Igandeko Ebangelioa eta Irakurgaiak
2010eko abenduaren 5a
Abendualdiko 2. igandea (A)
LEHENENGO IRAKURGAIA
Beraren gainean kokatuko da
Jaunaren Espiritua.
Isaias 11,1-10
Kimu bat aterako da
Jeseren zuhaitz-ondotik,
adaxka bat erneko
haren sustraietatik.
Beraren gainean kokatuko da
Jaunaren Espiritua:
jakinduriaz eta adimenez beteko du,
kontseilari zuhur egingo
eta kemenez jantziko,
Jainkoa ezagutzen
eta haren esaneko izaten
irakatsiko dio.
Jainkoarenganako begirunea
izango du pozbide.
Ez du itxuratik bakarrik epaituko,
ez du entzundako hutsetik
erabakiko.
Jende xehea zuzenbidez
epaituko du,
lurraldeko dohakabeen eskubideak
defendatuko.
Makilaz bezala zigortu eta hilko ditu
bere hitzez herriko gaiztoak.
Justiziak eta leialtasunak
inguratuko dute,
gerrikoak gerria bezala.
Orduan, otsoa eta bildotsa
elkarrekin biziko dira,
lehoinabarra eta antxumea
elkarren ondoan etzango;
zekorra eta lehoikumea
batera haziko dira,
eta haurtxo batek zainduko ditu.
Behia eta hartz emea
elkarrekin larratuko dira
eta haien umeak batera etzango.
Lehoiak lastoa jango du,
idiaren antzera.
Bularreko haurra
suge-zuloetan jolastuko da,
sugegorri-habian sartuko du eskua.
Nire mendi santu osoan
ez du inork kalterik,
ez hondamendirik egingo,
Jaunaren ezagupenak beteko baitu
lurralde osoa, urak itsasoa bezala.
Egun hartan,
Jeseren zuhaitz-ondoko kimua
bandera gisa altxatua izango da,
herri guztien begi aurrean;
nazioak bila joango zaizkio
eta ospetsua izango da
haren egoitza.
SALMOA
Salmoa 71, 1-2. 7-8. 12-13. 17
R.
Haren egunetan, lora bedi justizia,
ugaldu bakea eta ongizatea, betiko arte!
Ene Jainko, emaiozu zeure zuzentasuna erregeari,
zeure justizia erregearen semeari.
Goberna beza zure herria justiziaz,
zure dohakabeak zuzenbidez. R.
Haren egunetan, lora bedi justizia,
ugaldu bakea eta ongizatea, ilargia itzali arte!
Izan bedi nagusi itsasotik itsasora,
lurraren bazter batetik bestera. R.
Berak libratuko du laguntza eske oihuka ari den behartsua,
nork defendaturik ez duen dohakabea.
Gupida izango die gizagaixo eta pobreei,
bizia salbatuko behartsuei. R.
Iraun beza haren izenak betiko, eguzkiak adina!
Bedeinkatuak bitez harengan ondorengoak,
Zoriontsu nazio guztiak! R.
BIGARREN IRAKURGAIA
Egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala.
Erromatarrei 15,4-9
Liburu Santuetan idatzia dagoen guztia gure ikasbiderako dago idatzia, geure eroapenaz eta Liburu Santuek ematen duten adoreaz itxaropenari euts diezaiogun.
Eroapenaren eta adorearen iturri den Jainkoak eman diezazuela elkar ongi hartzea, Jesu Kristok nahi bezala. Horrela, bihotz batez eta aho batez goretsiko duzue Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita.
Beraz, egiozue harrera ona elkarri, Kristok zuei harrera ona egin zizuen bezala, Jainkoaren aintzarako.
Izan ere, Kristo juduen zerbitzari egin zen, Jainkoak arbasoei eginiko agintzariak betetzeko eta, horrela, Jainkoaren leialtasuna agertzeko; eta jentilen zerbitzari ere egin zen, bere errukiagatik Jainkoa gorets zezaten. Hau dio, hain zuzen, Liburu Santuak:
«Horregatik,
atzerritarren artean goretsiko zaitut,
eta zure omenez kantatuko dut.»
EBANJELIOA
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.
Mateo 3,1-12
Garai hartan agertu zen Joan Bataiatzailea, Judeako basamortuan honela hots eginez: «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».
Joan honi buruz esan zuen, hain zuzen, Isaias profetak:
«Ahots bat oihuka
ari da basamortuan:
Prestatu bidea Jaunari,
zuzendu bidexkak hari.»
Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko, eta matxinsaltoak eta basaeztia zituen janari.
Jerusalem hiriko, Judea osoko eta Jordan inguru guztiko jendea harengana joaten zen, eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.
Fariseu eta saduzear askori, bataiatzera zetozela ikustean, honela esan zien Joanek: «Sugekumeok! Nork esan dizue gainean duzuen haserre-zigorrari ihes egingo diozuela?
Ager ezazue zeuen jokabideaz bihozberrituak zaudetela, eta ez pentsa nahikoa duzuenik “Abrahamen ondorengo gara” esatea. Egia esan, honako harri hauetatik ere atera ditzake Jainkoak Abrahamen ondorengoak.
Prest dago aizkora zuhaitza hondotik jotzeko: fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sutara botako da.
Nik urez bataiatzen zaituztet bihozberri zaitezten; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuago da, eta ni ez naiz inor hari oinetakoak eranzteko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.
Eskuan dauka sardea, eta garia garbitzera doa: alea mandioan jasoko du; lastoa, ordea, inoiz itzaliko ez den sutan erreko».