Igandeko Ebanjelioa eta Irakurgaiak.
Igandeko izenburuan "klik" egin, Irakurketak eta Ebanjelio irakurtzeko, partekatzeko, jaisteko edo inprimatzeko. Baita ere goiko menuan
A Zikloa,
B Zikloa edo
C Zikloa aukeratu, zikloaren ebanjelioak irakurtzeko.
--------------------------------------------------------------------------------------------------------
Garizumako 1. Igandea (C)
LEHENENGO IRAKURGAIA
Aukeratutako herriaren fede aitortzea.
Deuteronomioa liburutik 26,4-10
Apaizak zure
eskuetatik saskia hartu eta Jaunaren zure Jainkoaren aldare aurrean ipiniko du.
Orduan, aitorpen hau egingo duzu Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean:
“Nire aita
noraezean zebilen aramearra zen. Berekin lagun-taldetxo bat besterik ez zuela,
Egiptora joan eta etorkin bezala bizi izan zen han. Egipton herri handi,
ahaltsu eta jendetsu bihurtu zen. Baina egiptoarrek tratu txarra eman ziguten,
zapaldu eta esklabotza gogorra ezarri. Orduan, oihu egin genion Jaunari
arbasoen Jainkoari laguntza eske, eta Jaunak entzun egin zituen gure garrasiak,
errukarri, sufrimenduz josirik eta zapaldurik ikusi baikintuen.
“Jaunak Egiptotik
atera gintuen ahalmen handiz eta esku indartsuz, mirari eta egintza
harrigarriak eginez, etsaiengan izua sortuz. Eta toki honetara ekarri gaitu,
eta esnea eta eztia darizkion lurralde hau eman.
“Orain, beraz,
hemen dakartzat, Jauna, zeuk eman didazun lurreko emaitzen lehen fruituak”.
Hori esanik,
Jaunaren zeure Jainkoaren aurrean ezarriko duzu eskaintza eta beraren aurrean
ahuspeztuko zara.
Jaunak esana.
SALMOA
Salmoa 90, 1-2. 10-11. 12-13. 14-15
R.
Nirekin, Jaunarekin, dago atsekabean.
Goi-goikoaren
aterpean bizi zaren horrek,
gaua Ahaltsuaren itzalpean ematen duzun horrek,
esazu:
«Oi Jauna, zu ene
babesleku eta gaztelu;
ene Jainko, zuregan dut uste on!» R.
Ez zaizu
zoritxarrik gertatuko,
ez da zure etxera hondamenik iritsiko.
Bere aingeruei
aginduko die zu nonahi ere zaintzeko. R.
Besoetan eramango
zaituzte,
harriekin estropezu egin ez dezazun.
Suge pozoitsuen
gainean ibiliko zara,
basapiztiak oinazpian hartuko. R.
«Niri atxikia
dagoenez gero, onik aterako dut,
toki seguruan jarriko, aitortzen nauelako.
Dei egitean,
erantzun egingo diot.
Berekin izango
nau larrialdian:
libratu egingo dut eta ohorez jantziko. R.
BIGARREN IRAKURGAIA
Jesukristorengan sortzen duenaren fede aitortzea.
San Paulo Apostoluak Erromatarrei egindako lehenengo gutunetik 10,8-13
Zer dio, orduan,
Liburu Santuak?
Esku-eskura duzu hitza,
zeure ahoan eta zeure bihotzean.
Hitz hori , hain
zuzen, guk hots egiten dugun fedearen mezua da.
Izan ere, zeure
ahoz Jesus dela Jauna aitortzen baduzu, eta zeure bihotzean Jainkoak hildakoen
artetik piztu zuela sinesten baduzu, salbatu egingo zara. Zeren, bihotzez
sinesten duena onartu egiten baitu Jainkoak, eta ahoz aitortzen duena salbatu
egiten da. Hau dio Liburu Santuak: Harengan sinesten duenak ez du huts egingo.
Judua izan ala ez, ez dago bereizketarik, bat bera baita guztien Jauna, dei
egiten dioten guztientzat eskuzabala. Izan ere, Jaunari dei egin diezaiona
salbatuko da.
Jaunak esana.
Ebanjelio aurretik txatala Mt 4,4b
Gizakia ez da
ogiz bakarrik bizi,
baizik Jainkoak
esaten duenetik bizi da.
EBANJELIOA
Espirituak eramanik, basamortuan barrena ibili zen, deabruak tentatzen
zuela.
+ Jesu Kristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik 4,1-13
Jesus Espiritu
Santuaz betea itzuli zen Jordandik. Espirituak eramanik, basamortuan barrena
ibili zen berrogei egunez, deabruak tentatzen zuela. Egun haietan ez zuen ezer
jan, eta azkenean gosetu egin zen. Deabruak esan zion, orduan:
– Jainkoaren
Semea zarenez, agindu harri honi ogi bihurtzeko.
Jesusek erantzun
zion:
– Liburu Santuan
idatzia dago: Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi.
Ondoren,
deabruak, toki garai batera eramanik, munduko erreinu guztiak erakutsi zizkion
une batean eta esan zion:
– Hara, neureak
ditut erreinu ahaltsu eta aberats guztiok eta nahi dudanari eman diezazkioket.
Beraz, adoratzen banauzu, zeuretzat izango dituzu.
Jesusek erantzun
zion:
– Idatzia dago:
Adoratu Jauna, zeure Jainkoa, eta bera bakarrik gurtu.
Orduan,
Jerusalemera eraman zuen deabruak eta, tenpluaren goreneko ertzera jasorik,
esan zion:
– Jainkoaren
Semea zarenez, bota zeure burua hemendik behera, idatzia baitago: Bere
aingeruei aginduko die zu zaintzeko. Besoetan eramango zaituzte, harriekin
estropezu egin ez dezazun.
Baina Jesusek
erantzun:
– Agindua dago:
Ez tentatu Jauna, zeure Jainkoa.
Orduan, bere
tentazio guztiak agorturik, deabruak alde egin zuen Jesusengandik, hurrengo
egokiera arte.
Jaunak esana.