lunes, 26 de julio de 2010

2010/08/01 - Urteko 18. Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko abustuaren 1a

Urteko 18. Igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Zer gelditzen zaio gizakiari eguzkipean egin duen hainbeste lan eta eginahaletatik?

Kohelet 1,2; 2,21-23

Huskeria hutsa
–dio Koheletek–,
huskeria hutsa, dena huskeria da.
Izan ere, eginahaletan ari da bat
zorrotz eta arretaz lan egiten,
emaitza onak lortzen,
eta dena,
inolako lanik egin ez duenari
utzi behar.
Hau bai dela huskeria
eta nardagarria!
Zer gelditzen zaio gizakiari
eguzkipean egin duen
hainbeste lan eta eginahaletatik?
Egunero atsekabea baizik ez du,
eta bere lanetan nekea;
gauez ere ez du atsedenik hartzen
haren bihotzak.
Hau bai dela huskeria!

SALMOA

Salmoa 89, 3-4. 5-6. 12-13. 14 y 17

R.
Jauna, zu izan zaitugu babesleku gizaldiz gizaldi.

Gizakia hauts bihurtzen duzu,
esanez: «Itzul lehenera, gizakiok!»
Bai, mila urte zuretzat
atzo igaro zen egunaren pareko,
gau-ordu baten pareko. R.

Hor daramatzazu gizakiak,
goizaldean ametsak bezala;
belarra bezala ernetzen dira:
goizean erne eta loratzen;
arratsaldean, berriz, zimeldu eta ihartzen. R.

Erakutsiguzu geure egunen kontua eramaten,
jakinduriaren erdi-muinaz jabe gaitezen.
Itzul zakizkigu, Jauna! Noiz arte haserre?
Erruki zeure zerbitzarioi! R.

Ase gaitzazu goizero zeure maitasunaz,
bizitza guztia poz-oihuz zorionean igaro dezagun.
Guregana bedi Jaunaren, gure Jainkoaren, gozoa!
Burutu bitza ongi gure eginbeharrak,
burutu ongi gure eginbehar guztiak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo.

Kolosarrei 3,1-5. 9-11

Senideok:
Kristorekin piztu zaretenez gero, bila itzazue zeruko gauzak, han baitago Kristo Jainkoaren eskuinaldean eseria.
Jarri zeuen gogoa goiko gauzetan, ez lurrekoetan, hilik baitzaudete, eta egiazko zuen bizia Kristorekin dago Jainkoarengan gordea. Kristo, zuen bizia, agertuko denean, orduan harekin aintzatsu agertuko zarete zuek ere.
Hilaraz itzazue, beraz, zeuen baitan mundu honen araberako jarrerak: lizunkeria, zikinkeria, irrits eta grina txarrak eta idolatria den diru-gosea.
Ez jarraitu elkarri gezurrak esaten, izaera zaharra eta beronen araberako jokabidea erantzi eta berria jantzi duzuenez gero; izaki berri zarete, bere egile den Jainkoaren irudira eraberrituz doana, hura gero eta sakonago ezagutzeko.
Harentzat ez dago ez greziarrik eta ez judurik, ez erdaindurik eta ez erdaingaberik, ez kultura handiagoko nahiz txikiagokorik, ez esklaborik eta ez librerik: Kristo da dena, eta denetan bizi da.

EBANJELIOA

Zer gertatzen zaion beretzat ondasunak pilatzen dituenari

Lukas 12,13-21

Behin batean, jendarteko batek esan zion Jesusi:
–Maisu, esaiozu nire anaiari senipartea nirekin erdibanatzeko.
Jesusek erantzun zion:
–Gizon, nork egin nau ni zuen artean epaile edo ondasun-banatzaile?
Orduan, guztiei esan zien:
–Kontuz! Gorde diru-gosetik, ondasunek ez baitiote inori bizia segurtatzen, ugari izanda ere.
Gero, parabola hau kontatu zien: «Gizon aberats bati lurrak uzta handia eman zion. Eta honela hasi zen berekiko pentsatzen: “Zer egin, ez baitut uzta non jasorik?” Eta beretzat esan zuen: “Badakit zer egin: mandio zaharrak bota eta handiagoak egingo ditut eta hauetan jasoko neure garia eta gainerakoak. Gero, esango diot neure buruari: Ea, mutil, baduk hor gordeta urteetarako ondasunik aski; hartu atseden, jan, edan eta bizi hadi lasai”.
Baina Jainkoak esan zion: “Burugabea halakoa! Gaur gauean bertan hil behar duzu. Norentzat izango da pilatu duzuna?”»
Eta honela amaitu zuen: «Horra zer gertatzen zaion, Jainkoarentzat aberats izan beharrean, beretzat ondasunak pilatzen dituenari».

Locations of visitors to this page

lunes, 19 de julio de 2010

2010/07/25 - Santiago, apostolua


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko uztailaren 25a

Santiago, apostolua


LEHENENGO IRAKURGAIA

Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen.

Eginak 4,33; 5,12. 27-33; 12,2

Egun haietan, apostoluek indar eta eragin handiz egiten zuten Jesus Jaunaren piztueraren testigantza. Anitz mirari eta egintza harrigarri gertatzen ziren herrian apostoluen eskuz.
Biltzar Nagusiaren aurrera eraman zituzten eta apaiz nagusiak esan zien:
–Ez al genizuen zorrotz agindu Jesusen izenean ez irakasteko? Zuek, ordea, Jerusalem osoa bete duzue zeuen irakaspenez; gainera, gizon horren heriotzaren erantzukizuna leporatu nahi diguzue.
Pedrok eta beste apostoluek erantzun zuten:
–Jainkoaren esana egin behar da lehenik, ez gizakiena. Gure arbasoen Jainkoak piztu egin du zuek egur batetik zintzilik hil zenuten Jesus. Jainkoak bere eskuinaldera altxatu du, buru eta salbatzaile eginez, Israeli bihozberritzea eta bekatuen barkamena emateko.
Gu gara honen guztiaren lekuko , gu eta esaneko zaizkionei Jainkoak ematen dien Espiritu Santua.
Erantzun honek beren onetik atera zituen, eta hil egin nahi zituzten apostoluak. Santiago, Joanen anaia, ezpataz hilarazi zuen.

SALMOA

Salmoa 66, 2-3. 5. 7-8

R.
Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!

Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
herriak justiziaz gobernatzen baitituzu,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Eman beza lurrak bere fruitua,
bedeinka gaitzala Jainkoak, gure Jainkoak.
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Jesusen heriotza daramagu guregan.

2 Korintoarrei 4,7-15

Baina altxor baliotsu hau buztinezko ontzitan daramagu, garbi ager dadin honenbesteko indarra Jainkoarengandik datorrela eta ez guregandik.
Alde guztietatik estutzen gaituzte , baina zapaldu ez; larri gaude, baina etsita ez; erasopean bai, baina eskutik utzita ez; lurrera botatzen gaituzte, baina suntsitzen ez; nonahi eta beti Jesusen heriotza daramagu guregan, Jesusen bizia ere guregan ager dadin. Bizi garen bitartean, beti heriotzara garamatzate Jesusengatik, gure izate hilkor honetan Jesusen bizia ere ager dadin.
Horrela, guregan heriotza ari da; zuengan, berriz, bizia.
Hau dio Liburu Santuak: Sinetsi nuen, eta horregatik hitz egin nuen. Guk ere, sinesmen-espiritu bera dugularik, sinesten dugu eta horregatik hitz egiten, jakinik, Jesus Jauna piztu duenak piztu egingo gaituela gu ere Jesusekin eta beronen ondoan ipiniko gaituela zuekin batera.
Hau guztia zuen onerako da, Jainkoaren dohaina askorengana ugari zabaltzean, esker ona ere ugal dadin, Jainkoaren aintzarako.

EBANJELIOA

Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue.

Mateo 20,20-28

Zebedeoren emaztea bere semeekin Jesusi hurbildu eta aurrean ahuspeztu zitzaion eskabide bat egiteko. Jesusek galdetu zion:
–Zer nahi duzu?
Eta hark:
–Agindu ezazu nire bi seme hauek, zu errege izatean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar daitezela.
Jesusek erantzun:
–Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik edateko?
–Bai, gauza gara –esan zioten.
Jesusek, orduan:
–Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue; baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.
Beste hamarrak, hori entzutean, bi anaien aurka haserre jarri ziren. Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari.
Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. Gizonaren Semea bezala: hura ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera».

lunes, 12 de julio de 2010

2010/07/18 - Urteko 16. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko uztailaren 18a

Urteko 16. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Jauna, begiko banauzu, ez alde egin arren

Hasiera 18,1-10a

Behin batean, Jauna agertu zitzaion Abrahami Mambreren artadian. Abraham oihal-etxolaren sarreran eserita zegoen, berorik handieneko orduan. Begiak jasorik, hiru gizonezko ikusi zituen bere aurrean zutik. Ikusi orduko, lasterka joan zitzaien oihal-etxolaren sarreratik. Ahuspez jarri eta esan zien:
–Ene Jauna, begiko banauzu, ez alde egin, arren. Berehala ekarriko dizuet ura, oinak garbitzeko. Hartzazue atseden bitartean, zuhaitzaren itzalpean. Jateko zerbait ekarriko dizuet indarberri zaitezten. Gero, bideari jarraituko diozue. Zerbaitegatik igaro zarete zeuen zerbitzari honen ondotik.
–Ongi da –erantzun zioten–; egizu esan bezala.
Abraham korrika sartu zen oihal-etxolara, Sararengana, eta esan zion:
–Bizkor, egizu orea irinik onenaz hirurentzat eta presta itzazu opil batzuk.
Abraham bera bizi-bizi joan zen ukuilura, eta, zekor guri eta gizen bat aukeraturik, morroi bati eman zion; honek berehala atondu zuen. Hartu zituen gatzatua, esnea eta atonduriko okela, eta bisitariei eraman zizkien. Haiek jaten zuten bitartean, zutik egon zen bera ondoan, zuhaizpean. Bukatzean, esan zioten:
–Non da Sara zure emaztea?
–Oihal-etxolan –erantzun zuen Abrahamek.
Jaunak esan zion:
–Zinez, urtebete barru itzuliko natzaizu, eta ordurako zure emazte Sarak semea izango du.

SALMOA

Salmoa 14, 2-3ab. 3cd-4ab. 5

R.
Jauna, nor egon daiteke zure etxean?

Jokaera prestua duena,
justiziaren arabera ari dena,
bihotz barrutik egia dioena;
mihi-luze ez dena. R.

Lagun hurkoari kalterik egiten ez diona,
auzokoa iraintzen ez duena;
mespretxagarria bere aurretik bota
eta jainkozaleak ohoratzen disuena. R.

mailegu-dirua lukurreriaz ematen ez
eta errugabearen kaltetan eskupekorik hartzen ez duena.
Horrela jokatzen duenak ez du sekula koloka egingo. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, orain bere fededunei agerturiko asmoari buruzkoa, alegia.

Kolosarrei 1,24-28

Adiskideok:
Pozik nago orain, zuen alde jasaten ditudan sufrimenduengatik. Horrela, gorputzean jasaten ari naizen atsekabeak Kristoren atsekabeei eransten dizkiet haren gorputza den Elizaren alde.
Elizaren zerbitzari bihurtu naiz ni, Jainkoak bere mezua zuei oso-osorik eramateko eginkizuna eman baitit.
Mezua Jainkoaren asmo ezkutuari buruzkoa da, mendeetan eta gizaldietan gordea eduki ondoren, orain bere fededunei agerturiko asmoari buruzkoa, alegia.
Hauei jakinarazi nahi izan die Jainkoak zein aberats eta aintzatsu den jentilentzat asmo ezkutu hori; zuengan den eta aintzarako itxaropen duzuen Kristori buruz ari natzaizue.
Kristo hauxe ari gara hots egiten, denei aholku emanez eta ahalegin guztian irakatsiz, denak beren kristau-bizitzan heldutasun betera irits daitezen.

EBANJELIOA

Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen. Alderik onena aukeratu zuen Mariak.

Lukas 10,38-42

Bidean zihoazela, Jesus herrixka batean sartu zen, eta Marta zeritzan emakume batek etxean hartu zuen.
Bazuen honek Maria izeneko ahizpa bat, eta hau, Jaunaren oinetan jarrita, honen hitza entzuten zegoen. Marta, berriz, lanpetua zebilen etxeko zereginetan. Orduan, Jesusengana joan eta esan zion:
–Jauna, ongi ikusten al duzu nire ahizpak etxeko lan guztiak nire gain uztea? Esaiozu laguntzeko.
Jaunak, ordea, erantzun zion:
–Marta, Marta, gauza askorengatik zabiltza kezkaz eta larri; baina bat bakarra da beharrezko. Alderik onena aukeratu du Mariak, eta ez dio inork kenduko.

lunes, 5 de julio de 2010

2010/07/11 - Urteko 15. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko uztailaren 11a

Urteko 15. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Esku-eskura baituzue Jaunaren hitza, bete dezazuen.

Deuteronomioa 30,10-14

Izan ere, obeditu egingo diozue Jaunari zeuen Jainkoari, legearen liburu honetan idatzitako beraren agindu eta legeak betez, eta bihotz-bihotzez eta gogo osoz itzuliko zarete Jaunarengana zeuen Jainkoarengana.
«Gaur nik ematen dizuedan agindua ez da zuen indarrez gaindikoa, ezta eskuraezina ere. Ez dago han zeruan, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu zerura, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?” Ez dago itsasoaz beste aldean ere, zuek honela esan behar izateko: “Nor joango zaigu itsasoaz beste aldera, agindua ekarri eta guri jakinarazteko, bete ahal izan dezagun?” Zeren esku-eskura baituzue Jaunaren hitza, zeuen ahoan eta bihotzean, bete dezazuen.

SALMOA

Salmoa 68, 14 y 17. 30-31. 33-34. 36ab y 37

R.
Apalok, izan bihotz, Jainkoarengana jotzen duzuenok

Jauna, zuri degizut otoitz:
Jauna, egidazu orain mesede!
Erantzun, ene Jainko, zeure maitasun handiaz,
zeure egiazko salbamenaz.
Erantzun, Jauna, zeure maitasun zoragarriaz,
bihur niregana begiak zeure erruki handiaz. R.

Ni, berriz, gizagaixo atsekabetu hau,
indarberri nazala, oi Jainko, zure salbazioak.
Orduan, Jainkoaren izena kantuz goretsiko dut,
esker onez handietsiko. R.

Ikusazue, apalok, eta poztu;
izan bihotz, Jainkoarengana jotzen duzuenok!
Entzuten baitie Jaunak bere behartsuei,
ez ditu baztertzen berari atxikiak daudenak. R.

Bai, Jainkoak salbatuko du Sion,
berriro eraikiko Judako hiriak.
Jainkoaren zerbitzarien ondorengoak izango dira oinordeko,
hura maite dutenak biziko bertan. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristo da sortua izan den guztiaren
eredu eta helburu.


Kolosarrei 1,15-20

Jainko ikusezinaren irudi da Kristo,
izaki guztietan lehen-sortua.
Beraren bidez sortu zituen Jainkoak
zeru-lurretan diren gauza guztiak,
ageri direnak eta ez direnak:
munduan agintzen duten ahalmen,
nagusi, aginte eta botereak.
Kristo da sortua izan den guztiaren
eredu eta helburu.
Gauza guztiak baino lehenago
da bera, eta berari esker
diraute elkarloturik.
Kristo da gorputzaren burua,
Elizarena alegia.
Bera da hasiera,
hildakoen artetik lehen piztua,
eta gauza guztietan
lehentasuna dagokio;
Jainkoak nahi izan baitu
bere izaeraren betea
Kristorengan egotea,
eta honen bitartez gauza guztiak
berekin adiskidetzea,
bai zerukoak eta bai lurrekoak,
berak gurutzean isuritako odolaz
bakea ekarriz.

EBANJELIOA

Nor da nire lagun hurkoa?

Lukas 10,25-37

Orduan, lege-maisu batek jaiki eta azpikeriaz galdetu zion:
–Maisu, zer egin behar dut ondaretzat betiko bizia jasotzeko?
Jesusek esan zion:
–Zer dago idatzia Moisesen legean? Zer irakurtzen duzu?
Hark erantzun:
–Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz, indar guztiz eta adimen guztiz. Eta lagun hurkoa zeure burua bezala.
Jesusek erantzun zion:
–Ederki erantzun duzu. Bete hori eta bizia izango duzu.
Baina lege-maisuak, bere galdera bidezkoa zela adierazi nahirik, galdetu zion Jesusi:
–Eta nor da nire lagun hurkoa?
Jesusek erantzun zion:
–Behin batean, gizon bat zihoan Jerusalemdik behera Jerikorantz eta lapurren eskuetan erori zen; zeuzkanak kendu eta, egurtu ondoren, alde egin zuten, erdi hilik utziz. 31 Apaiz bat gertatu zen, hain zuzen, bide hartan behera, eta, gizona ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 32 Gauza bera egin zuen handik igaro zen tenpluko lebitar batek ere: ikustean, bidetik okertu eta aurrera jo zuen. 33 Baina bidaian zen samariar bat bertara iritsi eta, hura ikustean, errukitu egin zitzaion.
Hurbildu eta zauriak lotu zizkion, olioz eta ardoz igurtzi ondoren; gero, bere asto gainean ezarri, ostatura eraman eta bere ardurapean hartu zuen. 35 Biharamunean, zilarrezko bi txanpon atera eta ostalariari eman zizkion, esanez: «Zain ezazu eta, gehiago gastatzen baduzu, hurrena natorrenean ordainduko dizut». 36 Zure ustez, hirurotan zeinek jokatu zuen lagun hurko bezala lapurren esku eroritako gizonarekin?
Lege-maisuak erantzun zion:
–Hartaz errukitu zenak.
Jesusek esan zion, orduan:
–Zoaz eta egin zuk ere beste horrenbeste.