBANJELIOA

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.

Joan 1, 29-34

Egun haietan, Joanek Jesus beregana etortzen ikusi eta esan zuen: «Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduko bekatua kentzen duena.
Honetaz ari nintzen, “Nire ondoren datorren gizona nire gainetik dago, ni baino lehenagokoa baitzen” esan nuenean.
Neuk ere ez nuen ezagutzen; baina ni urez bataiatzera etorri banaiz, bera Israel herriari agerrarazteko izan da».
Eta beste hau ere aitortu zuen Joanek: «Espiritua ikusi dut, uso-tankeran, zerutik jaisten, eta honen gainean gelditzen.
Neuk ere ez nuen ezagutzen, baina urez bataiatzera bidali ninduenak esan zidan: “Espiritua jaisten eta gizon baten gainean gelditzen ikusiko duzu; huraxe da Espiritu Santuaz bataiatzen duena”. Eta neuk ikusi dut eta aitortzen hauxe dela Jainkoaren Semea».

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page

lunes, 3 de enero de 2011

2011/01/09 - Jaunaren Bataioa (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko urtarrilaren 9a

Jaunaren Bataioa (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hona hemen nire zerbitzaria, atsegin dudana.

Isaias 42, 1-4. 6-7

Jaunak dio:
«Hona hemen nire zerbitzaria,
nik eusten diodana,
nik hautatua, atsegin dudana.
Beronen gain ezarri dut
neure espiritua:
nazioei justizia ekarriko die.
Ez du oihu egingo,
ez ahotsa goratuko,
ez kaleetan bere mintzoa
entzunaraziko.
Kanabera printzatua ez du hautsiko,
ahulduriko argi-metxa
ez du itzaliko.
Justizia ekarriko du leialki.
Ez du adorea galduko, ez etsiko,
lurrean justizia ezarri arte.
Haren legearen zain egongo dira
urrutiko herriak».
«Nik, Jaun honek,
salbamen-ekintzarako dei egin dizut
eta eskutik heldu;
nik eratu zaitut
eta egiteko hau ezarri:
herriarentzat nire ituna berritu
eta nazioei argi egitea,
itsuen begiak zabaldu
eta presoak espetxetik ateratzea,
ilunpetan bizi direnak kartzelatik.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmoa 28, 1a y 2. 3ac-4. y 9b-10 (R.: 11b)

R.
Jaunak bere herria bakeaz bedeinka dezala!

Goretsi Jauna, zeruko izakiok,
goretsi Jaunaren izen ospetsua!
Ahuspeztu Jaunaren aurrean, bere santutasunez agertzean! R.

Jaunaren ahotsak ur gainean durunda:
Jauna ur handien gainean garai.
Jaunaren ahotsa indartsu,
Jaunaren ahotsa arrandiatsu. R.

Haren zeruko tenpluan denek oihu: «Gora!»
Jauna eseria dago ur handien gainetik,
Jauna tronuan eseria, betiko errege. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen.

Eginak 10, 34-38

Orduan, honela mintzatu zen Pedro:
«Orain jabetzen naiz benetan Jainkoak ez duela bereizketarik egiten, baizik eta berari begirune dion eta beraren nahia betetzen duen edonor duela gogoko, herri batekoa nahiz bestekoa izan. Hark bere mezua bidali die israeldarrei, guztien Jauna den Jesu Kristoren bidez bakearen berri ona iragarriz.
Badakizue, Galilean hasi eta Judea osoan, Joanek predikatu eta bataiatu ondoren, gertatu zena, Nazareteko Jesusena, alegia: Jainkoak Espiritu Santuaz eta indarrez gantzutu zuen, eta hark on egiten eta deabruaren menpe zeuden guztiak sendatzen igaro zuen bere bizitza, Jainkoa berekin baitzuen.»

Jaunak esana.

Aleluia Cf. Mc 9, 7

Hodei batek estali zituen eta mintzo hau izan zen hodeitik: «Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!»

EBANJELIOA

Bataiatu eta berehala, Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen.

+ Mateo 3, 13-17

Jesus Galileatik Jordanera etorri zen, Joanengana, honek bataia zezan. Joanek ez zion utzi nahi eta esan zion:
-Neu naiz zuk bataiatu beharrekoa, eta zu zatoz niregana?
Baina Jesusek erantzun zion:
-Uztazu orain, honela bete behar baitugu osoki Jainkoaren nahia.
Orduan, amore eman zuen Joanek.
Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik irten zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen. Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin».

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page

domingo, 2 de enero de 2011

2011/01/06 - Jaungoikoaren Epifania (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2011ko urtarrilaren 6a

Jaungoikoaren Epifania (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunaren aintza zure gain ageri da!

Isaias 60, 1-6

Jaiki, Jerusalem, egizu distira,
badator-eta zure argia:
Jaunaren aintza zure gain ageri da!
Ikus, ilunpetan dago lurra,
gau beltzean herriak;
zure gain, ordea, Jauna ageri da,
haren aintza zure gain nabari.
Zure argirantz joko dute herriek,
zure egunsenti-distirarantz
erregeek.
Begira ingurura eta ikus:
seme-alaba guztiak
zuregana datoz, bildurik:
urrutitik datoz zure semeak,
besoetan dakartzate zure alabak.
Haiek ikusiz, distiratsu jarriko zara,
bihotza pozez lehertzeko zorian;
zuregana bilduko dituzte
urrutiko herrien altxorrak,
zuregana ekarriko
nazioen ondasunak.
Gamelu ugariz beteko zara,
Madian eta Efako karabanak
etorriko dira,
baita Sabako guztiak ere,
urrea eta intsentsua ekarriz
eta Jaunaren egintza goresgarriak
hots eginez.

Jaunak esana.

SALMOA

Salmo 71, 1-2. 7-8. 10-11. 12-13 (R.: cf. 11)

R.
Agur bezate ahuspezturik errege guztiek,
jar bekizkio menpean nazio guztiak!


Ene Jainko, emaiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Goberna beza zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R.

Haren egunetan, lora bedi justizia,
ugaldu bakea eta ongizatea, ilargia itzali arte!
Izan bedi nagusi itsasotik itsasora,
lurraren bazter batetik bestera. R.

Ekar biezazkiote erregaliak
Tarsiseko eta urrutiko herrietako erregeek,
ordaindu zergak Saba eta Sebako erregeek.
Agur bezate ahuspezturik errege guztiek,
jar bekizkio menpean nazio guztiak! R.

Berak libratuko du laguntza eske oihuka ari den behartsua,
nork defendaturik ez duen dohakabea.
Gupida izango die gizagaixo eta pobreei,
bizia salbatuko behartsuei. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez jentilok oinordekide izatea

Efesoarrei 3, 2-3a. 5-6

Senideok:

Jakingo duzue, noski, Jainkoak bere onginahian zuekiko eman didan eginkizuna; agerpenez jakinarazi zidan bere asmo ezkutuaz ari natzaizue, misterio hau ez zitzaien iragandako gizaldiei jakinarazi; orain, ordea, Espirituaren bidez bere apostolu santuei eta profetei agertu die Jainkoak. Eta hauxe da Jainkoaren asmo ezkutua: Kristo Jesusen bitartez eta berri onari esker, jentilok oinordekide izatea, Kristorekin gorputz bat bera osatzea eta agintzari beraren partaide izatea.

Jaunak esana.

Aleluia Mt 2, 2

Jaunaren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.

EBANJELIOA

Sortaldetik Erregeari gurtzera gatoz.

+ Mateo 2, 1-12

Jesus Judeako Belen herrian jaio zen, Herodes erregearen garaian. Jesus jaio ondoren, sortaldeko jakintsu batzuk azaldu ziren Jerusalemen, galdezka:
–Non da juduen errege jaioberria? Haren izarra ikusi dugu sortaldean eta gurtzera gatoz.
Berri honekin larritu egin zen Herodes erregea, baita Jerusalem hiri osoa ere. Orduan, herriko apaizburu eta lege-maisu guztiak bildu eta Mesias non jaiotzekoa zen galdetu zien.
Haiek erantzun zioten:
–Judeako Belenen, honela idatzi baitzuen profetak:

Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez,
Judako hirietan txikiena;
zuregandik aterako baita buruzagia,
Israel nire herria
gobernatuko dueña .

Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz. Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».
Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.
Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra .
Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.

Jaunak esana.


Locations of visitors to this page