domingo, 27 de junio de 2010

2010/07/04 - Urteko 14. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko uztailaren 4a

Urteko 14. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Ibaika ekarriko diot
Jerusalemi zoriona.


Isaías 66,10-14c

Poz zaitezte Jerusalemekin,
alaitu berarengatik,
maite duzuen guztiok!
Izan orain berarekin zoriontsu,
harengatik dolu egin zenutenok!
Edan asetzeraino
haren bular gozotik!
Xurgatu atseginez
haren ugatz oparotik!
Zeren hau baitio Jaunak:
«Ibaika ekarriko diot
Jerusalemi zoriona,
erreka betean nazioen ondasunak.
Amak haurra bezala
zainduko zaituztet:
bularra eman eta altzoan hartuko
eta magalean gozatuko.
Amak haurra
kontsolatzen duen bezala,
halaxe kontsolatuko zaituztet;
bai, Jerusalemen
kontsolatuko zaituztet».
Hau ikustean,
pozaren pozez
izango duzue bihotza,
belar berria bezain heze
hezur-mamiak.
Horrela erakutsiko die Jaunak
ahalmena bere zerbitzariei.

SALMOA

Salmoa 65, 1-3a. 4-5. 6-7a. 16 y 20

R.
Egin irrintzi Jainkoari, lurtar guztiok

Egin irrintzi Jainkoari, lurtar guztiok,
kanta haren omenez,
eman ohore hari gorespenez.
Esan Jainkoari: “Zu bai izugarria zeure egintzetan!. R.

Mundu osoa ahuspezten da zure aurrean,
kantu degizute,
abestiz zaituzte ospatzen”.
Zatozte, ikus Jainkoak eginak,
izugarriak gizakientzat haren ekintzak. R.

Itsasoa lehor bihurtu zuen,
oinez igaro ziren bertatik
Poz gaitezen, beraz, Jainkoarekin!
Nagusi da betidanik bere ahalmenaz. R.

Jainkoari begirune diozuenok, zatozte eta entzun:
hark nire alde egina kontatuko dizuet.
Bedeinkatua Jainkoa! Ez du baztertu nire otoitza,
ezta aldendu ere niregandik bere maitasuna. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Neure gorputzean daramatzadan markek erakusten baitute Jesusen zerbitzari naizela

Galaziarrei 6,14-18

Senideok:
Jainkoak libra nazala harrotzetik , Jesu Kristo gure Jaunaren gurutzeaz izan ezik; Kristo gurutzean hil zenez gero, Mundua hilik dago niretzat eta ni munduarentzat. Izan ere, erdaindua nahiz erdaingabea izatea berdin da; balio duena sorkari berri izatea da. Bakea eta errukia arau horri lotuak bizi direnei, baita Jainkoaren Israel herriari ere.
Hemendik aurrera ez diezadala inork nekerik eman, neure gorputzean daramatzadan markek erakusten baitute Jesusen zerbitzari naizela .
Senideok, Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin. Amen.

EBANJELIOA

Haren gain kokatuko da zuen bakea.

Lukas 10,1-12. 17-20

Ondoren, Jaunak beste hirurogeita hamabi ikasle izendatu eta bere aurretik bidali zituen binaka, bera joatekoa zen herri eta toki guztietara. Eta esan zien:
-“Uzta ugaria da, baina langileak gutxi. Erregutu, bada, uzta-jabeari, bidal ditzala langileak bere untara.
Zoazte! Bildotsak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Ez eraman poltsarik, ez zakutorik, ez oinetakorik, eta ez gelditu bidean inori agur egiten.
Edozein etxetan sartzen zaretela, esazue lehenbizi: “Bakea etxe honetakoei”. Han bakezalerik baldin badago, haren gain kokatuko da zuen bakea; bestela, hutsean geldituko da zuen agurra .
Geldi zaitezte etxe berean, eta jan eta edan daukatenetik, zor baitzaio langileari bere saria. Ez ibili etxez etxe.
Herriren batean sartu eta ongi hartzen bazaituztete, jan jartzen dizuetenetik, sendatu bertako gaixoak eta esaiezue: “Gainean duzue Jainkoaren erregetza”.
Baina herriren batean sartu eta onartzen ez bazaituztete, irten plazara eta esan:
“Oinetan itsatsi zaigun zuen herriko hautsa ere hor astintzen dizuegu. Dena dela, jakin ezazue gainean duzuela Jainkoaren erregetza”.
Hona nik esan: Auzi-egunean Sodomak zigor bigunagoa izango du herri hark baino.”
Hirurogeita hamabi ikasleak poz-pozik itzuli ziren, eta esan zioten Jesusi:
–“Jauna, deabruak ere menpean jartzen zaizkigu zure izena aipatzean.”
Jesusek esan zien:
–“Tximista bezala zerutik erortzen ikusi dut Satanas.
Begira, sugeak eta eskorpioiak zapaltzeko eta etsaiaren indar guztiak menderatzeko ahalmena eman dizuet, eta ezin izango dizue ezerk kalterik egin.
Halaz guztiz ere, ez poztu espirituak menpean jartzen zaizkizuelako; poztu, bai, zuen izenak zeruan idatzirik daudelako.”

Blog: http://sopelakoeliza.blogspot.com

miércoles, 16 de junio de 2010

2010/06/27 - Urteko 13. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko ekainaren 27a

Urteko 13. igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Eliseo jaiki zen eta Eliasi jarraitu zion.

1 Erregeak 19,16b. 19-21

Egun haietan Jainkoak esan zion Eliasi:
–Gantzutu Abel-Meholako Xafaten seme Eliseo, zure ondorengo profeta izan dadin.
Joan zen handik Elias eta Xafaten seme Eliseo aurkitu zuen goldean; hamabi idi-pare zituen aurretik, Eliseok hamabigarrena zeramalarik. Ondotik igarotzean, Eliasek bere soingainekoa bota zion Eliseori gainera.
Eliseo, orduan, idi-parea utzirik, Eliasen ondoren joan zen lasterka, eta esan zion:
–Uztazu, arren, aita-amei agur esaten, eta joango naiz zure ondoren.
Eliasek erantzun:
–Zoaz, baina itzul zaitez. Oroitu zer egin zaitudan.
Aldendu zen Eliseo Eliasengandik, hartu zuen idi-parea eta oparitzat eskaini zuen; idien uztarriaz sua egin eta erre zuen okela eta jaten eman zion jendeari. Jaiki zen gero eta Eliasi jarraitu zion morroi bezala.

SALMOA

Salmoa 15, 1-2a y 5. 7-8. 9-10

R.
Zu zaitut, Jauna neure kopa, bedeinkapenez betea

Gorde nazazu, Jauna, zuregan baitut babesa.
Jaunari esan diot: « Zu zaitut neure on guztia».
Zu zaitut, Jauna neure kopa, bedeinkapenez betea;
zure esku nire zoria! R.

Bedeinkatu nahi dut Jauna, berak baitit aholku ematen,
gauez ere ene barrua berak hezten.
Begi aurrean dut Jauna etengabe;
bera ondoan dudala, ez dezaket koloka egin. R.

Horregatik, alai daukat bihotza,
pozez jauzika erraiak, atsedenean lasai gorputza.
Ez bainauzu Herio Leizera botako,
zure fededuna ez duzu hilobian galtzen utziko. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Askatasunera deitu zintuzten Jainkoak

Galaziarrei gutuna 5,1.13-18

Senideok: Libre izateko askatu gaitu Kristok. Iraun ezazue, beraz, sendo eta ez makurtu berriro esklabotzaren uztarpera.
Zuek, senideok, askatasunera deitu zintuzten Jainkoak; baina askatasun hori ez bekizue aitzakia izan grina txarren arabera bizitzeko; bestela baizik, maitasunak egin zaitzatela elkarren zerbitzari. Zeren lege osoa betetzen baita, agindu bakar hau betez gero:
-Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.
Baina elkarri hozka eta elkar irentsi beharrean bazabiltzate, azkenik elkar suntsituko duzue. Beraz, hauxe diotsuet: Bizi zaitezte Espirituari dagokionez , eta ez giza grinei jarraituz. Giza grinak Espirituaren aurkakoak dira eta Espiritua giza grinen aurkakoa. Bi indar horiek elkarren aurkakoak dira; horrela, ez duzue nahi zenuketena egiten. Espirituak gidatzen bazaituzte, ordea, ez zaudete legearen menpe.

EBANJELIOA

Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek. Noranahi jarraituko dizut.

Lukas 9,51-62

Senideok:
Mundu honetatik eramana izateko garaia bazetorkiolarik, Jerusalemera joateko erabaki sendoa hartu zuen Jesusek.
Mandatari batzuk bidali zituen aurretik, eta Samariako herri batean sartu ziren Jesusi ostatua prestatzeko.
Baina herrikoek ez zuten hartu nahi izan, Jerusalemera zihoala eta. Hori ikusirik, Santiago eta Joan ikasleek esan zioten: «Jauna, aginduko al dugu zerutik tximista erori eta garbi ditzan?»
Baina Jesusek, haiengana itzulirik, haserre egin zien. Gero, beste herri batera joan ziren.
Bidean zihoazela, batek esan zion Jesusi:
–Noranahi jarraituko dizut.
Jesusek esan zion:
–Azeriek badituzte zuloak eta aireko hegaztiek habiak; Gizonaren Semeak, ordea, ez du burua non ezarri.
Beste bati esan zion:
–Jarraitu niri.
Baina hark erantzun:
–Jauna, uztazu lehenbizi aitaren hiletak egitera joaten.
Eta Jesusek:
–Utzi hilei beren hildakoen hiletak egiten; zu zoaz Jainkoaren erregetza hots egitera.
Beste batek, berriz, esan zion:
–Jarraituko dizut, Jauna, baina uztazu aurrena etxekoei agur egiten.
Baina Jesusek erantzun:
–Goldeari heldu eta atzera begiratzen duena ez da gai Jainkoaren erreinurako.

viernes, 11 de junio de 2010

2010/06/20 - Urteko 12. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko ekainaren 20a

Urteko 12. igandea (C)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Ni zulatua ikustean

Zakarias 12,10-11; 13,1

Honela dio Jaunak:
“Daviden etxe gainera eta Jerusalemgo bizilagunen gainera bihotz-damua eta otoitz-espiritua isuriko ditut. Ni zulatua ikustean, hiletak joko dituzte seme bakarrarengatik bezala, negar samina egingo dute lehen-semeagatik egin ohi den bezala. Egun hartan, handia izango da Jerusalemen hileta-negarra, Megidoko lautadetan Hadad-Rimon jainkoari egiten zaiona bezalakoa. Egun hartan, iturburu bat sortuko da Daviden ondorengoen eta Jerusalemgo bizilagunen bekatua eta kutsadura garbitzeko”.

SALMOA

Salmoa 62, 2. 3-4. 5-6. 8-9

R.
zure egarri da nire barrena, Jauna, nire Jainkoa.

Jainko, ene Jainko, lehia biziz nabilkizu bila,
zure egarri da nire barrena,
zure irrika naizen guztia,
lur lehor, agor, urik gabea bezala. R.

Egon nadila horrela santutegian zuri begira,
zure indarra eta ospea ikusiz.
Bizia baino ederrago zure maitasuna!
Nire ahoak ospatuko zaitu. R.

Bai, bizitza guztian bedeinkatuko zaitut,
zuri dei eginez altxatuko eskuak.
Jakirik gozoenez bezala aseko naiz,
eta nire ezpainek poz-oihuka goretsiko zaituzte. R.

Bai, zu izan zaitut laguntzaile;
kantuz ariko naiz pozik zure hegalen itzalean.
Zuri itsatsia nago oso-osorik,
eta zure eskuinak eusten niri. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Kristorekin lotuak izan zareten guztiok, soinekoz bezala Kristoz jantziak zaudete.

Galaziarrei 3,26-29

Anai-arrebok: Guztiok Jainkoaren seme-alaba zarete, Jesu Kristogan duzuen sinesmenari esker. Izan ere, bataioaz Kristorekin lotuak izan zareten guztiok, soinekoz bezala Kristoz jantziak zaudete. Ez da jadanik bereizketarik juduaren eta judu ez denaren artean, esklaboaren eta librearen artean, gizonezkoaren eta emakumezkoaren artean, zuek guztiok bat baitzarete Kristo Jesusengan. Eta Kristorenak baldin bazarete, Abrahamen ondorengo zarete, Jainkoaren agintzariaren oinordeko.

EBANJELIOA

Zu Jainkoaren Mesias zara, Gizonaren Semeak asko sufritu behar du.

Lukas 9,18-24

Jesus bakardadean otoitzean ari zen batean, ikasleak bildu zitzaizkion, eta Jesusek galdetu zien:
–Nor naizela dio jendeak?
Haiek erantzun zioten:
–Batzuek Joan Bataiatzailea zarela; beste batzuek Elias; besteek antzinako profetaren bat piztu dela.
Jesusek galdetu zien:
–Eta zuek, nor naizela diozue?
Pedrok erantzun:
–Jainkoaren Mesias.
Jesusek inori ez esateko agindu zien zorrotz, eta hau esan zien gainera: «Gizonaren Semeak asko sufritu behar du; zahar, apaizburu eta lege-maisuek gaitzetsi egingo dute eta hil, eta hirugarren egunean piztu egingo da».
Gero, denei esan zien:
“Nire ondoren etorri nahi duenak uko egin biezaio bere buruari, har beza bere eguneroko gurutzea eta jarrai biezat.
Izan ere, bere bizia gorde nahi duenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, gorde egingo du”.

domingo, 6 de junio de 2010

2010/06/13 - Urteko 11. igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano

Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko ekainaren 13a

Urteko 11. igandea (C)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Jaunak, hala ere, barkatzen dizu bekatua. Ez zara hilko.

2 Samuel 12, 7-10. 13

Egun haietan, Natanek, Davidi esan dio:
–Zeu zara gizon hori! Hona zer diotsun Jaunak, Israelen Jainkoak: «Nik gantzutu zaitut Israelgo errege, eta Saulen eskuetatik askatu.
Zeure jaunaren etxea eman dizut, eta altzoan jarri dizkizut zeure jaunaren emazteak. Israel eta Juda erreinuak eman dizkizut. Eta hori gutxi balitz, askoz handiagoak emanen dizkizut.
Zergatik gutxietsi duzu Jaunaren esana? Zergatik egin duzu Jaunaren begietan oker dena? Amondarren eskuz hilarazi duzu Urias hitita, eta haren emaztea zeure emazte egin.
Horregatik, Urias hititaren emaztea zeure emazte eginez ni gutxietsi nauzulako, ez zaizu inoiz ere borrokarik falta izango etxean».
Davidek erantzun zion Natani:
–Bekatu egin dut Jaunaren aurka.
Natanek Davidi:
–Jaunak, hala ere, barkatzen dizu bekatua. Ez zara hilko.

SALMOA

Salmoa 31, 1-2. 5. 7. 11

R.
Parkatu, Jaunak, nire erru eta bekatuak.

Zoriontsua Jainkoak hobena kendu
eta bekatua barkatu diona!
Zoriontsua Jaunak errurik egozten ez diona
eta bere barruan makurkeriarik ez duena! R.

Orduan, aitortu nizun bekatua,
ez nizun gorde errua.
Hobenak zuri aitortzea erabaki nuen, Jauna,
eta barkatu zenizkidan erru eta bekatuak. R.

Zu niretzat babesleku: arriskutik gordetzen nauzu,
askapen-kantaz inguratzen. R.

Poztu eta alaitu Jaunarekin, zintzoak!
Egin poz-oihu, bihotz zuzeneko guztiok! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Ez naiz ni bizi, Kristo bizi da niregan.

Galaziarrei 2,16. 19-21

Anai-arrebok:
Badakigu, hala ere, Jainkoak ez duela inor onartzen legea betetzeagatik, Jesu Kristogan sinesteagatik baizik.
Eta guk Jesu Kristogan sinetsi dugu, Jainkoak Kristorenganako sinesmenari esker eta ez legeak agindua betetzeagatik onar gaitzan; izan ere, Jainkoak ez du inor legea betetzeagatik onartzen. Ni legeak eraman ninduen legearekiko lokarria etetera, Jainkoarentzat bizitzeko.
Kristorekin batera gurutziltzaturik nago, eta honezkero ez naiz ni bizi, Kristo bizi da niregan. Eta oraingo neure giza bizitza, maite izan ninduen eta bere bizia nire alde eskaini zuen Jainkoaren Semearenganako sinesmenean oinarriturik bizi dut. Jainkoaren onginahia ez dut alferrikako bihurtu nahi. Baina Jainkoak legea betetzeagatik onartzen gaituela egia balitz, alferrik hila izango zen Kristo.

EBANJELIOA

Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da

Lukas 7,36_8,3

Behin batean, fariseu batek bazkaltzera gonbidatu zuen Jesus. Joan zen, bada, Jesus fariseuaren etxera eta mahaian jarri zen.
Hartan, emakume bat, herrian bekatari bezala ezaguna, Jesus fariseuaren etxean bazkaltzen zela jakinik, bertara joan zen, harzurizko ontzi bat ukendu zeramala.
Jesusen atzean oinen ondoan jarri zen negarrez, eta oinak malkoz bustitzen hasi zitzaion; gero, ileaz xukatu eta musukatuz, ukenduz igurzten zizkion.
Hau ikustean, gonbidatu zuen fariseuak bere baitan zioen: «Benetan profeta balitz, jakingo luke zer-nolakoa den ukitzen ari zaion emakumea, bekataria alegia».
Jesusek esan zion:
–Simon, badut zerbait zuri esateko.
Hark erantzun:
–Esadazu, Maisu.
–Diru-mailegari batek bi zordun zituen: batak bostehun denario zor zizkion eta besteak berrogeita hamar. Zerez ordaindurik ez zutelarik, barkatu egin zien biei. Bietako zeinek izango ote du maiteen?
Simonek erantzun zion:
–Gehien barkatu zionak, nik uste.
Jesusek esan zion:
–Zuzen diozu.
Eta, emakumeagana bihurturik, Simoni esan zion:
–Ikusten al duzu emakume hau? Zure etxean sartu naizenean, ez didazu oinak garbitzeko urik eskaini; honek, berriz, malkoz busti dizkit oinak eta bere ileaz xukatu.
Zuk ez nauzu musu emanez agurtu; hau, berriz, sartu denetik ez da gelditu nire oinei musuka. Zuk ez didazu burua olioz igurtzi; honek, berriz, oinak ukenduz igurtzi dizkit.
Beraz, hau diotsut: Bekatu asko ditu, baina hainbesteko maitasuna ageri badu, Jainkoak barkatu dizkion seinalea da; gutxi barkatzen zaionak maitasun gutxi agertzen du.
Eta emakumeari esan zion: «Barkatuak dituzu zeure bekatuak».
Beste bazkaltiarrak beren artean hasi ziren esaten: «Nor ote dugu bekatuak barkatu ere egiten dituen hau?»
Baina Jesusek esan zion emakumeari: «Zeure sinesmenak salbatu zaitu; zoaz bakean».
Honen ondoren, herriz herri eta auzorik auzo ibili zen Jesus, Jainkoaren erregetzaren berri ona hots eginez. Berekin zituen Hamabiak, baita espiritu gaiztoetatik eta gaitzetatik sendatuak zituen zenbait emakume ere: Magdalako Maria –honengandik zazpi deabru bota zituen–, Joana –Herodesen etxezain Kusaren emaztea–, Susana eta beste asko. Guztiok beren ondasunez laguntzen zieten Jesusi eta honen ikasleei.