lunes, 25 de octubre de 2010

2010/10/31 - Urteko 31. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko urriaren 31a

Urteko 31. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Guztiez duzu errukia izaki guztiak maite dituzulako

Jakinduria 11,22_12,2 (11,23_12,2)

Jauna, mundu osoa zure aurrean
balantza alde batera okertzen duen izpitxoa da,
lurrean pausatzen den goizeko ihintz-tanta.
Guztiez duzu errukia, dena baitezakezu,
eta gizakien bekatuei ez ikusiarena egiten diezu,
bihozberri daitezen.
Izaki guztiak maite dituzu
eta ez duzu zeuk egindako ezer gutxiesten,
zerbaiti gorroto izan bazenio, ez baitzenukeen egingo.
Nola iraungo luke zerbaitek, zuk gogoko izan ez bazenu?
Edo nola jarraituko izaten, zuk dei eginda sortu ez balitz?
Zu bihozbera zara izaki guztiekin,
zureak baitira, bizia maite duzun Jaun horrenak,
eta zure espiritu hilezkorra guztiengan dago.
Horregatik, pixkanaka-pixkanaka
zentzarazten dituzu errudunak,
zertan bekatu egiten duten gogoraraziz zuzentzen dituzu,
gaizkitik urrundu eta zuregan sinets dezaten, Jauna.

SALMOA

Salmoa 144, 1-2. 8-9. 10-11. 13cd-14

R.
Zure izena beti goretsiko zaitut ene Jainko, ene errege.

Goratuko zaitut, ene Jainko, ene errege,
zure izena beti bedeinkatuko.
Egunero bedeinkatuko zaitut,
zure izena beti goretsiko. R.

Errukiorra eta bihozbera da Jauna,
haserregaitza eta onginahi handikoa.
Ona da Jauna guztientzat,
gupidaz betea bere sorkari guztientzat. R.

Gorets zaitzatela, Jauna, zeure sorkari guztiek,
bedeinka zeure fededunek.
Aipa bezate zure erregetza ospetsua,
mintza bitez zure ahalmenaz. R.

Fidagarria da Jauna bere hitz guztietan,
leiala bere egintza guztietan.
Erortzear direnei Jaunak die eusten,
lur joak ditu altxatzen. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesus gure Jaunak bere aintza azalduko du zuengan, eta zuek bera goretsiko duzue

2 Tesalonikarrei 1,11_2,2

Anai arrebok:
Otoizka ari gara beti zuen alde, gure Jainkoak bere deiaren gai egin zaitzaten, eta onerako duzuen gogoa eta sinesmenetik sortzen den zuen jarduera, bere ahalmenaz, beren betera eraman ditzan.
Horrela, Jesus gure Jaunak bere aintza azalduko du zuengan, eta zuek bera goretsiko duzue, gure Jainkoaren eta Jesu Kristo gure Jaunaren onginahiaren arabera.
Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren azken etorrerari eta gu harekin elkartuko garen uneari buruz, hau eskatzen dizuegu: ez dezazuela arinegi burua gal, ezta kezkatu ere, Jaunaren eguna gainean duzuela dioen goi-agerpen edo adierazpen edo guk egina omen den gutunen bat dela eta.

EBANJELIOA

Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.

Lukas 19,1-10

Egun haietan, Jesus Jerikon sartu eta herrian barrena zihoan. Bazen han Zakeo izeneko gizon bat, zergalari-burua, oso aberatsa. Jesus zein zen ikusi nahirik zebilen, baina ezin zuen jendearengatik, txikia baitzen. Lasterka aurrerago joan eta pikondo batera igo zen, Jesus ikusteko, handik igaro behar baitzuen. Jesusek, hara iristean, gora begiratu eta esan zion: «Zakeo, jaitsi berehala, gaur zure etxean gelditu behar dut eta». Jaitsi zen, bada, berehala eta pozik hartu zuen etxean.
Hori ikusirik, denak marmarka hasi ziren: «Bekatari baten etxera joan duk ostatuz».
Zakeok, berriz, zutiturik, Jaunari esan zion:
–Jauna, neure ondasunen erdiak behartsuei ematen dizkiet eta, inori ezer ostu badiot, lau halako bihurtuko diot.
Jesusek esan zion:
–Gaur iritsi da salbamena etxe honetara, gizon hau ere Abrahamen ondorengoa baita. Izan ere, Gizonaren Semea galdua zegoena bilatzera eta salbatzera etorri da.


Locations of visitors to this page

lunes, 18 de octubre de 2010

2010/10/24 - Urteko 30. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko urriaren 24a

Urteko 30. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Apalaren otoitzak hodeiak zeharkatzen ditu.

Ben Sirak 35,14.16-17.20-22a (Si 35,12-14.16-18)

Ez erosi nahi izan Jauna zeure opariez,
ez baititu onartuko.
Ez du alderdikeriarik egiten behartsuaren aurka
eta entzun egiten du bidegabeki erabiliaren eskaria;
ez du umezurtzaren erregua mespretxatzen,
ezta kexati doakion alarguna ere.
Jaunak gogo onez onartzen du bera zerbitzatzen duena,
eta honen eskaria zeruraino iristen da.
Apalaren otoitzak hodeiak zeharkatzen ditu
eta ez da sosegatzen bere helmugara iritsi arte;
ez du etsitzen Goi-goikoak esku hartu
eta errugabeen alde justizia egin arte.


SALMOA

Salmoa 33, 2-3. 17-18. 19 y 23

R.
Deiadar egitean, Jaunak entzun egiten du.

Bedeinkatuko dut Jauna une oroz,
etengabe goretsiko ene ezpainez.
Harro nago Jaunaz;
entzun bezate apalek eta poztu. R.

Aurpegi ematen die Jaunak gaizkileei,
lur gainetik ezabatzeko haien oroitzapena.
Deiadar egitean, Jaunak entzun egiten du
eta larrialdi guztietatik libratzen. R.

Hurbil dago Jauna bihotz-hautsiengandik
eta salbatzen ditu etsita daudenak.
Jaunak gordetzen du bere zerbitzarien bizia,
ez dute zigorrik harengan babesa dutenek. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa.

2 Timoteori 4,6-8. 16-18

Anai maite:
Ni neu, neure bizia opari eskaintzeko zorian nago; gainean dut mundu honetatik abiatzeko ordua. Borroka ona egin dut, bukatu dut lasterketa, gorde dut sinesmena. Dagoeneko zain daukat garaipenaren koroa, Jaunak, epaile zuzenak, azken egunean emango didana; eta ez niri bakarrik, baita haren aintzazko etorrera maitasunez itxaro duten guztiei ere.
Nire auziko lehenengo defentsan ez zen inor atera nire alde; bakarrik utzi ninduten denek; Jainkoak ez diezaiela kontuan har. Baina Jauna neurekin izan nuen eta indartu egin ninduen, nire bidez mezua oso-osorik iragarria izan zedin eta jentil guztiek entzun zezaten; berak atera ninduen lehoiaren ahotik. Jaunak aterako nau gaitz guztietatik eta salbamena emango bere zeruko erreinuan. Berari aintza menderen mendetan! Amen.

EBANJELIOA

Zergalaria Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez.

Lucas 18,9-14

Egun haietan, honako parabola hau esan zien Jesusek beren buruak zintzotzat hartzen eta besteak gutxiesten zituzten batzuei:
«Bi gizon tenplura igo ziren otoitz egitera, bata fariseua eta bestea zergalaria. Fariseuak, zutik, honela ziharduen otoitzean bere baitan: “Ene Jainkoa, eskerrak zuri besteak bezalakoa ez naizelako: lapur, gaizkile edota adulteriogile; ezta horko zergalari hori bezalakoa ere. Astean bi bider egiten dut barau, eta ondasun guztien hamarrenak ordaintzen ditut”.
«Zergalaria, berriz, urruti gelditurik, ez zen begiak lurretik altxatzera ere ausartzen, baizik eta bular-joka ari zen esanez: “Ene Jainkoa, erruki zaitez bekatari honetaz”.
«Benetan diotsuet azkeneko hau Jainkoarekin bakean itzuli zela etxera; fariseua, berriz, ez. Zeren eta bere burua goratzen duena beheratu egingo baitu Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu».


Locations of visitors to this page

lunes, 11 de octubre de 2010

2010/10/17 - Urteko 29. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko urriaren 17a

Urteko 29. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Moisesek besoei goian eusten zienean, israeldarrak ziren garaile.

Irteera 17,8-13

Refidimen amalektarrek eraso zieten israeldarrei. Orduan, Moisesek esan zion Josueri: «Aukeratu zenbait gizon eta atera amalektarren aurka borrokara. Bihar muinoaren gainean zutik egongo naiz ni, Jainkoaren makila eskuan».
Moisesek esan bezala egin zuen Josuek eta amalektarren aurka guduari ekin zion. Bitartean, Moises, Aaron eta Hur muinoaren gainera igo ziren.
Moisesek besoei goian eusten zienean, israeldarrak ziren garaile; behera erortzen zitzaizkionean, berriz, amalektarrak.
Moisesi besoak nekatu zitzaizkionean, harri bat hartu eta lurrean ipini zuten, bertan eser zedin. Gero, Aaronek eta Hurrek haren besoei eutsi zieten, alde banatatik. Honela, tinko iraun zuten Moisesen besoek, eguzkia sartu arte. Eta Josuek amalektarrak garaitu zituen eta ezpataz garbitu.

SALMOA

Salmoa 120, 1-2. 3-4. 5-6. 7-8

R.
Jaunarengandik datorkit gure laguntza,
zeru-lurrak egin zituenagandik.


Begiak mendietara ditut jasotzen:
nondik etorriko ote zait laguntza?
Jaunarengandik datorkit laguntza,
zeru-lurrak egin zituenagandik. R.

Jaunak ez zaitu erortzen utziko,
zure zaintzailea ez dago lo.
Ez, ez du sekula lorik egiten
Israelen zaintzaileak R.

Jauna duzu zaintzaile, Jauna gerizpe:
alboan duzu beti.
Ez dizu kalterik egingo eguzkiak egunez,
ez ilargiak ere gauez. R.

Jaunak zainduko zaitu gaitz orotatik,
berak zuri bizia zainduko.
Jaunak zainduko ditu zure ibilera guztiak
oraindanik eta betiko. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest.

2 Timoteori 3,14_4,2

Zuk, ordea, iraun ezazu tinko ikasi eta egiatzat onartu duzun guztian; hartu gogoan norengandik ikasia duzun eta Liburu Santuak umetandik ezagunak dituzula. Liburu Santuek emango dizute Kristo Jesusenganako sinesmenaren bidez salbamenera daraman jakinduria.
Liburu Santuetan idatzirik dagoen guztia Jainkoak inspiratua da eta irakasteko, arrazoiak emateko, okerrak zuzentzeko eta biziera zuzenean hezteko baliagarria; horrela, Jainkoaren gizona guztiz hornitua gertatzen da, edozein eginbehar onetarako prest.
Jainkoaren aurrean eta, errege bezala agertuz, biziak eta hilak epaitzera etorriko den Kristo Jesusen aurrean erregutzen dizut: hots egin Jaunaren hitza, ekin garaia denean eta ez denean, eman arrazoiak, zentzarazi eta eman adore, zeure pazientzia guztia eta irakasteko gaitasuna erabiliz.

EBANJELIOA

Jainkoak justizia egingo die gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei.

Lukas 18,1-8

Etengabe egin behar zutela otoitz eta ez zutela etsi behar adierazteko, parabola hau esan zien Jesusek: «Bazen hiri batean epaile bat, ez Jainkoari beldurrik, ez gizakiari begirunerik ez ziona. Bazen hiri berean emakume alargun bat ere. Hau epaileagana joaten zen eskatzera: “Egidazu justizia etsaiarekiko auzian”. Luzaroan epaileak ez zion jaramonik egin, baina azkenean bere baitan esan zuen: “Ez diot Jainkoari beldurrik, ezta gizakiari ere begirunerik; baina, alargun hau gogaikarri zaidanez, egiodan justizia, etengabeko buruhausterik eman ez diezadan”».
Eta honela bukatu zuen Jaunak: «Begira zer dioen epaile zuzengabeak. Eta Jainkoak ez ote die justizia egingo gau eta egun deiadarka ari zaizkion bere aukeratuei? Zain edukiko ote ditu luzaroan?
Berehala egingo diela justizia diotsuet. Baina Gizonaren Semea datorrenean, aurkituko ote du horrelako sinesmenik munduan?»


Locations of visitors to this page

lunes, 4 de octubre de 2010

2010/10/10 - Urteko 28. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko urriaren 10a

Urteko 28. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Naaman Jainkoaren gizonarengana itzuli zen Jainkoa goresten.

2 Erregeak 5,14-17

Egun haietan, Siriako Naaman murgildu zen Jordan ibaian zazpi aldiz, Eliseok, Jainkoaren gizonak agindu bezala. Azala haur txikiarena bezalakoa bihurtu zitzaion. Erabat sendatu zen Naaman.
Orduan, Jainkoaren gizonarengana itzuli zen bere talde osoarekin; profetagana heltzean, zutik gelditu eta esan zion:
–Orain badakit ez dela lur osoan Jainkorik Israelena baizik. Otoi, onar ezazu zerbitzari honen esku-erakutsia.
Eliseok ihardetsi zion:
–Ala Jauna, bere zerbitzari nauena! Ez dut ezer ere hartuko.
Naamanek hartzeko eta hartzeko esan arren, Eliseok ez zuen hartu nahi izan. Naamanek, orduan:
–Deus ere hartu nahi ez duzunez, emadazu bederen bi mandok eraman dezaketen bezainbat lur; ez baitiot erre-oparirik, ez sakrifiziorik inolako jainkori eskainiko Jaunari baizik.

SALMOA

Salmoa 97, 1. 2-3ab. 3cd-4

R.
Bere garaipena azaldu du Jaunak nazioen aurrean.

Kanta Jaunari kantu berria,
egintza harrigarriak egin baititu:
garaile egin du bere esku indartsu paregabeak. R.

Bere garaipena azaldu du Jaunak,
bere salbamen-ekintza agertu nazioen aurrean.
Ez du ahaztu bere maitasuna,
Israel herriari dion leialtasuna. R.

Mundu-bazter guztiek ikusi dute
gure Jainkoaren garaipena.
Egin irrintzi Jaunari, lurtar guztiok,
egin poz-oihu eta kantu, jo soinua! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

harekin sufritzen badugu, Kristorekin izango gara errege

2 Timoteori 2,8-13

Gogoan izan Jesu Kristo, Daviden jatorritik sortua, hildakoen artetik piztua. Hau da nik irakasten dudan berri ona, eta honengatik nago neketan, gaizkile bezala katez lotua; baina Jainkoaren hitza ez dago katez lotua.
Horregatik, dena jasaten dut Jainkoak aukeratu dituenen onerako, horiek ere guk Kristo Jesusengan dugun salbamena eta betiko aintza irits ditzaten.
Sinesgarria da doktrina hau:
“Harekin hiltzen bagara,
harekin biziko gara;
harekin sufritzen badugu,
harekin izango gara errege;
ukatzen badugu,
hark ere ukatu egingo gaitu;
gu leialak ez bagara ere,
hark leial dirau,
ez baitezake bere burua uka”.

EBANJELIOA

Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez.

Lukas 17,11-19

Jerusalemera bidean, Samarian eta Galilean barrena zihoan Jesus.
Herri batean sartzerakoan, hamar legendun atera zitzaizkion bidera. Urruti gelditurik, deiadarka esan zioten:
–Jesus, Maisu, erruki zakizkigu!
Jesusek, ikustean, esan zien:
–Joan eta azaldu apaizengana.
Bidean zihoazela, garbi gelditu ziren.
Haietako bat, sendatua zegoela oharturik, Jainkoa deiadarka goratuz itzuli eta Jesusen oinetara ahuspez erori zen, eskerrak emanez; samariarra zen bera.
Jesusek esan zuen:
«Ez ote dira hamarrak garbi gelditu? Non dira beste bederatziak? Ez al da izan atzerritar hau besterik Jainkoa goratzera etortzeko?»
Gero, esan zion: «Jaiki eta zoaz; zeure sinesmenak salbatu zaitu».


Locations of visitors to this page