lunes, 29 de noviembre de 2010

2010/12/05 - Abendualdiko 2. igandea (A)

Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko abenduaren 5a

Abendualdiko 2. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Beraren gainean kokatuko da
Jaunaren Espiritua.


Isaias 11,1-10

Kimu bat aterako da
Jeseren zuhaitz-ondotik,
adaxka bat erneko
haren sustraietatik.
Beraren gainean kokatuko da
Jaunaren Espiritua:
jakinduriaz eta adimenez beteko du,
kontseilari zuhur egingo
eta kemenez jantziko,
Jainkoa ezagutzen
eta haren esaneko izaten
irakatsiko dio.
Jainkoarenganako begirunea
izango du pozbide.
Ez du itxuratik bakarrik epaituko,
ez du entzundako hutsetik
erabakiko.
Jende xehea zuzenbidez
epaituko du,
lurraldeko dohakabeen eskubideak
defendatuko.
Makilaz bezala zigortu eta hilko ditu
bere hitzez herriko gaiztoak.
Justiziak eta leialtasunak
inguratuko dute,
gerrikoak gerria bezala.
Orduan, otsoa eta bildotsa
elkarrekin biziko dira,
lehoinabarra eta antxumea
elkarren ondoan etzango;
zekorra eta lehoikumea
batera haziko dira,
eta haurtxo batek zainduko ditu.
Behia eta hartz emea
elkarrekin larratuko dira
eta haien umeak batera etzango.
Lehoiak lastoa jango du,
idiaren antzera.
Bularreko haurra
suge-zuloetan jolastuko da,
sugegorri-habian sartuko du eskua.
Nire mendi santu osoan
ez du inork kalterik,
ez hondamendirik egingo,
Jaunaren ezagupenak beteko baitu
lurralde osoa, urak itsasoa bezala.
Egun hartan,
Jeseren zuhaitz-ondoko kimua
bandera gisa altxatua izango da,
herri guztien begi aurrean;
nazioak bila joango zaizkio
eta ospetsua izango da
haren egoitza.

SALMOA

Salmoa 71, 1-2. 7-8. 12-13. 17

R.
Haren egunetan, lora bedi justizia,
ugaldu bakea eta ongizatea, betiko arte!


Ene Jainko, emaiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Goberna beza zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R.

Haren egunetan, lora bedi justizia,
ugaldu bakea eta ongizatea, ilargia itzali arte!
Izan bedi nagusi itsasotik itsasora,
lurraren bazter batetik bestera. R.

Berak libratuko du laguntza eske oihuka ari den behartsua,
nork defendaturik ez duen dohakabea.
Gupida izango die gizagaixo eta pobreei,
bizia salbatuko behartsuei. R.

Iraun beza haren izenak betiko, eguzkiak adina!
Bedeinkatuak bitez harengan ondorengoak,
Zoriontsu nazio guztiak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala.

Erromatarrei 15,4-9

Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eroapenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun.
Eroapenaren eta adorearen iturri den Jainkoak eman diezazuela elkar ongi hartzea, Jesu Kristok nahi bezala. Horrela, bihotz batez eta aho batez goretsiko duzue Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako.
Izan ere, Kristo juduen zerbitzari egin zen, Jainkoak arbasoei eginiko agintzariak betetzeko eta, horrela, Jainkoaren leialtasuna agertzeko; eta jentilen zerbitzari ere egin zen, bere errukiagatik Jainkoa gorets zezaten. Hau dio, hain zuzen, Liburu Santuak:
«Horregatik,
atzerritarren artean goretsiko zaitut,
eta zure omenez kantatuko dut.»

EBANJELIOA

Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.


Mateo 3,1-12

Garai hartan agertu zen Joan Bataiatzailea, Judeako basamortuan honela hots eginez: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».
Joan honi buruz esan zuen, hain zuzen, Isaias profetak:
«Ahots bat oihuka
ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.»
Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko, eta matxinsaltoak eta basaeztia zituen janari.
Jerusalem hiriko, Judea osoko eta Jordan inguru guztiko jendea harengana joaten zen, eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.
Fariseu eta saduzear askori, bataiatzera zetozela ikustean, honela esan zien Joanek: «Sugekumeok! Nork esan dizue gainean duzuen haserre-zigorrari ihes egingo diozuela?
Ager ezazue zeuen jokabideaz bihozberrituak zaudetela, eta ez pentsa nahikoa duzuenik “Abrahamen ondorengo gara” esatea. Egia esan, honako harri hauetatik ere atera ditzake Jainkoak Abrahamen ondorengoak.
Prest dago aizkora zuhaitza hondotik jotzeko: fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sutara botako da.
Nik urez bataiatzen zaituztet bihozberri zaitezten; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuago da, eta ni ez naiz inor hari oinetakoak eranzteko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Eskuan dauka sardea, eta garia garbitzera doa: alea mandioan jasoko du; lastoa, ordea, inoiz itzaliko ez den sutan erreko».


Locations of visitors to this page

lunes, 22 de noviembre de 2010

2010/11/28 - Abendualdiko 1. igandea (A)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko azaroaren 28a

Abendualdiko 1. igandea (A)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaingoikoaren erreinuaren betiko pakea herri gustiak biduko ditu Jaunak.

Isaías 2,1-5

Hona hemen Juda eta Jerusalemi buruz Amotzen seme Isaiasi Jaunak agertu zion mezua.
Azken egunetan,
Jaunaren etxea dagoeneko mendia
beste mendien gain
ezarriko du Jaunak,
mendixka guztien gainetik jasoko.
Eta hara joko dute nazio guztiek.
Herri asko joango dira hara, esanez:
«Zatozte,
igo gaitezen Jaunaren mendira,
Jakoben Jainkoaren etxera;
bere bideak erakutsiko dizkigu,
eta gu haren bidexketan ibiliko gara;
Siondik irakatsiko baitu Jaunak,
Jerusalemdik hitz egingo».
Hark epaituko ditu nazioak,
erabakiko herrialde askoren auziak.
Ezpatak golde bihurtuko dituzte
eta lantzak igitai.
Ez da naziorik
nazioren aurka altxatuko,
ez dira gehiago
gudurako prestatuko.
Ea, bada, Jakoben herri,
ibil gaitezen Jaunaren argitan!

SALMOA

Salmoa 121, 1-2. 4-5. 6-7. 8-9

R.
Goazen pozik Jaunaren etxera!.

Hura poza nirea, esan zidatenean:
«Goazen Jaunaren etxera!»
Hona orain nire oinak
geldi zure ateetan, Jerusalem! R.

Horra igo behar dute leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege denez, Jaunaren izena gorestera;
hortxe esertzen baitira erregeak,
Daviden jauregian, justizia egitera. R.

Opa biezaiote bakea Jerusalemi:
«Lasai bizi bitez maite zaituztenak!
Bakea izan bedi zure harresi barruan,
lasaitasuna jauregietan!» R.

Neure senide eta lagunen izenean ere,
hauxe diot gartsuki: «Bakea zurekin!»
Jaunaren, gure Jainkoaren, etxearengatik,
zoriona eskatzen dut zuretzat. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Hurbilago baitugu orain salbamena.

Erromatarrei 13,11-1

Anai-arrebok: Horrek guztiak balio berezia du zein garaitan bizi garen jakinik. Izan ere, ordua da lotatik esnatzeko, sinesten hasi berri hartan baino hurbilago baitugu orain salbamena.
Badoa gaua, gainean dugu eguna; utz ditzagun, beraz, ilunpetako egintzak eta presta gaitezen argitan jarduteko.
Gabiltzan duintasunez, egun-argiz bezala: ez jan-edanean eta hordikerian, ez lizunkerian eta neurrigabekerian, ez haserrean eta norgehiagokerian. Bizi zaitezte Jesu Kristo Jaunari itsatsiak, eta ez ibili giza grinak bete nahian.

EBANJELIOA

Zain egon prest egoteko.

Mateo 24,37-44

Egun haietan, Jesusek esan die bere irakasleei: Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan.
Uholdearen aurretik, jan-edanean ziharduen eta ezkondu egiten zen jendea, Noe ontzian sartu zen arte; eta ez ziren konturatu, uholdea iritsi eta denak eraman zituen arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. Soroan izango diren bi gizonetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute; errotan ehotzen ariko diren bi emakumeetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute. Zain egon, beraz, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna.
Gogoan hartu hau: etxeko nagusia, lapurra gaueko zein ordutan etorriko den jakingo balu, zain egongo litzateke eta ez luke etxea zulatzen utziko.
Prest egon, bada, zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea.


Locations of visitors to this page

lunes, 15 de noviembre de 2010

2010/11/21 - Urteko 34. igandea (C) Jesukristo unibertsoaren erregea


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko azaroaren 21a

Urteko 34. igandea (C) Jesukristo unibertsoaren erregea


LEHENENGO IRAKURGAIA

Davidei Israelgo errege gantzutu zioten.

2 Samuel 5,1-3

Israelgo leinu guztiek Hebronera Davidengana bildu eta esan zioten: «Zeure odolekoak gaituzu gu ere. Lehendanik, Saul gure errege zenean ere, zuk zenituen Israelen joan-etorriak gidatzen. Jaunak esana dizu: “Zuk gidatuko duzu ene herri Israel eta zu izanen zara israeldarren agintari”».
Etorri ziren, bada, israeldarren buruzagi guztiak Hebronera David erregeagana, eta hitzarmena egin zuen honek haiekin Jaunaren aurrean. Haiek Israelgo errege gantzutu zuten.

SALMOA

Salmoa 121, 1-2. 4-5

R.
Goazen pozik Jaunaren etxera!

Hura poza nirea, esan zidatenean: «Goazen Jaunaren etxera!»
Hona orain nire oinak geldi zure ateetan, Jerusalem! R.

Horra igo behar dute leinuek, Jaunaren leinuek,
Israelen lege denez, Jaunaren izena gorestera;
hortxe esertzen baitira erregeak,
Daviden jauregian, justizia egitera. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Berak atera gaitu ilunpearen menpetik eta bere Seme maitearen erreinura aldatu.

Kolosarrei 1,12-20

Senideok: bozkarioz beterik, eskerrak eman diezazkiozuen Aitari, argiaren erreinuan bere herri santuarentzat prestaturik dituen ondasunetan parte izateko gai egin zaituztenari.
Berak atera gaitu ilunpearen menpetik eta bere Seme maitearen erreinura aldatu; honengan dugu askapena, bekatuen barkamena.
Jainko ikusezinaren irudi da Kristo,
izaki guztietan lehen-sortua.
Beraren bidez sortu zituen Jainkoak
zeru-lurretan diren gauza guztiak,
ageri direnak eta ez direnak:
munduan agintzen duten ahalmen,
nagusi, aginte eta botereak.
Kristo da sortua izan den guztiaren
eredu eta helburu.
Gauza guztiak baino lehenago
da bera, eta berari esker
diraute elkarloturik.
Kristo da gorputzaren burua,
Elizarena alegia.
Bera da hasiera,
hildakoen artetik lehen piztua,
eta gauza guztietan
lehentasuna dagokio;
Jainkoak nahi izan baitu
bere izaeraren betea
Kristorengan egotea,
eta honen bitartez gauza guztiak
berekin adiskidetzea,
bai zerukoak eta bai lurrekoak,
berak gurutzean isuritako odolaz
bakea ekarriz.

EBANJELIOA

Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.

Lukas 23,35-43

Herria begira zegoen. Agintariek, berriz, Jesusi burla egiten zioten, esanez: «Besteak salbatu ditik; salba dezala bere burua, Jainkoaren Mesias, hautatua, baldin bada».
Soldaduek ere irri egiten zioten; ondoraturik, ozpina eskaini zioten eta esan: «Juduen errege baldin bahaiz, salba ezak heure burua».
Honako idazkun hau zuen buruaren gainaldean: «Hau juduen erregea da».
Zintzilik zeuden gaizkileetako bat Jesusi irainka ari zitzaion, esanez:
–Ez al haiz, bada, hi Mesias? Salba ezak heure burua eta salbatu gu ere!
Baina besteak errieta egin zion hori zioenari:
–Ez al duk Jainkoaren beldurrik, zigorra jasaten hagoela ere? Gurea legezkoa duk, geure egintzengatik merezia baitugu; baina honek ez dik okerrik egin.
Gero, gaineratu zuen:
–Jesus, oroit zaitez nitaz errege izatera iritsiko zarenean.
Jesusek erantzun zion:
–Benetan diotsut: Gaur nirekin izango zara paradisuan.


Locations of visitors to this page

lunes, 8 de noviembre de 2010

2010/11/14 - Urteko 33. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko azaroaren 14a

Urteko 33. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Eguzkia bezala agertuko da nire justicia,

Malakias 3,19-20a

Honela diot nik, Jaun ahalguztidun honek: Badator eguna, labea bezain kiskalgarria. Harro eta gaizkile guztiak lasto izango dira, eta etortzekoa den egun horretan erre egingo; ez die utziko ez sustrairik, ez abarrik.
Baina zuentzat, begirune izan didazuenontzat, eguzkia bezala agertuko da nire justizia, errainuetan osasuna dakarrela.

SALMOA

Salmoa 97, 5-6. 7-9a. 9bc

R.
Jauna bai baitator zuzenbidez herriak gobernatzera.

Ospatu Jauna zitaraz,
zitaraz eta kantu ederrez!
Turuta eta adar-hotsez,
egin irrintzi errege den Jaunari! R.

Egin beza orro itsasoak eta bertako guztiak,
munduak eta bertan bizi direnek!
Egin bezate txalo ibaiek, poz-oihu aho batez mendiek
Jaunaren aurrean, bai baitator lurra gobernatzera. R.

Justiziaz gobernatuko du mundua,
zuzenbidez herriak. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Lanik egin nahi ez duenak ez dezala jan.

2 Tesalonikarrei 3,7-12

Senideok: Ongi aski dakizue nola jokatu behar duzuen gure ereduari jarraitzeko: ez ginen zuen artean zabarkerian bizi izan, ez genuen inoren kontura jan geure ogia; aitzitik, gau eta egun lanean nekatu ginen zuetako inorentzat zama ez izateko. Bagenuen zuen kontura bizitzeko eskubidea; baina lan egin nahi izan genuen zuei jarraibide emateko.
Zuekin egon ginenean, arau hau eman genizuen: lanik egin nahi ez duenak ez dezala jan. Zeren jakin baitugu zuetako batzuk zabarkerian bizi direla, ezer ez egiten zeregintsu.
Horrelakoei Jesu Kristo gure Jaunaren izenean agintzen eta erregutzen diegu: bakean lan egin eta beren ogia irabaz dezatela.

EBANJELIOA

Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.

Lukas 21,5-19

Egun haietan, batzuk tenpluari buruz ari ziren, harri ederrez eta emaitzez apaindua zegoela aipatuz. Orduan, Jesusek esan zuen: «Etorriko da garaia, hor ikusten duzuen horretatik harririk ere harri gainean geldituko ez dena: dena suntsituko dute».
Ikasleek galdetu zioten: «Maisu, noiz gertatuko da hori, eta zertan ezagutuko da gertatzera doala?»
Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”, edo “Gainean da garaia”. Ez joan halakoen ondoren. Gerra eta iraultza-hotsak entzutean, ez ikaratu: lehenbizi gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina ez dator berehala azkena».
Gainera, esan zien: «Nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; lurrikara handiak izango dira, eta izurrite eta goseteak han eta hemen; gauza ikaragarriak gertatuko dira, eta ortzian seinale handiak azalduko.
«Baina hori guztia gertatu aurretik, eskua botako dizuete eta erasoko; sinagogetara eta kartzelara eramango zaituztete, eta erregeen eta agintarien aurrera zuzenduko niregatik. Aitorpen egiteko aukera emango dizue horrek guztiak. Hartu gogoan ez duzuela zeuen buruak nola defendatuko kezkatan egon beharrik: neuk adieraziko dizuet zer eta nola esan, eta zuen etsaietako inork ez du zuei aurre ematerik edo erantzuterik izango. Zeuen guraso eta senideek berek, ahaide eta adiskideek berek salduko zaituztete, eta zuetako zenbait hilko. Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina ez duzue buruko ile bakar bat ere galduko. Iraupenaren iraupenez lortuko duzue bizia.


Locations of visitors to this page

lunes, 1 de noviembre de 2010

2010/11/07 - Urteko 32. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko azaroaren 7a

Urteko 32. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu.

2 Makabearrak 7,1-2. 9-14

Beste batean, zazpi anaia atxilotu zituzten beren amarekin. Legeak debekatua duen txerrikia jatera behartu nahirik, idiaren zainez egindako zartailuz zigorkatu zituen erregeak. Haietarik batek, denen izenean mintzatuz, zioen: «Zer galdetzen diguzu? Zer jakin nahi duzu guregandik? Nahiago dugu hil, gure arbasoen legeak hautsi baino».
Azken arnasa ematerakoan, esan zuen: «Zuk, gaizkile maltzur horrek, oraingo bizia kentzen diguzu; baina munduaren Erregeak betiko bizirako piztuko gaitu, beraren legeengatik hiltzen garenok».
Honen ondoren, irainka eta iseka hasi ziren hirugarrenarekin. Mihia ateratzeko agindu ziotenean, berehala atera eta besoak ere luzatu egin zituen ausarki. Eta esan zien gizonki: «Jainkoak eman zizkidan gorputz-atal hauek beraren legeengatik gutxiesten ditut. Eta badakit, berarengandik hartuko ditudala berriro». Erregea eta beronekin zeudenak harrituak gelditu ziren gazte haren ausardiaz, huskeriatzat baitzituen oinaze-minak.
Hirugarrena hil zenean, oinaze berberaz torturatu zuten laugarrena. Hiltzear zegoela, esan zuen: «Merezi du giza eskuz hiltzeak, Jainkoak berpizteko itxaropena ematen digunean. Zuk, ordea, ez duzu bizirako berpizterik izango».

SALMOA

Salmoa 16, 1. 5-6. 8 y 15

R.
Piztean, zure izateaz aseko naiz, Jauna

Entzun, Jauna! Justizia eske nator!
Zaude adi nire deiadarrari, makur belarria nire otoitzari:
ez dut engainurik ezpainetan. R.

Bide latzetan sendo ezarri ditut oinak;
zure arrastotik ez dira aldendu nire urratsak.
Deika nauzu, Jainko; erantzungo al didazu!
Itzul niregana belarria, entzun nire mintzoa. R.

Zaindu nazazu zeure begi-ninia bezala,
gorde ni zeure hegalen itzalpean.
Nik, auzi-egunean, zure aurpegia ikusiko dut;
piztean, zure izateaz aseko naiz. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jaunak bete zaitzatela adorez eta sendotu, on den guztia egitez eta hitzez burutzeko.

2 Tesalonikarrei 2,15_3,5

Senideok:
Jesu Kristo gure Jaunak berak eta Jainko gure Aitak –maite izan gaituenak eta betiereko kontsolamendua eta halako itxaropen zoragarria dohainik eman dizkigunak– bete zaitzatela adorez eta sendotu, on den guztia egitez eta hitzez burutzeko.
Azkenik, senideok, egizue otoitz gure alde, Jaunaren mezua bizkor zabal dadin, eta denek ospez onar dezaten, zuek onartu zenuten bezala. Egin otoitz gizon oker eta gaiztoengandik gu onik atera gaitezen ere, ez baitira denak leialak. Jauna, ordea, leiala da, eta beronek sendotuko zaituzte eta gaiztoarengandik zainduko.
Zuei dagokizuenez, guk agindutako guztia egiten duzuen ziurtasuna ematen digu Jaunak, baita egiten jarraituko duzuena ere. Jaunak zuzen ditzala zuen bihotzak Jainkoa maitatzera eta Kristoren itxaropenean irautera.

EBANJELIOA

Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik.

Lukas 20,27-38

Egun haietan, saduzear batzuk etorri zitzaizkion Jesusi. Hauek hildakoak ez direla pizten esaten dute. Eta honela galdetu zioten:
–Maisu, Moisesek idatzi zigun: Norbaiti anaia ezkondu bat seme-alabarik gabe hiltzen bazaio, ezkon bedi alarguntsarekin, anaiari ondorengoa emateko.
«Baziren, bada, zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen. Bigarrena eta hirugarrena alarguntsarekin ezkondu ziren, eta zazpiak berdin. Eta denak seme-alabarik gabe hil ziren. Azkenik, hil zen emakumea ere. Piztuerakoan, noren emazte izango da, zazpiek izan baitzuten emazte?»
Jesusek erantzun zien:
–Mundu honetan gizon-emakumeak ezkondu egiten dira; baina datorren munduan eta hildakoen piztueran parte hartzeko Jainkoak gai aurkituko dituenak, gizonezko nahiz emakume, ez dira ezkonduko; izan ere, ez daitezke berriro hil, aingeruen antzeko baitira eta Jainkoaren seme-alaba, piztueran parte dutenez gero. Gainera, hildakoak pizten direla Moisesek berak adierazi zuen, sutan zegoen sasiaren pasartean, Jaunari Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainko deitzen dionean. Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik, denak bizirik baitaude harentzat.


Locations of visitors to this page