viernes, 28 de mayo de 2010

2010/06/06 - Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano



Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak

2010eko ekainaren 6a

Kristoren Gorputz eta Odol Guztiz Santua(C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Hasiera 14, 18-20

Ogi-ardoak atera zituen.

Une hartan, Melkisedek Xalemgo erregeak ogi-ardoak atera zituen, Goi-goiko Jainkoaren apaiza baitzen, eta Abram bedeinkatu zuen, esanez:

«Goi-goiko Jainkoak,
zeru-lurren egileak,
bedeinka zaitzala, Abram!
Eta bedeinkatua izan bedi
Goi-goiko Jainkoa,
zure etsaien garaile
egin zaituelako».

Abramek guztiaren hamarrenak eman zizkion Melkisedeki.

SALMOA

Salmoa 109, 1. 2. 3. 4

Betiko zara apaiz, nik esan bezala,
nire legezko erregea.


Hona Jaunak ene jaun erregeari esan:
«Eseri tronuan nire eskuinean:
etsaiak oin-aulki jarriko dizkizut». R.

Siondik zabaltzen du Jaunak zure errege-aginpidea:
mendera itzazu, bada, guduan etsaiak! R.

Zu nagusi garaipen-egunean;
Santua agertzean, bera izango duzu adore-emaile,
bera egunsenti eta gaztetasun-ihintz. R.

Zin egina du Jaunak eta ez da damutuko:
«Betiko zara apaiz, nik esan bezala,
nire legezko erregea». R.


BIGARREN IRAKURGAIA

Korintoarrei lehen kutuna 11, 23-26

Ogi jaten eta kopa edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue.

Jaunarengandik hartu nuen nik, neure aldetik zuei eskualdatu dizuedan hau: Jesus Jaunak, saldu zuten gauean, ogia hartu zuela eta, esker oneko otoitza egin ondoren, zatitu eta esan zuela:
«Hau nire gorputza da, zuentzat ematen dena. Egizue hau nire oroigarri».
Berdin egin zuen koparekin afal ondoan, esanez:
«Kopa hau itun berria da, Jainkoak nire odolaz ezarria; egizue hau, edaten duzuen bakoitzean, nire oroigarri».
Beraz, ogi honetatik jaten eta kopa honetatik edaten duzuen bakoitzean, Jaunaren heriotza iragartzen duzue, bera etorri arte.

EBANGELIOA

Lukas 9, 11b-17

Asetzeraino jan zuten denek.

Egun haietan Jesusek jendea ongi hartu zituen eta Jainkoaren erregetzaz hitz egin zien eta premia zeukaten guztiak sendatu zituen.
Eguna iluntzen hasia zen. Hamabiak hurbildu eta esan zioten Jesusi:
–Bidal ezazu jendea inguruko auzo eta baserrietara, ostatu eta jan bila joan daitezen, hemen oso aparte baikaude.
Baina hark erantzun zien:
–Eman zeuek jaten.
Haiek, orduan:
–Ez daukagu bost ogi eta bi arrain besterik, jende honentzat guztiarentzat jatekoa erostera geu joaten ez bagara behintzat.
Bosten bat mila gizon ziren. Jesusek esan zien ikasleei:
–Eserarazi berrogeita hamarnaka.
Hala, denak eserarazi zituzten. Hartu zituen Jesusek bost ogiak eta bi arrainak, eta, begiak zerura jasorik, bedeinkazioa esan, ogiak zatitu eta ikasleei eman zizkien, jendeari eskaintzeko. Asetzeraino jan zuten denek, eta gelditutako hondarrez hamabi saski bete zituzten.

sábado, 22 de mayo de 2010

2010/05/30 - Hirutasun Santua (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko maiatzaren 30a

Hirutasun Santua (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Esaera Zaharrak 8,22-31

Lurra izan baino lehenagotik, jarduera izan nintzen sortea.

«Jaunak bere jardueraren hasieran sortu ninduen,
bere lehen egintzen aurretik.
Betidanik izan naiz eratua,
hasiera-hasieratik, lurra izan baino lehenagotik.
Ur-leizerik ez zenean izan nintzen sortua,
iturbururik ere ez zegoenean.
Mendiak landatuak izan aurretik,
muinoak baino lehen izan nintzen sortua;
artean ez zituen Jainkoak mundu hau eta kanpokoak eginak,
ezta lurraren lehen hautsa ere.
Zeruak ezarri zituenean, han nengoen ni,
ur-leizearen gainetik zerusabaia jarri zuenean,
hodeiak goian bildu
eta leize-iturriak tinko ezarri zituenean,
itsasoari mugak finkatu
–eta urek ez dituzte muga horiek gainditzen–,
eta lurrari oinarriak jarri zizkionean;
haren ondoan nengoen ni, obra-maisu bezala;
beraren gozamena nintzen egunero,
beraren aurrean jolastuz aldioro:
beraren ludiaz jolasten nuen
eta gizakiekin nuen neure gozamena.

SALMOA

Salmoa 8, 4-5. 6-7a. 7b-9

Jauna, gure Jauna,
bai harrigarria zure izena mundu osoan!


Zeure behatzez eratu duzun ortzia
eta ezarri dituzun ilargi-izarrak ikusita,
zer da gizona, zu hartaz oroitzeko?
Zer gizakia, zu hartaz arduratzeko? R.

Ia jainko baten pareko egin duzu,
ohorez eta aintzaz koroatu;
zeure eskulan guztien buru egin duzu. R.

Denak haren menpean jarri:
ardi eta idiak, baita basapiztiak ere;
zeruko hegaztiak eta itsasoko arrainak,
itsasoan zehar dabilen guztia. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Erromatarrei 5,1-5

Harro gaude atsekabeez.

Anai-arrebok:
Beraz, Jainkoak sinesmenaren bidez onartu gaituelarik, bakean gaude berarekin, Jesu Kristo gure Jaunari esker.
Berari esker, sinesmenaren bidez eman digu Jainkoak bere onginahia geureganatzea. Egoera honetan sendo irauten dugu eta harro gaude Jainkoaren aintza iritsiko dugulako itxaropenez.
Eta ez hori bakarrik, harro gaude atsekabeez ere; bai baitakigu atsekabeak eroapena duela ondorio; eroapenak probaldia gainditzeko gai egiten gaituela, eta probaldia gainditzeak itxaropena sendotu egiten duela; eta itxaropenak ez du huts egiten, Jainkoak bere maitasuna isuri baitigu geure bihotzetara, berak emandako Espiritu Santuaren bitartez.

EBANGELIOA

Joan 16,12-15

Aitak duen oro nirea da; Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

Dembora haietan Jesusek bere ikasleei esan zien:
«Badut oraindik hamaika gauza esateko, baina oraingoz ez zarete gauza ondo ulertzeko. Baina egiaren Espiritua etortzean, egia beteraino gidatuko zaituzte. Ez da mintzatuko bere kabuz, baizik eta nik jakinaraziko diodana adierazi eta etorkizuna iragarriko dizue.
Berak nire Jainko-aintza azalduko du, adieraziko dizuena niregandik hartuko baitu.
Aitak duen oro nirea da. Horregatik esan dizuet Espirituak niregandik hartuko duela adieraziko dizuena.

lunes, 17 de mayo de 2010

2010/05/23 - Mendekostearen igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko maiatzaren 23a

Mendekostearen igandea (C)


LEHENENGO IRAKURGAIA

Egiñak 2,1-11

Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi.

Mendekoste-eguna iritsi zenean, toki berean bildurik zeuden guztiak.
Bat-batean, haize-boladarena bezalako burrunba etorri zen zerutik eta beraiek zeuden etxe guztian durundi egin zuen. Orduan, suzko mihiak bezalako batzuk ikusi zituzten, bakoitzaren gainean bana kokatzen.
Denak Espiritu Santuaz bete ziren eta hizkuntza arrotzez hitz egiten hasi, bakoitza Espirituak eragiten zion eran.
Egun haietan judu jainkozale asko ziren Jerusalemen, eguzkiaren azpian diren nazio guztietatik etorriak. Burrunba hura entzutean, hara bildu zen jendea samaldan, eta txunditurik gelditu ziren, nork bere hizkuntzan hitz egiten entzuten baitzien. Zur eta lur , honela zioten: «Mintzo direnok, ez ote dira denak galilearrak? Nola daiteke, bada, guretako bakoitzak bere jatorrizko hizkuntzan horiei entzutea? Baditugu gurekin partiar, mediar nahiz elamdarrak; baita Mesopotamian, Judean nahiz Kapadozian, Ponton nahiz Asian bizi direnak ere; badira gure artean Frigia nahiz Panfiliakoak, Egipto nahiz Zirene inguruko Libia aldekoak, baita erromatarrak ere; eta denok, judu eta juduberri, kretar eta arabiar, Jainkoaren egintza miragarriak geure hizkuntzetan aipatzen entzuten diegu».

SALMOA

Salmoa 103, 1ab y 24ac. 29bc-30. 31 y 34

Zeure Espiritua bidali, Jauna,
eta lurbira berritzen.


Bedeinka beza ene arimak Jauna!
Jauna, ene Jainko, bai handia zarela!
Bai ugariak, Jauna, zuk eginak;
zure sorkariz betea da lurra. R.

Zuk arnasa kentzean, hil egiten
eta hauts bihurtzen.
Zeure arnasa bidali eta berriro sortzen dituzu
eta lurbira berritzen. R.

Betiko izan bedi Jaunaren ospea!
Poz bedi Jauna berak eginekin!
Atsegin bekio nire kanta:
Jaunarengan nik neure poza! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

San Pauloaren Korintoarrei lehen gutuna 12,3b-7. 12-13

Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko.

Anai-arrebok
Inork ere ez duela esaten «Jesus da Jauna» Espiritu Santuak eraginik ez bada.
Era askotakoak dira dohainak, baina Espiritua bat bakarra; era askotakoak zerbitzuak, baina Jauna bat bakarra; era askotakoak egintzak, baina Jainkoa bat bakarra, guztiei egintza guztietara eragiten diena.
Era ezberdinean azaltzen da bakoitzarengan Jainkoak ematen duen Espiritua, baina beti denen onerako.
Gorputzak, bat izan arren, atal asko ditu, baina atal guztiek, asko izan arren, gorputz bat osatzen dute. Gauza bera gertatzen da Kristorekin ere.
Gu guztiok, judu nahiz jentil, esklabo nahiz libre, Espiritu bat beraz izan gara bataiatuak, gorputz bat bakarra egiteko, eta guztioi Espiritu bat bera isuri zaigu.

edo:

San Pauloaren erromatarrei gutuna 8,8-17

Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira.

Anai-arrebok: Giza grinen menpean bizi direnak ezin daitezke Jainkoaren gogoko izan. Zuek, ordea, ez zarete bizi grina horien menpean, Espirituaren menpean baizik, Jainkoaren Espiritua zuengan bizi baita. Norbaitek Kristoren Espiritua ez badu, hori ez da Kristorena.
Kristo zuengan baldin badago, berriz, gorputza bekatuagatik hil egingo den arren, Espirituak badu bizia, Jainkoaren salbamen-indarrari esker. Jesus hildakoen artetik piztu zuen Jainkoaren Espiritua zuengan bizi bada, Kristo hildakoen artetik piztu zuenak berak biziaraziko ditu zuen gorputz hilkorrak ere, zuengan bizi den bere Espirituaren bitartez.
Zorretan gaude, beraz, senideok, baina ez giza grinekin, haien arabera bizitzeko. Horrela bizitzen bazarete, hil egingo zarete; baina Espirituaren bidez giza egintza gaiztoei uko egiten badiezue, bizi egingo zarete.
Jainkoaren Espirituak gidatzen dituenak Jainkoaren seme-alaba dira.
Zuek ez duzue hartu esklabo egingo zaituzten espiritua, berriro beldurpean bizitzera eramango zaituena, alegia; zuek, seme-alaba egiten zaituzten Espiritua hartu duzue, eta Espirituaren bidez «Abba!», hau da, «Aita!», esanez hots egiten diozue Jainkoari.
Espiritu berberak barrutik aitortzen digu Jainkoaren seme-alaba garela; eta, seme-alaba bagara, baita oinordeko ere, Jainkoaren oinordeko eta Kristoren oinordekide; zeren, nekeetan Kristoren kideko garenez gero, aintzan ere beraren kideko izango baikara.

EBANGELIOA

Joan 20,19-23

Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet. Hartzazue Espiritu Santua.

Asteko lehen egun hartan bertan, arratsean, ikasleak etxe batean bildurik zeuden; judu-agintarien beldurrez, ateak itxirik zeuzkaten. Sartu zen Jesus eta, erdian jarririk, agurtu zituen esanez:
«Bakea zuei».
Gero, eskuak eta saihetsa erakutsi zizkien. Pozez bete ziren ikasleak Jauna ikustean. Jesusek berriro esan zien:
«Bakea zuei. Aitak ni bidali nauen bezala, nik zuek bidaltzen zaituztet».
Eta haien gainera arnasa botaz, esan zien:
«Hartzazue Espiritu Santua. Zuek bekatuak barkatzen dizkiezuenei barkatu egingo dizkie Jainkoak ere; zuek barkamena ukatzen diezuenei, ukatu egingo die».

edo:

Joan 14, 15-16. 23b-26

Espiritu Santua gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia.

Egun hauetan, Jesusek bere ikasleei esan zuen:
“Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak. Nik Aitari eskatuko diot eta beste Laguntzaile bat emango dizue, beti zuekin izango dena.”
“Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko.
Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik”.
“Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko”.

domingo, 9 de mayo de 2010

2010/05/16 - 7. Pazko Igandea - Jainkoaren Igokundea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko maiatzaren 16a

7. Pazko Igandea - Jainkoaren Igokundea (C)

LEHENENGO IRAKURGAIA

Eginak 1, 1-11

Gorantz igo zen haien begi aurrean.

Teofilo maitea: Neure lehen liburuan, hasieratik zerura jasoa izan zen eguna arte Jesusek egin eta irakatsi zuen guztiaz idatzi nuen. Zerura igo aurretik, Espiritu Santuaren eraginez azken aginduak eman zizkien berak aukeratutako apostoluei. Jesus apostoluei agertu zitzaien bere heriotzaren ondoren eta bizirik zegoeneko froga asko eman zizkien, berrogei egunez bere burua ikustera emanez eta Jainkoaren erregetzaz hitz eginez.
Haiekin bazkaltzen ari zen batean, honela agindu zien: «Ez alde egin Jerusalemdik, zaudete nik Aitaren partetik egin dizuedan agintzariaren zain.
Joanek urez bataiatu zuen, baina zuek egun gutxi barru Espiritu Santuaz bataiatuak izango zarete».
Jesus zerura igo
Orduan, Jesusekin bildurik zeudenek galdetu zioten:
–Jauna, orain ezarriko al duzu berriro Israelgo erreinua?
Jesusek erantzun zien:
–Aitak bakarrik du hori erabakitzeko ahalmena, eta ez dago zuen esku zein aldi edo unetan gertatuko den jakitea. Baina zuen gain jaitsiko den Espiritu Santuaren indarra hartuko duzue, eta nire lekuko izango zarete Jerusalemen, Judea osoan, Samarian eta lurraren bazterreraino.
Hau esanik, gorantz igo zen Jesus haien begi aurrean, hodei batek begietatik ezkutatu zien arte. Oraindik zerura nola zihoan begira-begira zeudela, zuriz jantzitako bi gizaseme azaldu zitzaizkien ondoan, eta esan zieten: «Galilearrok, zertan zaudete hor zerura begira? Zuen ondotik zerura jasoa izan den Jesus hori, zerura joaten ikusi duzuen bezalaxe etorriko da berriro».

SALMOA

Salmoa: 46, 2-3. 6-7. 8-9

Irrintzi artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.


Herri guztiok, egin txalo,
egin pozez oihu eta irrintzi Jainkoari.
Izugarria baita Jauna, Goi-goikoa,
mundu osoaren errege handia. R.

Irrintzi artean igo da Jainkoa,
turuta-soinuz Jauna.
Kanta Jainkoari, kanta!
Kanta gure erregeari, kanta! R.

Jainkoa mundu osoaren errege:
kanta hari trebeki!
Jainkoa nazioen errege da,
bere tronu santuan eseria dago. R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Efesoarrei 1, 17-23

Zeruan bere eskuinaldean eserarazi.

Anai-arrebok, Jesu Kristo gure Jaunaren Jainkoak, aintza guztia dagokion Aitak, jakinduria eta goi-argia eman diezazkizuela, bera zer-nolakoa den sakonki ezagutzeko. Argi ditzala zuen barruko begiak, jakin dezazuen zer itxarotera deitu zaituzten, zein zoragarria den fededunentzat ondare gisa prestatua duen aintza eta zein handia den sinestedunen alde erabiltzen duen bere ahalmena. Indar ahaltsu hori Kristorengan erakutsi zuen Jainkoak, hura hildakoen artetik piztu eta zeruan bere eskuinaldean eserarazi zuenean. Munduko aginte, botere, indar eta nagusigo ororen gainetik eta, mundu honetan ez ezik, datorren munduan ere aipagarri den edozeinen gainetik ezarri zuen. Dena jarri du Jainkoak Kristoren oinazpian, eta berau egin du denen gainetik Elizaren buru. Eliza haren gorputza da, unibertsoa erabat betetzen duen Kristok erabat betea.

edo:

Hebertarrei: 9, 24-28; 10, 19-23

Kristo zeruan bertan sartu zen.

Kristo ez zen sartu gizakiek egindako santutegian –egiazkoaren irudi besterik izango ez zen batean–, zeruan bertan baizik, orain Jainkoaren aurrean gure alde agertzeko; eta ez zen sartu behin eta berriz bere burua opari eskaintzeko, apaiz nagusia santutegian berea ez duen odolarekin urtean behin sartzen den bezala. Bestela, hil ere askotan hil behar izango zuen mundua mundu denetik gaur arte. Baina ez, Kristo behin bakarrik agertu da orain, azkenak diren garai hauetan, bere buruaren opariaz bekatua desegiteko. Eta gizon-emakumeek behin bakarrik hil behar dutela eta gero auzia izango dela erabakita dagoen bezala, halaxe Kristo ere: behin bakarrik izan zen oparitzat eskainia guztien bekatuak desegiteko, eta gero bigarrenez agertuko da, bekatuarekin zerikusirik gabe, beraren zain daudenak salbatzera.
Anai-arrebok, Jesu Kristoren odolari esker konfiantza dugu santutegian sartzeko, Jesusek errezelean barrena –hau da, bere gorputzean barrena– bide berri eta bizia ireki baitigu. Jesus apaiz handia Jainkoaren etxeko buru dugunez, hurbil gakizkion bihotz zintzoz eta sinesmen osoz, barrua bekatu-kontzientzia guztitik garbiturik eta gorputza ur garbiz txukundurik. Iraun dezagun sendo itxaropena aitortuz, leiala da-eta hitza eman diguna.

EBANGELIOA

Lukas 24, 46-53

Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten.

Denbora hauetan, Jesusek ikasleei esan zien: «Idatzia zegoen Mesiasek sufritu egin behar zuela eta hirugarren egunean hildakoen artetik piztu, eta, Jerusalemdik hasita, herri guztiei bihozberritzeko hots egin behar zaiela, bekatuak barka dakizkien. Zuek zarete honen guztiaren lekuko. Eta nik, neure Aitak agindutako dohaina, Espiritu Santua, bidaliko dizuet. Zuek egon hemen, hirian, Jainkoarengandiko indarraz jantzi zaitezten arte».
Ondoren, Betania aldera atera zituen Jesusek ikasleak, eta, eskuak altxaturik, bedeinkatu egin zituen. Bedeinkatzen zituen bitartean, haiengandik aldendu egin zen, eta zerura eraman zuten. Haiek, Jesus ahuspez gurtu ondoren, Jerusalemera itzuli ziren poz-pozik. Eta etengabe tenpluan egon ohi ziren Jainkoa goresten.

domingo, 2 de mayo de 2010

2010/05/09 - 6. Pazko Igandea (C)


Hasiera ..... A Zikloa ..... B Zikloa ..... C Zikloa ..... Castellano


2010eko maiatzaren 9a

6. Pazko Igandea - C

LEHENENGO IRAKURGAIA

Eginak 15, 1-2. 22-29

Espiritu Santuak eta guk zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik erabaki dugu

Egun hauetan, Judeatik Antiokiara jaitsi ziren batzuk hango senideei irakaspen hau ematen hasi ziren: «Moisesengandiko usadioaren arabera erdaintzen ez bazarete, ez zaitezkete salba».
Hori zela eta, sesioa sortu zen, eta Paulok eta Bernabek eztabaida gogorra izan zuten haiekin. Orduan, Paulo, Bernabe eta beste batzuk Jerusalemera igo zitezela erabaki zuten, apostolu eta arduradunengana, auzi hori argitzera.
Orduan, apostoluek eta arduradunek, eliz elkarte osoarekin bat, beren arteko batzuk hautatu eta Paulo eta Bernaberekin Antiokiara bidaltzea erabaki zuten. Judas Barsaba eta Silas hautatu zituzten, senideen artean itzal handiko gizonak biak, eta gutun hau eman zieten eramateko:
«Anaia apostoluek eta arduradunek Antiokiako, Siriako eta Ziliziako jentil-herrietako senideoi, agur! Gutakoren batzuek, guk agindu gabe, beren esanez kezkatu eta nahastu zaituztela jakin dugu. Horregatik, ordezkari batzuk hautatzea erabaki dugu aho batez, eta zuengana bidaltzea Bernabe eta Paulo geure senide maiteekin, beren bizitzak Jesu Kristo gure Jaunaren zerbitzuan eman dituzten horiekin. Hor bidaltzen dizkizuegu, bada, Judas eta Silas, gauza bera ahoz jakinaraz diezazueten. Hau da Espiritu Santuak eta guk erabaki duguna: zuei zamarik ez ezartzea, behar-beharrezko diren hauek izan ezik: ez dezazuela jan sasijainkoei eskainitako haragirik, ezta odolik nahiz odolustu gabeko abererik ere, eta utz ditzazuela legearen kontrako sexu-harremanak. Ongi egingo duzue horrelakoetatik alde egiten baduzue. Ondo izan!»

SALMOA

Salmoa: 66, 2-3. 5. 6. 8

Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!.


Erruki gutaz, oi Jainko, bedeinka gaitzazu,
erakutsi guri aurpegi argia,
ezagut dezan munduak zure nagusitza,
jentil-herriek zure garaipena. R.

Kanta bezate nazioek pozaren pozez,
mundua justiziaz zuzentzen baituzu,
herriak zuzentazunez gobernatzen,
nazioak munduan zuk gidatzen. R.

Goraipa zaitzatela herriek, oi Jainko,
goraipa zaitzatela herri guztiek!
Bedeinka gaitzala Jainkoak,
izan biezaio begirune mundu osoak! R.

BIGARREN IRAKURGAIA

Apokalipsia 21, 10-14. 22-23

Hiri santua erakutsi zidan, zerutik, jaisten.

Espirituak hartu ninduen eta aingeruak mendi handi eta garai batera eraman ninduen; Jerusalem hiri santua erakutsi zidan, zerutik, Jainkoarengandik, jaisten, Jainkoaren aintzaz dirdaitsu. Haren distira harribitxi ederrarena bezalakoa zen, jaspe harria bezain gardena. Harresi sendo eta garaia zuen, hamabi atekoa, eta ate gainetan hamabi aingeru. Hamabi izen zituzten idatziak, israeldarren hamabi leinuen izenak. Hiru ate zeuden ekialdera, hiru iparraldera, hiru hegoaldera eta hiru mendebaldera. 14 Hiriko harresiak hamabi oinarri zituen, eta hauetan idatziak Bildotsaren hamabi apostoluen izenak.
Ez nuen inolako tenplurik ikusi, zeren Jauna, Jainko ahalguztiduna, eta Bildotsa baitira hango tenplu. Hiriak ez du argituko duen eguzki nahiz ilargirik behar, Jainkoaren aintzak baitu argitzen eta Bildotsa du kriseilu.

EBANGELIOA

Joan 14, 23-29

Espiritu Santuak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia.

Jesusek erantzun zion:
–Maite nauenak onartuko du nire mezua; nire Aitak maite izango du, eta Aita eta biok berarengana etorriko gara eta berarengan biziko. Maite ez nauenak, ordea, ez ditu onartzen nire hitzak. Eta adierazi dizuedan mezua ez dut neurea, bidali nauen Aitarena baizik.
«Zuekin naizen artean esan dizuet hau guztia. Baina Aitak Laguntzailea, Espiritu Santua, bidaliko dizue nire izenean, eta berak gogoraraziko dizue nik irakatsitako guztia eta ulertzen lagunduko.
«Agurtzerakoan, bakea, neure bakea, ematen dizuet; nik ematen dizuedan bakea ez da munduarena bezalakoa. Ez kezkatu, ez izan beldur. Entzun duzue esan dizuedana: “Banoa, baina itzuliko naiz zuengana”. Benetan maite baninduzue, poztu egingo zinatekete Aitarengana noalako, Aita ni baino handiago baita. Eta orain esan dizuet, gertatu baino lehen, gerta dadinean sinets dezazuen.